Hutsetik hasteko itzulera

Bosgarren diskoa aurkeztu du Lapurdiko laukoteak: 'Tabula Rasa'. Lehen aldiz, ekoizle batekin egin dute lan. Hainbat kontzertu iragarri dituzte hurrengo asteetarako

Willis Drummond taldeko kideak diskoaren aurkezpenean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
«Digestioa» egiteko geldialdia egitea erabaki zuten 2014an Willis Drummondeko kideek, bi urtetan 200 kontzertu baino gehiago eman ondoren. Digestio hori bukatu da, eta bihar kaleratuko duten diskoaren izenak ongi islatzen du zer nolako prozesua jarraitu duten orain arte: Tabula Rasa. Hain zuzen, lanak aldaketa garrantzitsu batzuk dakartza aurrekoekin alderatuta: alde batetik, ekoizle batekin lan egin duten lehen aldia izan da, eta, bestetik, euren zigilu propioa sortu dute diskoa kaleratzeko, betidanik izan duten «askatasunaren» seinale.

Taldearen egitura ere aldatu da 2012an laugarren diskoa argitaratu zutenetik. Boskote izatetik laukote izatera igaro dira; Rafa Rodrigo gitarra jotzaileak taldea utzi zuen duela hilabete batzuk, baina horrek ez du taldearengan zalantzarik sortu. «Jendeak sarri galdetzen digu ea beldurrik dugun fase berri honetan, baina ez dugu batere. Ilusio handiarekin gaude», adierazi du Xan Bidegain taldeko baxu jotzaileak. Aspalditik ezagutzen dute elkar Bidegainek eta taldeko abeslari eta gitarra jotzaileak, Jurgi Ekizak: duela hogei urte hasi ziren elkarrekin jotzen. Baina guztiek daramate denbora dezente elkarrekin. Horregatik, taldea baino gehiago, lagunak direla diote. Joseba B. Lenoir gitarra jotzailearekin osorik eginduten lehen diskoa izan da Tabula Rasa; 2012an A ala B (Bidehuts) kaleratu zutenean ez zegoen oraindik taldean. Bi urte geroago iritsi zen bera.

Autoekoizpena

Estudioko lau disko dauzka taldeak: Anthology (Autoekoizpena, 2007), Willis Drummond (2009), Instanteak (2011) eta A ala B (2012), azkeneko hirurak Bidehutsekin kaleratutakoak. Oraingoan, ondorio «logikoa» iruditu zaie lehen aldiz haien zigilu propioa sortzea, Tabula Rasa Records, gauzak beti haien gisara egin dituztelako. «Talde independentea izan gara beti; hortaz, zentzu handia zuen urrats hori egiteak», azaldu du Felix Buff bateria jotzaileak.

Zigilua ez da berritasun bakarra izan: Burke Reid ekoizle kanadarraren laguntza izan dute abestiak grabatu eta nahasteko. «Ezagutzen ditugun musika talde batzuen abestiak grabatu eta nahasi ditu, eta horregatik nahi genuen harekin lan egin». Besteak beste, The Drones taldearekin eta Courtney Barnett abeslari australiarrarekin egin du lan Beurkek.

Bidegainen arabera, Beurkekin egindakoa kolaborazioa izan da, «zentzu guztietan». Duela hamar urte hasitakoa «fintzen» lagundu die ekoizle australiarrak. Baxu jotzailearen hitzetan, Beurkek«oso ondo» harrapatu du taldearen «esentzia». «Soinu homogeneoa eta aberatsa lortu du, eta ongi islatu du zer garen». Tabula Rasa-ren esanahiaz ere aritu da musikaria: «Diskoa sortzean eduki dugun animo egoera eta espirituaren erakusgarri da», azaldu du. Zerotik hasteko gogoa zeukatela dio.

Lan berriaren hamaika abestiak hiru astez grabatu eta nahasi zituzten Beran (Nafarroa), Iñigo Irazokik duen Atala estudioan. Haien zuzenekoetako teknikaria da Irazoki, eta horrek «familia kutsua» eman dio grabaketari. «Prozesu berezia izan da, ez baitugu aste batetik bestera erabaki diskoa grabatzea». Halere, batere presiorik gabe egin dute grabaketa, diotenez. Musika izan da hiru aste horietan egin duten gauza bakarra. «Ez da erraza ezezaguna zaizun estudio batera sartzea, baina grabaketa prozesu oso interesgarria bizi izan dugu», nabarmendu du Bidegainek. «Irazokirekin konexio berezia dugu».

Aurrekoetan bezala, oraingoan ere Felix Zabalegi artista irundarraren esku egon da diskoaren diseinua. «Normalean, ilustrazioaren bidetik joan da, baina, oraingoan, argazkilaritzarekin esperimentatzen ibili da», esan du Lenoirrek. Emaitzarekin «pozarren» daudela azpimarratu du gitarra jotzaileak.

Haien estiloaz galdetuta, Ekizak adierazi du ez diotela ematen batere garrantzirik horri. «Batzuek post hardcorean sartzen gaituzte, besteek punk rockean... baina guk ez diogu halako galderarik egiten geure buruari».

2014ra arte egindako bira arrakastatsuak gogoan, hamabi kontzertuko bira hasiko dute larunbatean Bartzelonan, eta, Euskal Herrian ibiltzeaz gain, Herbehereetan ere hiru kontzertu eskainiko dituzte. Durangoko Plateruenan arituko dira zuzenean, abenduaren 2an. Horretaz gain, hurrengo astetik aurrera haien aurreko disko guztiak berrargitaratuko dituztela iragarri dute, berritasun batzuekin. Binilo formatuko diskoa ere eskuragarri jarriko dute aurrerago Interneten, aurresalmenta bidez.

Taldeari buruzko dokumentala ikusteko, bisitatu webgune hau:

www.badok.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.