Arrantza
Kalteak minimizatzea helburu

Arrain espezie batzuek objektuen azpian metatzeko joera dute: horretaz konturatu ziren arrantzaleak duela zenbait urte. Ez dakite zergatik —hipotesi desberdinak daude—, baina gertatu, gertatzen da; arrainak metatu egiten dira, esaterako, erreketatik itsasora iritsitako egur edo enbor zatien azpian. Hori ikusita, arrantzaleak eurak hasi ziren objektuak sortzen, uretara bota, eta arrainak horien azpian meta zitezen; 1990eko hamarkadan hasi ziren horretan, gutxi gorabehera, Azti zentroko Iker Zudaire ikerlariaren arabera.
Arrainak metatzeko gailuak; hala deitzen zaie: «Teknologia desberdinak erabili izan dira: gaur egun, GPS eta satelite bitartez konektatu daitezke gailu horiekin: non dauden kontrola dezakete, eta, are, jakin dezakete zenbaterainoko arrain multzoa egon daitekeen gailuon azpian metatuta». Arrainak metatzeko gailuok material sintetikoz egin izan dituzte orain arte, eta, ez desegiteaz gain, arriskutsuak izan daitezke zenbait espezie kalteberentzat, besteak beste dortoka edo marrazoentzat, Zudaireren esanetan.
Atun tropikalaren arrantzan erabili ohi dira gailuok, batik bat; horregatik, jarduera horrek itsasoan ahalik eta kalterik txikiena eragin dezan, Azti gailu biodegradagarriak sortu eta erabiltzeko proiektu batean murgilduta dago. Europa osokoa da proiektua, eta Biofad izena du: arrainak metatzeko gailuen ingelesezko akronimoa da FAD, eta bio- aurrizkia gehitu diote proiektua izendatzeko. «Arrantzaleekin bildu ginen, eta haiekin prototipo batzuk diseinatu genituen. Materiala enpresei eman, eta haiek sortu dituzte gailuok, lehendik adostutako diseinuaren arabera».
Zudaireren esanetan, gailuok egitura «oso sinplea» dute: «Banbuz egindako parrila moduko bat dute, ur-azalean gelditzen dena; ur azpian, hainbat luzeratako sokak izan ditzake, edo sarea». Azaldu duenez, sarea erabiltzekotan, neurri jakin batzuk errespetatu behar dituzte legeak aginduta, espezie kalteberak horietan harrapatuta geldi ez daitezen.
Ikertzen jarraituko dute
Sortu dituzten gailuak ez dira guztiz biodegradagarriak, Zudairek onartu duenez. «Ez dugu topatu jatorri naturala duen edo biodegradagarria den lehengairik horiek modu fidagarrian ordezkatzeko». Bi urteko proiektua izanik, ez du uste ordezkatzea lortuko dutenik, baina Zudairek baieztatu du ikertzen jarraituko dutela, jada identifikatu dituztelako zenbait lehengai hautagai potentzial moduan.
2017ko abuztuan hasi ziren proiektuarekin, eta apirilean hasi ziren gailuok Indiako ozeanoan jartzen: guztira 1.000 jarri nahi dituzte. 2018an, datuak bilduz joango dira, arrantzaleen bidez. «Gailuon inguruan arrantzatzen duten bakoitzeko eskatzen zaie informazio bat jasotzea, bereziki, zer kondiziotan topatu duten gailua». Gailuok urtebete irautea da ikertzaileen helburua. «Guk proposatu dugun materiala kotoia da: ez dakigu zehazki zenbat iraungo duen, baina badakigu beste material sintetikoak baino askoz azkarrago desegingo dela, eta, material sintetikoek ez bezala, ez dutela aztarnarik utziko itsasoan».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.