Alemania. Hauteskunde kanpaina. Gabriele Zimmer. Die Linke alderdiko eurodiputatua

«Prest gaude SPDrekin oinarri komunak lortzen saiatzeko»

Alemanian Merkel boteretik botatzeko eta aldaketa gauzatzeko beharraz ohartarazi du Zimmerrek. Die Linkek herritarren kezkekin eta haien egunerokoarekin lotura handiagoa behar duela deritzo.

ander perez zala
Donostia
2017ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Ekialdeko Alemanian jaio eta hezi zen Gabriele Zimmer (Berlin, 1955). Turingiako Parlamentuko diputatu izan zen 1990etik 2004ra, eta urte hartatik da eurodiputatu. GUE/NGL ezkerreko talde parlamentarioaren burua da 2012az geroztik. EH Bilduk antolatutako Study Days jardunaldietan izan da, Donostian, Europaren etorkizunaz eztabaidatzeko.

2013ko bozetan, SPDk, Die Linkek eta Alderdi Berdeak koalizio bat osatzeko aukera izan zenuten. Azkenean, SPDk erabaki zuen CDUrekin bat egitea. Hiruko koalizioa egiteko aukera dago aurten?

Urte hartan, SPDn [Alemaniako Alderdi Sozialdemokratan] asko ez zeuden prest koalizio hori osatzeko. Baina argi dago erabaki hori kaltegarria izan dela sozialdemokratentzat. Aurten, hasiera berri bat izan dute Schulz hautatzean, kantziler izateko hautatutako politikaria baita. Herritarrek izaera berria eta politika egiteko modu berria espero zuten, eta alderdiak ez du halakorik egin. Zehaztasuna falta zaie mezuan; ez dakigu zein norabide hartu nahi duten. Adibidez, politika sozialak aldatu nahi dituztela diote, baina ez nola. Baztertutako pertsonengan eta pobreengan jarri dute arreta, baina, hain justu, SPDren neurrien erruz daude egoera horretan. Badakigu desberdintasun handiak ditugula, eta badakigu aldaketarako beharra dagoela Alemanian. Prest gaude SPDrekin oinarri komunak lortzen saiatzeko.

Dena den, badirudi Schulzek kantziler izateko duen aukera bakarra dela koalizio horren bidez, edo antzeko koalizio baten bidez. Merkelek duen babesak erraldoia dirudi.

Herritarrek Merkel errespetatzen dute Alemanian eta Europan duen rolarengatik. Merkelek Alemania defendatzen duela da ikusten duten bakarra. Herrialdeak nazioartera begira izango duen ospearen arabera bozkatzen dute herritarrek; tradizio da. Barrura begirako politikak baino garrantzi handiagoa du.

Zuen botoei erreparatuz, Ekialdeko Alemania zenaren eremuan lortzen duzue babes handiena, eta Mendebaldeko Alemanian txikiena. Bozetan, mugak hor jarraitzen du zuentzat.

Alemania batu zenean, ekialdean lortu genituen soilik boterea eta erantzukizunak, babes handia genuelako. Mendebaldean komunismoaren aurka dagoen tradizio luzeak gogor egin du gure aurka, eta zaila izan zen PDSrentzat [Sozialismo Demokratikoaren Alderdia, Die Linkeren aurrekoa] hango herritarren konfiantza lortzea. Horregatik eraldatu zuen bere burua. Mendebaldean sozialdemokratak izan dira nagusi hamarkada askotan, baina akats historikoa egin zuten 1990eko hamarkadan, PDSko eta Alderdi Komunistako kide ohiak alderdian ez onartzean. Eta egun ikusten ditugu ondorioak: SPD ekialdean oso ahula da, eta gu mendebaldean oso ahulak gara.

Zein da iraileko bozen helburua: Merkel boteretik botatzea ala AFDren gorakada gelditzea?

Espero dut Alemaniako politikan interesa duten guztientzat argi geratu dela AFD alderdia [Alemaniarentzako Alternatiba] eskuin muturrekoa dela, xenofoboa. Guretzat, garrantzitsua da haien politiken aurka egitea, eta garrantzitsua da migrazioaren gaian jarrera zehatza izatea, hor lortu nahi baitu eragin handiena AFDk. Eskuin muturraren aurka egin behar dugu, eta NPD [Alderdi Nazional Demokratikoa] ere hor dago. Baina Merkel botatzea eta haren neurri neoliberalen aurka egitea ere garrantzitsua da. Politika horien erruz sortu da eta indarra hartu du AFDk.

Beraz, AFD bihurtu da protesta alderdi nagusia, zuen kalterako.

Hala da. Eta autokritika egin behar dugu horren inguruan. Herritarren egunerokoarekin eta haien kezkekin lotura handiagoa behar dugu. Horrek esan nahi du maila lokalari garrantzia eman behar diogula, hor baitago gakoa herritarren parte hartze demokratikoa lortzeko. Haien konfiantza berreskuratu behar dugu.

Nola egingo diozue aurre bozei?

Merkeli presio egitea da helburua. Migrazioarekiko jarrera zehaztu behar dugu, Alemanian garrantzia duen gaia baita. Herrialdea barrutik aldatu nahi dugu, eta herritarren eskubideak defendatu, Alemanian lan prekarioen kopurua oso handia baita.

EB Europako Batzordeak Liburu zuria aurkeztu zuen, batasunaren etorkizunari buruzkoa. Zure taldearentzat, liburu hori irtenbide bat da egun Europak dituen erronkei begira?

Ez dago aldaketarik. Esaten ari dira orain arte egindakoa egin nahi dutela, baina beste modu batera: azkarrago edo sakonago, adibidez. Baina ez diote irtenbiderik ematen egungo egoerari, alegia, EB bera aldatzeari buruz. Eta ez ditu herritarrak kontuan hartzen, ez diete lehentasunik ematen. Ez du pobreziari buruz ezer esaten, ezta militarizazioari buruz ere, EB gero eta militarragoa baita. EBren paradigmarekin hautsi behar dugu, herritarrak eta haien eskubideak lehenesteko.

Krisi ekonomikoak sortutako jokalekua aukera bat da ezkerrarentzat bere burua alternatiba gisa aurkezteko. Ordea, urte asko daramazue hori esaten, eta oraindik ez duzue lortu, toki gutxi batzuetan izan ezik.

Egia da ezkerrarentzat leiho bat ireki dela Espainian, Portugalen, Grezian, esaterako, batez ere Europa hegoaldean. Ordea, ez gara gai izan aukera hori erabiltzeko, ezkerrak gehiegi begiratzen duelako ikuspuntu nazionaletik Europako Batasunaren garapenari buruz eztabaidatzeko orduan. Ezin dugu batasuna garatu horrela jarraituz; nik, adibidez, ez nieke arazoei alemaniar ezkerraren ikuspuntutik begiratu behar. Langileriaren eskubideak defendatu behar dira, ez soilik etxekoenak, baita Europa hegoaldekoenak, hego-ekialdekoenak eta ekialdekoenak ere. Eta, gainera, jakin behar dugu nola bideratu gure kritikak eta alternatibak erakundeen aurka eta eskuin muturraren aurka. Eta aztertu behar dugu zergatik huts egin genuen 1989an, zergatik huts egin dugun Grezian, eta adostu behar dugu nor kritikatuko dugun: Tsipras eta Grezia, ala Europako Batasuna? Herritar askok uste dute batasunaren norabide liberalaren aurkako antidotoa dutela: nazionalismora itzultzea. Akats larria da. Elkarlanean aritu behar dugu, klima aldaketaren eta pobreziaren aurkako borroka ez delako gure mugetan amaitzen.

Alderdi sozialdemokratak krisian daude. Ideologikoki alderdi horien ezkerrean zaudetenontzat, helburu bilakatu da ezkerreko indar nagusi bilakatzea?

Ez nago ziur estrategia hori egokiena denik. Egia da alderdi horiek kritikatu behar ditugula azken bi hamarkadatan izan dituzten neurriengatik, baina garrantzitsuagoa da elkarlanerako puntu komunak lortzen saiatzea. Ezker berri bat behar dugu, iraganeko akatsetatik ikasiz. Eta erakundeetako eta kaleko lana bateragarri egin behar ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.