«Edozein sakrifizio egiteko gai naiz musikaren izenean»

Ellis Marsalis pianistak jaso du aurten Donostiako Jazzaldia saria, bere seme Branforden eskutik, oholtza gainean. Trinitate plazan izan dira biak, familia rolak alde batera utzita

Donostia
2016ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Lehenengo aldiz izan zen atzo eskarmentu handiko Ellis Marsalis jazz pianista Donostiako Jazzaldian; Trinitate plazan eman zuen kontzertua. Bertan, oholtza gainean jaso zuen Donostiako Jazzaldia saria, bere seme zaharrenaren eskutik, hau da, Branford Marsalis saxofonistaren eskutik.

Jaialdiak Marsalisek jazzean egindako ibilbidea saritu nahi izan du, eta baita haren eginkizun pedagogikoa ere. Atzo eman zuen prentsaurrekoan azaldu zuenez, Marsalisentzat erronka da bidaiak egitea, baina esfortzu berezia egin du saria jasotzeko: «Edozein sakrifizio egiteko gai naiz musikaren izenean». Berarentzat plazer bat da estimatua izatea, eta are atseginagoa da bereziki jazzarekin lotutako sari bat jasotzea. 1994an hasi zen Jazzaldia sari hori banatzen; lehenengo sariduna Doc Cheatham izan zen, eta Ellis Marsalisekin amaitzen da oraingoz palmaresa. Sariak Jazzaldiaren egoitza historikoaren irudi bat erakusten du, Trinitate plaza, eta artistak ohore hori jasotzeko dituen arrazoiak jasotzen ditu.

Ellis Marsalis 1934an jaio zen, eta New Orleansen (AEB) hezi zen, jazz musikaren epizentroan. Pianistarentzat zaila da jazza definitzea gaur egun: «Bilakaera handia izan du, eta orain ezin da hitz bakar batekin deskribatu». Sortu zenean, jazz hitzak mugimendu bat deskribatzen zuen; zerbait komunikatzeko nahiari esker sortu zen. Garatu zen heinean, beste zentzu batzuk hartu zituen jazzak: nahiz eta John Coltrane eta Louis Armstrong oso desberdinak ziren, biek egiten zuten jazza.

New Orleansen bizi eta hazi zen arren, Marsalis berandu hasi zen hango musika jotzen.Berak dioenez, hiriko estiloak ez zuen eraginik izan pianoa jotzen zuen moduan; «hirian segregazio handia zegoen», eta horri egozten dio Marsalisek musika tradizionalari lehenago heldu ez izana. «Zure inguruko jendeak egiten zuena egiten zenuen zuk ere», eta horrela hasi zen pianista bebop musika jotzen. Horretan ibili zen bere ibilbideko lehenengo urteetan, eta rhythm and bluesa ere landu zuen ondoren. Motibaziorik ez zuen, beraz, musika tradizionala ikasteko, eta, hasi zenean, zailtasunak izan zituen estilo horretan jotzeko, baina pixkanaka hasi zen kontaktua izaten musika tradizionalarekin. Ingurune horretan jaso zuen inoiz gehien hunkitu duen goraipamena: Reservation Hall-en jotzen dute eskarmentu handieneko musikariek, eta, han jotzen ari zenean, bi musikari beteranoren onespena jaso zuen.

Jazz modernoko pianista garrantzitsuenetako bat izateaz gain, ospe handia du musika irakasle gisa; Jesse Davis, Terence Blanchard, Donald Harrison eta Nicholas Paytonen irakasle izan da, besteak beste. Horrez gain, Marsalis familiaren patriarka da, eta bere lau semeei ere musika irakatsi die; Wynton, Branford, Delfeayo eta Jason ere ospe handiko jazz musikariak dira gaur egun.

Musika da lehentasuna

Ellis Marsalisek onartzen du eragina izan zuela bere semeen instrumentuen aukeraketan; haren ustez, ez zuen zentzurik denek instrumentu bera jotzeak, eta, irakaslea izanik, bakoitzarentzat egokiena zer zen ikusteko gai izan zen. Branford seme zaharrenari bere klarinete zaharra eman zion, baina saxofoia aukeratu zuen azkenean. Wyntonek tronpeta jotzen du; Delfeayok, tronboia, eta Jasonek, bateria. Seme guztiek izan dute arrakasta profesionala, eta pianista «oso pozik» dago horrekin.

Branford Marsalis seme zaharrena ere izan zen prentsaurrekoan, eta bertan azaldu zuen batzuetan izaten dituztela desadostasunak familia barruan. Baina «oholtza gainean, familia izateak ez du garrantzirik», haren iritziz; harentzat, musika jotzen ari direnean, Ellis Marsalis ez da bere aita, taldeko pianista baizik. Wynton anaiaren taldean ere jo izan du Branford Marsalisek, eta horrek ardura ez ote dion galdetu izan diotenean honako hau erantzun izan du: «Ez da nire anaia gaztea: munduko tronpetistarik onena da». Gainera, Wynton liderra zen, «tronpetista beti hala izaten delako», eta, tronpetista ona denean, ezin da zapaldu; «musikaren mesedetan jokatu behar da beti».

New Yorkera joan zenean ez zuen, ordea, jokaera hori aurkitu Branfordek; aitak esan zion han dena «negozioa eta dirua» zela, baina ez zuen profesionaltasunik aurkitu hirian. New Yorkeko musikariek euren arteko desadostasunak eta musika nahasten zituzten oholtza gainean; «baina oso zaila da musika sortzea eztabaidatzen ari zaren bitartean». Horregatik, Branford Marsalis «oso harro» dago New Orleansen jaso duen oinordeaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.