Denbora destilatzea

Bruce Davidson argazkilari iparramerikarraren bost hamarkadako ibilbidea laburbiltzen duen erakusketa zabaldu dute Bilboko Rekalde aretoan. Guztira, egilearen 200 irudi inguru batu dituzte

Inigo Astiz
Bilbo
2018ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Teknikoki, kameraren mekanismoari aski zaio segundo frakzio txiki bakar bat harrapatu behar duen irudia harrapatu ahal izateko. Artistikoki, berriz, badira urteetako lan isila eskatzen duten zenbait argazki, eta, hain zuzen ere, bere lanetan denborari metatzen uztearen aldekoa da Bruce Davidson argazkilaria (Chicago, AEB, 1933). Denbora ematen du erretratatzen dituen pertsonekin, eta gertutasun horri esker soilik lortzen du bere lanetan ikus daitekeen intimitate maila. Magnum agentziako kide da argazkilaria, ezagun da haren izena ofizio kideen artean, eta haren bost hamarkadako ibilbidea laburbiltzen duen atzera begirakoa zabaldu dute orain Bilboko Rekalde aretoan. 200 argazki inguru biltzen ditu, guztira, bildumak, eta maiatzaren 6ra arte izango da zabalik .

«Haren ondorengo belaunaldientzako erreferente bihurtu da», azaldu du Carlos Gollonetek, Mapfre fundazioaren argazkilaritzako kontserbatzaile buru eta komisarioak. «Ez du argazki bat lapurtzen inoiz; intimitatean sartzea lortzen du, baina inoiz ez intrusio modura, adostuta baizik». Eta ibilbide guztia zeharkatzen du ideia horrek.

1955ean hasi zen dena.

Arizonan zegoen soldadu sasoi hartan Davidson, eta Nogaleserako bidean zihoan, Mexikoko mugan, eta 90 urteren bueltan zabilen John Wall izeneko gizon batek bere Ford auto zaharra parean geratu eta argazkilaria etxera gonbidatu zuen. Asteburuero egin zuen geroztik John eta Kate Wallen etxerako bidea sortzaileak, eta agerikoak dira gertutasun horren aztarnak argazkilariak atera zizkien argazkietan. Hilurrenean dirudi Johnek haietako batean ohean etzanda, erabat ihar, albotik, harenganantz makurturik, Kate, zerbait behar duen galdezka ari zaiola. Janaria gordetzeko potoetan landareak hazten ikusten dira leiho ertzean. 93 urte zituen une horretan gizonak, eta 79 emazteak.

Argazki serie horrekin hasi zuen argazkigintzan bere ibilbide pertsonala Davidsonen, eta argazki serie horrekin abiatzen da Bilbon zabaldutako erakusketa ere. Lan bakoitzari eskaintzen dion denbora kontuan hartuz, gainera, konstante bat da seriean egindako lanena argazkilariaren kasuan, eta horregatik kronologikoki antolatu dituzte Rekalden ikus daitezkeen hamabi argazki multzoak.

Clyde Beatty zirkuan ere izan zen Davidson, 1958an, eta bertako artistei ateratako hainbat argazki ikus daitezke orain Bilbon. Karparen atzealdean jartzen du arreta argazkilariak lan horietan. Nabarmena da kontrastea, artista horien karpa barruko balentrien eta beren egunerokotasun grisaren artean. Eta bereziki ederrak dira, adibidez, Davidsonen lagun egin zen Jimmy Armstrong pailazo nanoari egindako erretratuak. Euripean dago zirkua atzealdean, eta esku batean lore sorta batekin, begiak ezerezean, zigarro bat pipatzen ikus daiteke lehen planoan Armstrong, emanaldiko jantzia eta makillajea oraindik soinean.

Oinutsik ibiltzea

Eta kamerarekin erretratatutako jendearekiko gertutasun hori bera dute 1959an Brooklyngo kaleko bandei ateratako argazkiek, edota 1960ko hamarkadan eskubide zibilen alde borrokan aritu ziren militanteei egindako erretratuek ere. Baina badira Mexikora, Espainiara eta Italiara egindako bidaietan topatutako miseriaren irudiak ere erakusketan. Deigarria da Almerian 1965ean ateratako argazki sorta, esaterako. Barruko arropa hutsean lurrean jolasean dabiltza ume batzuk irudietariko batean, oinutsik eta zikin denak, sandalia eskas batzuk baino ez dituzte atzealdean dauden bi amek, eta, erdialdean, goitik behera beltzez jantzitako apaiza da zapatak daramatzan bakarra.

Magnum agentziarako egindako argazki erreportajeekin batera garatu du bere lan pertsonalagoa Davidsonek azken bost hamarkadetan, eta ziur aski New Yorkeko East 100 Street kalean egindako lana da bere lan artistikorik ezagunenetarikoa. 1966tik 1968ra arteko tartea eman zuen argazkilariak orduko hartan Spanish Harlem izeneko auzoa erretratatzen, eta MOMA museoan erakutsi zuen gero lan horren emaitza. Eta gakoa da denbora kasu honetan ere, auzotarren gizatasun osoa harrapatu ahal izateko, beren kaleetako hondakin artean bizi direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.