Katalunia. Elkarrizketa. Marc Sanjaume. Politologoa

«Espainia euskal eskema aplikatzen ari da Katalunian»

Proposatu du gobernuak «funtzionatuko» duten neurriak hartzea, eta Errepublikaren Kontseiluak atzerri politika egitea. Gero dator, haren ustez, epe luzerako estrategia planteatzea. Esan du urrian gertatutik ikasi behar dela.

Igor Susaeta.
Bartzelona
2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Erantzunak baino gehiago, galderak planteatzen ditu Marc Sanjaume Bartzelonako Pompeu Fabrako Politika Zientzietako irakasleak (Bartzelona, 1984). Argi du Quim Torra presidente «autonomikoa» dela. Haren ustez, independentismoa «bidegurutze estrategiko batean» dago; egindakotik ikasteko garaian daudelakoan dago. «Orain, badakigu ez genekien zerbait, edo, jakin arren, aurreikusi ez genuena: aldebakarrekotasunak daukan ibilbidea daukala». Esan du tentsio politikoa «agerikoa» dela, baina inondik ere ez dagoela «haustura sozialik».

Autogobernurako Ikerketa Institutuko kide zen. «Baina badakizu, ezarri zuten 155.a, eta...». Federalismoa, autodeterminazio eskubidea, eta sezesionismoa dira haren ikerketa lerro nagusiak.

Nola uztartu daiteke presidentetza autonomiko bat errepublika egitearekin?

Diskurtsoaren eremuan egin liteke. Orain dator zailena: helburu batzuekin legegintzaldi bat hastea. Programa ez da oso zehatza. Gainera, ez dakigu bost hilabeterako presidentetza bat den, eta zeren arabera neurtuko duten behin-behinekotasuna. Ikusi beharko da ea legegintzaldi luzeago batera heda daitekeen Errepublikaren Kontseiluaren, Generalitateko gobernuaren eta Udaletako Eledunen Biltzarraren ideia, hiru adar horiena. Kontuan hartu behar da, gainera, ez dutela gehiengo osorik parlamentuan.

Errepublika egiteaz mintzo dira JxC Junts Per Catalunya eta ERC Esquerra Republicana, baina ez diote Madrili desobeditu nahi.

Errepublikaren Kontseiluak erbesteratutako corpus politiko hori aitortzen laguntzen du, eta beste funtzio bat ere badu: gobernu autonomikoari ilegaltzat har daitezkeen erabaki eta estrategien zama kentzea. Generalitateak marra fin bat jarraitu beharko du, %100 politika autonomistak eginez eta, gainera, autonomismotik harago joateko ahaleginak eginez. Junts Per Catalunyak eta Esquerrak erabaki pragmatiko bat hartu dute, eta bozkatzaile independentistek eskatutakoa bilatu dute: gutxieneko gobernu eraginkor bat. Independentismoak esan du autonomiak ez duela ezertarako balio. Tira, autonomiak ez du ezertarako balio, konparatuz estatu bat edukitzearekin, edo kontzertu ekonomiko bat edukitzearekin. Baina Generalitatetik egin daiteke politika.

Zer eraginkortasun eduki dezake Errepublikaren Kontseiluak?

Kanporanzko rola jokatuko du, eta hori esan du Puigdemontek. Izan ere, Diplocat-a garbitzea izan da 155.ak egin duen gauzarik basatienetako bat. Atzerri politika gai delikatua da Generalitatetik egiteko, eta beste herrialde batzuetan europar herritar gisa dauden batzuek hobeto egin dezakete.

Europako gobernu bakar batek ere ez du egin ahalegin handirik, oraingoz, Katalunian gertatzen ari dena ulertzeko.

Ez nago ados. Espainiako Gobernuarentzat oso erraza zen Kataluniako independentismoa planteatzea estatuaren kontrako mugimendu terrorista baten gisara, eta hori egin du. Diplocat-a eta Kataluniako Gobernua mugitu izan ez balira, diskurtso hori askoz ere indartsuagoa izango zen, eta Europako Batzordea askoz ere gehiago inplikatuko zen Espainiaren batasunaren defentsan. Halaber, estradizioak-eta gertatuko ziren. Oraingoz, ordea, ez da halakorik gertatu. Herrialde askoren posizioa oso anbiguoa izan da Espainiako Gobernuaren arabera guztiz ebatzita dagoen gai batean.

Europaren begietan badaudela arrakalak Espainiaren diskurtsoan, alegia.

Noski, oso argi dago. Diplocat-a egoterik ez dute nahi, Diplocat-ak kontatzen dizkiolako Danimarkako diputatu bati, edo Suediako bati, Espainiako Gobernuak inoiz kontatuko ez zizkion gauzak.

Zer helbururekin deitu nahiko luke Torrak hauteskundeetara?

Oso zaila da aurreikustea zer agertokitan egongo garen hilabete batzuen buruan. Gainera, Ciudadanosek bultzatuta, PPk 155.aren aplikazio arin edo berritu bat egin dezake. Parametro politikoa dago batetik, eta judiziala bestetik. Bozak zertarako? Zilegitasuna irabazteko. Egoera aldatu daiteke, baina niri, orain, ez zait estrategia egonkortzailea iruditzen. Estrategia egonkortzailea izan daiteke Errepublikaren Kontseilua martxan edukitzea, gobernutik funtzionatuko duten politikak egitea, eta administrazioaren makineria olioztatzea, eta ondoren, epe luzeagora, estrategia bat planteatzea.

Urrian gertatutakoaren kontrara, ERCk ez du aldebakarrekotasuna nahi orain.

Esquerrak gogoeta hau egin du: legitimitatea badugu, baina gauden testuinguruan gaude. Testuinguru horretan, Espainiako Gobernuak ez du legitimitate hori aitortzen, eta berdin dio kopuruak. Esquerraren tesiaren arabera, herritarrak gogoetara bultzatuko dituzten politika eraginkorrago batzuk egin behar dira, pentsatuz jendeari ideia ona irudituko zaiola errepublikaren politika horietan sakontzea, eta jende gehiagok bat egingo duela kausarekin. %60-65 bat denean, ea zer gertatzen den. Ez dut uste, ordea, gogoeta hau denik: %60 garenean, erreferendum bat ahalbidetuko dute. Ez da hainbeste hori, baizik eta: zein da alternatiba? Hori kritikatu egiten da. Ados. Orduan, zer egingo dugu? Ez dirudi hainbeste alternatiba daudenik, ezta? Urrian gertatutakotik ikasi behar da.

Alderdi subiranisten eta Espainiako Gobernuaren arteko sokatiratzat har daiteke gatazka, baina gobernuak estatuaren azpiegituraren babesa du.

Hori gorde beharko genuke U-1aren esperientziatik. Hau da, herritarren subiranotasunarekin dena irabaz daitekeela. Subiranotasuna herriarengan dago, ez estatuarengan. Estatuak goberna al dezake urteetan, kataluniarren erdiak baino gehiagok estatutik alde egin nahi duenean? Ikusiko dugu.

Aurreko legegintzaldian, alderdi subiranistek hemezortzi hilabetean lortu nahi izan zuten independentzia.

Mugimendu sozialen teorian dago erantzuna. Mugimendu sozialek uneka funtzionatzen dute. Konstituzionalak estatutuari buruz hartutako epaiaren ondoren [2010], erabakitze eskubidearen aldeko mobilizazioek gora egin zuten. Erabakitzeko eskubideak proiektu independentistaranzko aldaketa egin zuen 2015eko hauteskundeetan, eta, dinamika horren ondorioz, alderdiek presaka jokatu zuten. Independentista batzuentzat, presaka ibiltzea ez da ideia ona. Epeen kontua ulergarria da mobilizazio sozialen logikaren barruan. Zergatik? Jende asko mobilizatzen delako, jendea astero mobilizatzeaz nekatzen delako, PPren jarrera guztiz immobilista delako... Orduan, esan daiteke: goazen hemezortzi hilabeteko proiektu bat egitera. Agian ez zen ideia ona izan, baina orain erraza da esatea.

Agian Kataluniako aurreko gobernuak Espainiakoa gutxietsi zuen, eta alderantziz, Madrilek Katalunia bera gutxietsi zuen?

Ados nago. Kalkulu okerra egin dute bi aldeek. Bestalde, esan beharra dago Espainia euskal eskema ari dela aplikatzen Katalunian. Kataluniako Gobernuak kalkulu okerra egin zuen ez konturatzeagatik, baina baita Espainiakoak ere, ez duelako zerikusirik euskal mugimenduarekin. Xehetasun txiki bat: eskema horren arabera, Kataluniako Gobernua eta erreferenduma egiteko proiektua babesten ari ziren herritarrak dira erakunde kriminala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.