Antzerki mataza

Artedramak antolatutako teatro topaketek Aulesti euskal antzerkiaren hiriburu bilakatuko dute, apirilaren 2tik 7ra bitartean. Hamahirugarren edizioa izango dute aurten

Inigo Astiz
2018ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Haizearekin hari solteak mataza bilakatzen diren bezala, euskarazko antzezlanak ere eszena bihur daitezen laguntzea da ADEL antzerki topaketen helburua, zeinak Artedrama arte eszenikoen plataformak antolatzen dituen. Hamahirugarren edizioa izango dute aurten, eta, apirilaren 2tik 7ra bitarte, euskal eszena arteen hiriburu bilakatuko dute Aulesti (Bizkaia). Goizean, antzerkigileek ikastaroak emango dizkiete izena eman duten ikasleei, eta antzerki eta dantza emanaldi irekiak antolatu dituzte arratsaldeetarako. Ander Lipus antzerkigile eta Artedrama plataformako kidea hasia da urtez urte egindako lan horren emaitzak ikusten, baina, dioenez, asko dago oraindik egiteko. «Euskaratik lan egitea izan da hasieratik ideia, eta horrelako aukerak oraindik ez dira hain maiz izaten».

Goseak gora egin du urtez urte, Lipusek dioenez, eta inoiz baino ikasle gehiago izango dituzte aurten. Izena emateko epea zabaldu eta lehen bi egunetan eskariek gainezka egin zuten. Orain arte talde txikiagoetan egin izan dute lan, baina, egarri hori ikusirik, hamasei ikasle onartu dituzte aurten, eta antolatzaileak pozik daude horrekin. «Herrietako antzerki taldeetan dabiltzanak badaude hamaseiko talde horretan, eta jada maila oso ona duten ikasleekin nahasita egongo dira; oso maila polita ikusten ari gara».

Lipusez gainera, beste sei antzerkigile eta dantzari ere arituko dira irakasle: Aiora Sedano aktorea, Mizel Theret dantzari eta koreografoa, Oier Guillan eta Javier Barandiaran antzerkigileak, Pako Revueltas antzerkigilea eta Iraitz Lizarrraga antzerkigile eta gorputz arteen unibertsitate irakaslea.

Gainera, eskolan ikasitakoa oholtzan ikusteko aukera ere izango dute ikasleek, irakasle horiexek izango baitira maiz arratsaldeko saioetan oholtzan izango direnak. Lipus: «Pedagogikoki oso modu ezberdinak izango ditugu irakasle arituko garenok. Eta ikaragarria da hainbeste urteren ondoren ere jarraitzen dugula irakasle berriak ekartzen; horrek erakusten du aberastasun handia dagoela».

Publikoa eta sinergiak

Lipusek gorakada igartzen du Aulestiko emanaldietan. «Publiko gero eta gehiago etortzen da, eta horrek ere animatzen gaitu. Teatroa ez da ezer publikorik gabe, eta hemen harro egon gaitezke publiko fidela daukagulako. Antzerkilariok hori eskatzen aritzen gara beti , eta Aulestin, behintzat, hori bermatuta daukagu».

«Saretzea». Lipusek behin baino gehiagotan darabil ezpainetan hitz hori topaketei buruz hitz egitean, hori baita, bere hitzetan, Aulestiko proiektuaren emaitza nagusietako bat.«Ikasleek elkar ezagutzen dute ikastaroetan, eta, aldi berean, irakasleak eta haien lanak ere ezagutzen dituzte. Euskarazko antzerkian gabiltzanon artean harremanak sortzen ditu horrek, eta sinergia asko sortu ahal dira hortik».

Lipusek dio arratsaldeetako emanaldien egitarauak ere normalean solte izan ohi diren proposamenak biltzen dituela. Maiz antzerki profesionalaren zirkuitu komertzialetatik kanpoko lanak programatzen saiatzen dira, dioenez, eta euskaraz sortutakoak izaten dira beti. «Euskarara mugatzen dira», azaldu du. «Ez dira egiten gero obra horien erdarazko bertsioak. Horrek badu balio bat, eta horri sekulako garrantzia ematen diogu. Lan hauek ez dira egiten euskaraz beste merkatu bati begira egoteko, edo euskaraz ere egin behar direlako; euskaraz egiten dira, eta kito».

Aurten, esate baterako, Zazpi senideko antzezlana, Lekeitioak dantza ikuskizuna, Adarretatik zintzilik pieza, Agur eta dolore teatro laburra, Oingoan bai! antzerki ikuskizuna, Besaulkiak lana eta Miss Karaoke programatu dituzte.

Lipusen hitzetan, euskaraz sortzen diren lanen eskaintza hazi egin da azken urteetan, eta, dioenez, litekeena da horrek publikoaren eta sortzaileen kontzientzian eragina eduki izana. «Ikusten dute posible dela halako proposamenak egitea». Triunfalismorik ez dago, ordea, haren hitzetan. «Oraindik lan handia daukagu egiteko, eta oraindik ere publiko gehiago erakar dezakegu teatroetara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.