Jaiak. Donibane Garazi

Elkarteek jantzitako bestak

Besta Komiteak, Amaiur elkarteak eta AEK-k hainbat ekitaldi antolatu dituzte igandera bitartean Donibane Garaziko bestetarako.Elkarteen Eguna ospatuko dute igandean

Ehunka pertsona bildu ziren iaz antolaturiko Elkarteen Egunean. DONIBANE GARAZIKO BESTA KOMITEA.
Baiona
2014ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Gaur hasiko dira Donibane Garaziko bestak, eta lau egunetarako hainbat ekitaldi prestatu dituzte. Besta Komiteak programazioa eskainiko du, eta, gainera, Amaiur elkarte abertzaleak eta Donibane Garaziko AEK-k ere herriko bestetan zer ospatzeko eskainiko dute igandera bitartean. «Herriko besta hauetan eskaintza zabala jarri dugu besta komiteak, Amaiur elkarteak eta AEK-k», dio Mattin Etxeberrik, Besta Komiteko kideak. Herriko ostatu batzuetan hainbat kontzertu ere izanen dira. Horrez gain, bestek irauten duten denbora guzian, karrikan ere animazioak izanen dira. «Zer egitekoa izanen da Donibane Garaziko bestetan».

Gaur, 20:00etan Herriko Etxeko plazan iraganen den besten hasieraren ostean, Amaia Riouspeyrous abeslariak kontzertua emanen du, 21:00etan. Biharamunean, Berri Good dantzaldia izanen da, eta larunbatean, Patxa Mama dantzaldia.

Horiexek ez dira Donibane Garaziko bestetan izanen diren kontzertu bakarrak. Izan ere, Amaiur elkarte abertzaleak ere kontzertuak antolatuko ditu egunero. DJ XA2ren kontzertuak emanen dio hasiera, ostegunean, elkarteak proposaturiko kontzertu egitarauari. Ostiralean, berriz, Bagauda taldearen kontzertua ikusteko aukera izanen da, eta larunbatean, Kink Mullet taldearena.

Igandean, Elkarteen Eguna

Baina bestak ez dira iraganen soilik musikaren inguruan. Izan ere, bihartik hasita eta igandera arte, AEK-k arno eta garagardo bereziak eskainiko ditu bere ostatuan, eta baita jatekoa ere: ogitartekoa, fritak eta izozkiak. Larunbaterako, berriz, eskaintza zabalagoa proposatu du Donibane Garaziko AEK-k. Iparlai kantu taldearen kontzertua izanen da, eta, horren ostean, eta eguna giro alaian bukatzeko, euskal karaokea antolatu dute. Hortaz, kantatzeko prest izanen den pertsona orok parte hartzeko aukera izanen du.

Larunbatean, Haurren Eguna ospatuko da. Kari horretara, haurrentzako hainbat ekitaldi eginen dituzte. Besta Komiteak antolaturiko entzierro ttipia iraganen da 18:30ean, plastikozko zezenekin. Haurrak korrika aritu beharko dira elizatik hasi eta geltokiraino joanen den ibilbidean. Bide beretik, AEK-k ere eskaintza berezia eginen du egun horretan. Egunero proposatuko dituen ardo, garagardo eta jatekoaz gain, 16:30etik goiti aurpegia margotzeko haurrentzako tailerra emanen du, 18:30 arte.

Elkartasun partida

Donibane Garaziko presoen aldeko taldea ere presente izanen da aurtengo bestetan. Ostiralean, merkatu estalian antolatzen den preso eta iheslarien aldeko bazkaria eginen da. Bazkariaren ostean, Bagauda taldearen kontzertua izanen da.

Igandean, ez da faltako ohikoa den zikiroa, ez eta ostiraleko pilota desafioa ere. Aurtengo pilota txapelketan, Euskal Kosta komitearen aurka arituko da Goizeko Izarra.

Igandean, Garaziko Besta Komiteak bultzaturik, elkarteen hirugarren eguna ospatuko dute 17:00etatik goiti, tokiko beste bederatzi elkarterekin batera, herriko merkatu estalian. Hamar elkartek antolaturiko eguna da, eta egun berezia da garaztarrentzat. «Besten egunik inportanteena da, Donibane Garaziko elkarteak elkartzen diren egun bakarra baita». Hamar elkartek (Garazikus, Besta Komitea, Herrira, Garazi eta Baigorriko AEK, Garaziko Gaztetxea, Garazt'Arts, Avenir, Amaiur, Aitzina gazte antolakundea eta US Nafarroa) txosna txiki bana izanen dute, eta bakoitzak eskaintza eginen du. Jatekoa eta edatekoa izanen dira eskaintza nagusiak. Eguna bukatzeko, 21:00etan, Arnas taldeak kontzertua emanen du.

Aurtengo bestek berezitasun bat izanen dute. Izan ere, uztailaren 4ko uholdeetan Donibane Garazin kaltetutakoak sostengatzeko, errugbi partida bat jokatuko dute. Partida larunbatean iraganen da, 16:30ean. Behe Nafarroako selekzioak Euskal kosta - Landak selekzioaren aurka jokatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.