Bilboko Aste Nagusia

Giro goibela, tripa alai

Parte hartzaile ugari eta dastatzaile gehiago izan da konpartsen arteko lehen pintxo lehiaketan.Txipiroia izan da sukaldariek prestatutako plater gehienen osagai nagusia

Pintxo lehiaketako parte hartzaileak, pozik, egindako lana erakusten. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2014ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Eguraldi petralak ezin izan zuen zapuztu konpartsen jai giroa. Txosnak jendez lepo eta barrak hainbat pintxoz josita egon ziren atzo goizean. Era guztietako pintxoz, alegia; tortilla, txorizoa, solomoa... Ordea, txipiroi pintxoak izan ziren nagusi.

Lehen aldiz antolatu dute pintxo lehiaketa aurten Bilboko konpartsek. Jendea txosna girora goizetik gerturatzea da ekintza horren helburua, Itsaso Delgado Uribarri konpartsako kideak azaldutakoaren arabera. Konpartsakide Eguna izan zen uztailaren 19an, eta, egun horretan egin zuten pintxo lehiaketan, txipiroia hartu zuten osagai berezi gisa. «Egun horretako lehiaketa oso ondo irten zen», esan zuen Delgadok. «Beraz, gaur [atzo] ekintza eta osagai berbera errepikatzea otu zaigu».

Hainbat konpartsak parte hartu zuten pintxo lehiaketan atzo. Bakoitzak irudimena landu eta beste osagai batzuekin uztartu zuen txipiroia. Uribarri konpartsakoek, esaterako, txipiroi piper eta arrautzez betetako tartaleta egin zuten.

Konpartsa bakoitzak nahi zuen eran aurkeztu zuen lehiaketarako eginiko pintxoa. Olatz Agirre Txori Barrote konpartsako kidea pozik zegoen lortutako emaitzarekin. «Txapel eta guzti egin dugu guk pintxoa. Txanpiñoia erabili dugu horretarako. Dotore jarri dugu, soja saltsa pixka batekin; txanpiñoia eta txipiroia era sinplean egin ditugu, baina oso ona irten zaigu».

«Pintxo-poteo izaera»

Prezio apalak jarri zituzten. Izan ere, jai giroa egunetik piztea eta jendea hara erakartzea zen helburua. «Jendea erakartzeko, pintxo-poteo izaera eman nahi izan diogu jaiari», azaldu zuen Delgadok. Euro eta erdian jarri zituzten pintxoa eta edaria atzo. Eta eguerdi aldera konpartsetara joaten zirenek aukera izan zuten haiekin gozatzeko eta tarte luzeagoz han geratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.