ETAren armagabetzea. Polizia operazioa Luhuson. Michel Tubiana. Giza Eskubideen Ligako ohorezko lehendakaria

«Armak deuseztatu, eta prokuradoreari non ziren erranen genion»

Frantziako eta Espainiako gobernuekin elkarrizketa bide guziak ahituak zirelako abiatu zuten armagabetze zibila, Tubianaren hitzetan. Luhuson egindako polizia operazioa «groteskoa» dela salatu du.

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2016ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Frantziako Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidentea da Michel Tubiana (Aljer, 1952). Hura ere Luhusoko etxean egotekoa zen ostiral gauean, baina ez zen iritsi, eta ez zuten atxilo hartu. Harekin hitz egin du BERRIAk.

Zer gertatu da Luhuson?

Espainiako eta Frantziako gobernuen erabaki politikoa da ETAk armagabetzeko duen erabakiaz ez entzunarena egitea. Bi gobernuetako Barne ministroek adierazi duten moduan, ETAren kontrako garaipen handia irudikatzen duen beste biderik ez dute hartu nahi. Mendekuaren eremua da.

Gizarte zibilak engaiatzea erabaki du; nola dator erabaki hori?

Iristen da momentu bat, elkarrizketarako bide guziak ahitu direnean, zerbait onarrarazteko kanal guziak erabiliak izan direnean, errealitatea erakusteko. ETAk desarmatzeko borondaterik ez duela berresten segitzen dute bi gobernuek; uste dut gure rolean garela, gauzen errealitatea berrezarrita, eta, agian, botere publikoei aterabide bat eskainita. Beste behin, irmoki nabarmendu nahi dut: desarmatzearen gai hori ez da negoziazio bat, alde bakarreko erabaki bat da. Ondorioz, gobernuek ez dute inongo arrazoirik negoziazio baten ideia aipatzeko; desarmatzerako borondatea dago. Eta guk eman diogun bermea gobernuei «iratzar zaitezte» errateko berme bat da.

Nola prestatu duzue prozesu hori?

Hori geroago kontatuko dugu.

Azaldu ezazu zuen desmartxa.

Gure desmartxa biziki sinplea da. ETAren desarmatzeko borondatearen baieztapena izan genuen momentutik, eta gobernuei errealitate hori entzunarazten saiatu eta kanal guziak itxi zirenean, gainetik pasatu eta ETAren desarmatzerako borondatearen errealitatea erakustea erabaki genuen. Jokoan dena da arma batzuk deuseztatu, botere publikoei itzuli eta erakunde terrorista baten konplize garela entzutea. Groteskoa da.

Operazioa gertatu izan ez balitz, zein lirateke hurrengo urratsak?

Gobernuak abisatuko genituen armen entrega eginen genuela. Prokuradoreari aukera emanen genion hemendik aste batzuetara arma horiek deuseztatuta aurkitzeko.

Harremanetan zineten jadanik botere publikoekin?

Ez. Bide guziak itxiak ziren. Ezin ginen beraiekin elkartu.

Hemendik aitzina, zein dira hurrengo urratsak?

Bidean den desmartxa bat da hau. Hurrengo egunetarako ekimen bat baino gehiago dago antolatua Baionan. Euskal Herriko gizarte zibilari dagokio mobilizatu eta honetan bere ahotsa entzunaraztea; eta entzunaraztea prozesu honetan engaiatu direnak ez direla bakartuak Euskal Herriko gizartean.

Nola aurkeztuko zenuke atxilotutako herritar taldea?

Gizarte zibileko aktoreen rola da gauzak ahal bezain bat bultzatu eta bakoitza bere erantzukizunen aurrean jartzea. ETAk ez balu desarmatzerako borondaterik, ETAri erranen genioke ez dela posible horrela segitzea. Gaur egun, gobernuak dira ETAren desarmatzerako borondatea entzun nahi ez dutenak. Hori kontuan hartuta, gizarte zibil gisa gure rola da ozen eta indartsu adieraztea ez dela politika onargarria. Eta konkretuki erran dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.