Albistea entzun

Donibane Garazi

Bestaren irudia aldatu nahian

Betagarri entzuteko gonbita egin dute gaur Donibane Garaziko besten karietara.

«Pario» horrez gain, ekitaldi andana bat izango da igandera arte Baxenabarreko hiriburuan
Betagarri musika taldeak kontzertua emanen du gaur Donibane Garaziko merkatu estalian. Irudian, EHZ jaialdiko zuzenekoa.
Betagarri musika taldeak kontzertua emanen du gaur Donibane Garaziko merkatu estalian. Irudian, EHZ jaialdiko zuzenekoa. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Nora Arbelbide -

2015eko abuztuak 14 - Baiona

Betagarri Gasteizko ska-rock taldearekin hasiko dira, gaur, Donibane Garaziko bestak. Gonbidapen hori «pario bat» dela azaldu du Donibane Garaziko Gazteriak besta batzordeko kide Kamila Gratienek. Azken urteetako herriko bestetan ez baitute gisa bereko «kontzertu handirik» antolatzeko usaiarik izan. «Ostatu bestaren irudi hori aldatu nahi genuke», gehitu du Gratienek. Donibane Garazin ostatu andana bat badenez, ostatuz ostatu ibiltzeko ohitura bada bestetan. Aldi honetan, bestazaleak merkatu estalira bilduko direla espero du Gratienek, «ez direla ostatuan egonen musika komertziala entzuten». Donibane Garazi Baxenabarreko hiriburu ere badela berresteko molde bat ikusi du horrekin: «Euskal talde bat deitu dugu egun horren markatzeko».

Kontzertura erakartzeko gisan komunikazioa anitz lantzen ahalegindu dira besta batzordekoak. Parioak funtzionatzen baldin badu, «hurrengo urteentzat xantza gehiago ukanen dugu berriz gisa bereko ekitaldiak antolatzeko, eta, agian, beharbada, talde oraino handiagoekin». Berez, ez du deus ostatuko besta giroaren aurka Gratienek, baina Donibane Garaziko gazteek ere «besten antolakuntzan leku bat» nahi izan dute. Orain arte egiten zutenaz gain: zikiroa, taloak eta elkarteen eguna.

Aurten ere berriz antolatzekoak dituztenak, funtsean. Zikiroa, baina, ez dute asteburu honetan prestatuko, igandera arte iraunen duen hiru eguneko egitaraua jadanik betea baitute. Bihar arratseko taloak, aldiz, aurten ere erreko dituzte. Eta elkarteen eguna ere eginen dute aurten, beste zazpi elkarterekin: AEK, gaztetxea, Nafarroa errugbi taldea, Garazikus, Herrira, Garazt'art, Garaztarrak, Bizi barnealde eta Avenir.

Aitzineko urteetako elkarteen egunak giro goxoan iraganik, aurten indartu nahi izan dute, gainera. Elkarte guztiek maila berean parte hartzea nahi izan dute. Aitzineko urteetan, besta batzordekoek zuten antolaketaren alde nagusia beren gain. Aurten, bai erabakiak hartzerakoan, bai muntatze eta desmuntatze lanetan, denek dute parte hartuko. Elkarteen egunaren bidez, besta egun bat eskaintzeaz gain, tokiko elkarteen ezagutarazteko aukera ematea ere badute xede: «Gertatzen baita herri batzuetan bizitzea, jakin gabe zein elkarte baden herrian bertan», Gratienen hitzetan. Adibide gisa, Bizi elkartearen barnealdeko adarra hartu du Gratienek: «Igandeko egunean urriaren 11n Garazin antolatzekoa duten alternatiba egunaren aurkezteko parada ukanen dute».

Egunaren egitaraua bera aberastu nahi izan dute orobat antolatzaileek. Dela dantzarekin, Garaztarrak dantza taldearen Istan't azken ikusgarriarekin, dela Buuzbu eta Joxe Replay taldeekin, besteak beste.

Gainerateko ekitaldien artean, usaiako beste guztiak eginen dira Baxenabarreko hiriburuan. Garaziko gaztetxeak gaueko ostatu basa antolatzekoa du bihar, adibidez. Hori Horiak peñak, gaurko 19:30erako, zazpi kilometroko Garazi'dlaktik lasterketa finkatua du, zazpigarren aldikoz. Beste zenbait ekitaldi aipatzekotan, bihar gauean Berri Good taldea ariko da herriko etxearen aitzinean, 21:30ean. Eta 23:00etan, usaiako agorrilaren 15eko suziriak botako dituzte.

Plaza Gorria berriz

Aurten berriz jarriko dute Plaza Gorria. Azken urteetan, bazterrera utzi behar izan zuten egitasmoa, baina aurten berriz elkartu dira Xilintxa ostatua, AEK eta euskal presoen aldeko batzordea. Hiru lokalen artean animatuko duten plaza da. Oholtzan kontzertuak izango dira gaur eta bihar. Bihar, konparazione, Petti artista nafarra da aritzekoa. Eta, oholtzaren hiru izkinetan —dela Xilintxa ostatuan, dela AEKren lokalean, dela euskal presoen sostengu batzordearenean—, izanen da zer jan eta zer edan. Bihar, bestalde, euskal preso eta iheslarien aldeko sostengu bazkaria dute sostengu batzordekoek, merkatu estalian.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Zorroztasuna funtsezkoa da kazetaritzan»

Urtzi Urkizu

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kazetarien elkargoko dekano eta Euskal Kazetarien Elkarteko presidente izendatu dute Goikoetxea. Dioenez, kazetariek baldintza onak behar dituzte.
 ©GORKA RUBIO / @FOKU

«Galtzen ari den lan bat azaleratu nahi dut»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Ontzi bat da, esamolde bat da, eta arrantzalearen azalean jarri nahi bat da 'Axalian'. Izen hori jarri dio Ortolaizek Zarauzko Photomuseumen paratu duen erakusketari: «Mundu eder bat da itsasoa».
Jon Mirande, eskuinean, Bretainiar Elkartearen Saria ekitaldian, 1969. ©Z / EZEZAGUNA

De viris illustribus: Jon Mirande bretainiarra

Miel A. Elustondo

Euskaraz baino lehen ikasi zuen bretoieraz Jon Mirandek Parisen. Euskaldunak lagun egin baino lehen, bretainiarrak egin zituen adiskide. «Gazte haien karra! Askok ez zekiten haurretatik beren herriaren hizkuntza, baina ikasi zuten eta bretoieraz ari dira beti. Guk, aldiz...», idatzi zuen. Goulven Pennaod bretainiarrarena dugu jakilegoa, Txomin Peillenek 1976an bildua.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.