Aitor Esteban. EAJren Bizkaiko diputatua

«Dantza hasi baino ez da egin, eta gauza asko ikusiko ditugu»

Zuhur agertu da Aitor Esteban Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioen inguruan, eta jarrerak argitu arte ez du aukera jakin baten alde egin nahi; EAJ «guztiekin» hitz egiteko prest dagoela dio.

gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Astelehenean joango da Madrilera Aitor Esteban (Bilbo, 1962), berriro diputatu aukeratu zutenetik estreinako aldiz. Dioenez, horrek aukera emango dio han zer giro dagoen bertatik bertara ikusteko. Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioei dagokienez, zuhur agertu nahi du, eta EAJren botoak «erabakigarriak» izan daitezkeela uste duen arren —«bi bloke daude, PP-Ciudadanos eta PSOE-Podemos; bien artean lau diputaturen aldea dago, eta guk sei ditugu»—, bakoitzak zer proposatzen duen ikusi arte ez du ezer aurreratu nahi; soilki «guztiekin» hitz egiteko prest daudela.

Ezustean hartu al zaituzte Ahal Dugu-k Euskal Herrian lorturiko emaitzek?

Emaitza onak izango zituztela bagenekien, baina zein neurritaraino, ez. Nik pentsatzen nuen bigarren alderdia izango zirela, eta, egia esan, botoetan, eurak gertatu dira irabazle.

Alderdi guztiek nozitu duzue Ahal Dugu-ren enbata, baina badirudi EAJk hobeto eutsi diola.

Bai, ondo eutsi diogun alderdi bakarra izan garela uste dut. Hori da gure alderdiaren indarra, gehiago edo gutxiago beti mantentzen garela eta momentua irakurtzen dakigula. Guretzat oso emaitza onak dira, taldea mantendu dugulako, eta, gainera, pertsona bat gehiago edukiko dugulako Kongresuan eta bi Senatuan. Gure asmoa zen hemengo ahotsa izaten jarraitzea, eta hori lortu dugu.

Uste duzu Ahal Dugu-ren gorakada abagunearen ondorio dela, edo Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ezusteko gehiago ikusiko ditugu?

Ahal Dugu bertan dago, eta ez soilki hauteskunde hauengatik; Batzar Nagusietan eta udal batzuetan ere ordezkaritza lortu zuten. Baina jendeak, gero eta gehiago, aukera egiten du momentu bakoitzean abagunearen arabera. Ez dut uste orain gertatu diren emaitzak errepikatuko direnik. Oso lehia desberdina izango da, eta bakoitzak bere eskaintza egingo du, baina uste dut jendeak badakiela bereizten hauteskunde batzuk eta besteak. Gakoa da erakargarritasuna lantzea, EAJren kasuan zein gainerako alderdienean, eta hori bidea egiten den bitartean landu behar da.

Gobernua osatzeko prozesua hasi da orain, eta Rajoyk astelehenean egin zuen lehenengo eskaintza...

Eskaintzarik egin ote du? Nik ez dut uste. Diputatuen batuketa besterik ez du egin, baina zertarako? Zer gertatuko da LOMCErekin? Zer gertatuko da lan erreformarekin edo pentsioekin? Badakigu PSOE eta Ciudadanosen diputatuak batuta ze kopuru ematen duen, baina zein da eskaintza? Zelako politika egingo du besteek uzten badiete? Horretaz ez du berba egin.

Zuekin alderdi moduan ez du hitz egin?

Guri ez digu deitu. Lehendakariari deitu dio, baina horrekin irudi operazioa baino ez du egin Rajoyk; lau urte eduki ditu Jaurlaritzaren kontuez berba egiteko, eta orain deitzen du [Espainiako] gobernuaren osaketaz berba egiteko? Berak jakin behar luke telefonoa ez dela hori.

Ohikoa al da hori, EAJn mintzakidea bilatzeko lehendakariari deitzea, alegia?

Horrelako batzuk egin dizkigute inoiz. Adibidez, Pedro Sanchezek, PSOEko idazkari nagusi izendatu zutenean, lehendakariarekin egon nahi zuen, eta hori oso ondo dago, baina Urkulluk berak argi esan zion lehendakariarekin egingo zuela berba eta ez EAJrekin. Uste dute dena gauza bera dela, eta ez daude ohituta esparruak bereizten.

Gainerako alderdiekin izan duzue harremanik?

Nik uste dut denok izan ditugula harremanak, baina, batez ere, Gorteen eraketari begira. Eta, gainera, esango dizut horretaz ere une honetan ez dagoela ezer itxita. Orain, lehenengo fasean baino ez gaude; gero etorriko dira presak. Behin Gorteak eratuta, erregeari dagokio elkarrizketak egitea, eta hari ere presa sartuko zaio izen bat proposatzeko. Nik esango nuke adi egon beharko genukeela urtarrilaren hirugarren eta laugarren astean zer gertatzen den.

Jarrera bat finkatu duzue jadanik PPrekin biltzen zaretenerako?

Nik kanpainan esan nuen mundu guztiari entzuteko prest nengoela, baita [Ciudadanoseko] Albert Riverari ere, nahiz eta berak gurekin berba egin gura ez. Baina hemen jokoan dagoena gobernatzeko modua da, eta horretaz hitz egin behar da. Hau ez da gauza bat beste zerbaiten truke ematea: gobernatzeko modua eta egiturazkoak diren zenbait konturi nola egingo zaien aurre ebatzi behar da. Rajoyren kasuan, gure sostengua lortzeko aldaketa izugarria egon beharko litzateke. Baina, printzipioz, politikan denekin hitz egiteko prest egon behar duzu.

Rajoyren ahaleginak huts egingo balu, Pedro Sanchezek iragarri du dagoeneko saiatu egingo dela.

Bere alderdi barruan eragozpenik jartzen ez badiote, bai.

Zergatik diozu hori?

Harrigarriak direlako azken egunotan ikusi ditugun mugimenduak eta, batez ere, PSOEren zenbait buruzagiren adierazpenak.

Kasu horretan, zuen jarrera berbera izango litzateke?

Berbera. Entzun beharko genuke zer duen esateko eta zer eskaintzen duen.

Zuk aukera hori egingarri ikusten duzu?

PSOEren ahotsak dira, hain zuzen, hori zalantzan jartzen dutenak. Ez dakigu Podemosen negoziatzeko modua zein izango den. Hori apur bat ikusi arte ezin dugu jakin. Eta lehenengo zirriborroak ikusi arte eta lehenengo pausoak eman arte, gu ezin gara horretan sartu. Lehenengo frogatu beharko lukete horrek oinarri sendoa duela, eta, gero, ikusiko genuke. Berriro diot: gu denekin hitz egiteko prest gaude.

PSOE eta Podemosen arteko balizko harremanen harira indar handia hartu du erabakitzeko eskubidearen gaiak.

Nik ikusi gura nuke Podemosek gai hori marra gorri moduan azken momentura arte mantentzen duen edo ez. Erabakitzeko eskubidea gure DNAren parte da, hezur-muinetan sartuta daramagu, baina ikusi nahi dut hori Podemosentzat goiz bateko lorea den edo zerbait sendoagoa. Gu, jakina, horren inguruan eztabaida zintzo bat egiteko eta irtenbide batzuk bilatzeko prest geundeke, baina nik, une honetan, ez dakit horretaz zenbaterainoko konbentzimendua dagoen Podemosen barruan. Bitxia da: Podemosek erabakitzeko eskubidea defendatzen du, baina Euskadin ez dute euren zerrendak erabakitzeko eskubiderik errespetatzen.

Eurek diote horrelako jarrera duen alderdi batek Espainian hain emaitza onak izatea zerbait aldatzen ari den seinale dela.

Politikan gauzak mugitu egiten dira, eta inoiz ez dakizu noiz gertatuko den zer. Guztiz itxita egon den ate bat zabalik topa zenezake, eta beti egon behar duzu prest hori baliatzeko. Baina, orain, ez dut uste ate hori zabalik dagoenik.

Ciudadanosek esan du ez dela gobernuan sartuko; PSOEk, berriz, ez duela PPrekin itunik egingo... Norbaitek atzera egin dezakeela uste duzu?

Beti bila daitezke jarrera aldaketa bat zuritzeko argudioak. Dantza hasi baino ez da egin, eta oraindik gauza asko ikusiko dugu: mugimenduak, botere faktikoen presioak... Lehenengo fasean gaude: Arzalluzek zioen moduan, estaltze errituak hasi dira, txioak eta orroak, baina ikusiko dugu gauzak zelan bilakatzen diren.

Ahalegin guztiek porrot eginez gero, beti dago hauteskundeak berriro egiteko aukera.

Ez dut uste. Jendeak txarto hartuko luke, ez luke ulertuko zergatik politikariak ezin diren ados jarri. Txarra izango litzateke politikarako, herritar askok botorik ez emateko tentazioa eduki lezake, eta esparru politikoaren muturretan kokatzen diren alderdiek baino ez lukete onurarik aterako. Baina, gainera, larriena da, hauteskundeak berriro eginda ere, seguru asko ez litzatekeela gehiengo oso bat aterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.