Mamadu Konkobo, 'Art Melody'. Rap kantaria

«Damugarria da aukerak beti iparraldetik etortzea»

Artista burkinafasoarrak amarengandik jaso zuen mossien kantu tradizionala, eta nerabe zela egin zuen rapa bere; eta rapak ireki dizkio bide klandestinoetatik itxi Europaren ateak. Baionan ariko da egun

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2014ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Duela lau urte klandestinoki nahi izan zuen harrapatu Europa ezizena duen Mamadu Konkobok (Bobo Diulasso-Burkina Faso, 1978), Art Melody-k. Baina Mali, Senegal, Mauritania eta Sahel zeharkatu, eta Aljerian atxilotu zuten. Preso sartu zuten, eta sorterrira bidali.

Geroztik, ordea, hiru disko grabatuak ditu Bordelen (Frantzia). Eta kontzertu andana bat ere emana da. Eta ematen segitzen du. Gaur bertan Baionan ariko da, Black and Basque jaialdia kari.Une honetan, gainera, laugarren diskoa grabatzen ari da, Bordelen. Guztiak, aldi honetan, mugak pasatzeko baimen ofizialekin.

Bizkitartean, egoera beste paradoxa baten adierazle izan daiteke. Europatik pasa baita bere artista biziari abiadura bereziaren emateko. Burkina Fason bertan horiek guztiek egiteko aukera gutxi izan zezakeela aitortu du artistak. «Damugarria da aukerak beti iparraldetik etortzea. Baina, dena dela, Bordelekoekin lanean hasteak ekarri dit Redrum beatmaker fenomenala ezagutzeko parada. Ezagutu beharra nuen, derrigorrez. Haren soinuak dira... ezin sinetsiak. Alta, ez da nehoiz etorria Burkina Fasora. Ez du ezagutzen nire etxea. Baina nire ahotsa laguntzen duten haren soinuak erokeriak dira; anitzetan nire etxekoekin loturak dituzte, gainera. Harritzekoa da».

Musika, emaitza du azpimarratu nahi. Aukerak dauden tokian hartuz. Eta, preseski, dela Zound Zande (Banzai Lab / Tentacule Records) edota Wogdog Blues (Tentacule Record) diskoetan indar berezi hori hauteman dezake entzuleak. Tripetatik jalgi musika edo. Urrunetik sustraitua. Musika txikitatik du bere baitan Art Melodyk. Ama kantaria du. Mossi tradizioko kantuak kantatzen ditu festa egunetan. Txikitan harekin aritzen zen kantuan. Rapa nerabe denetik du bere egin artistak. Txikitatik Ameriketako Estatu Batuetako rap kantariak zituela entzuten, Bob Marley bera ahantzi gabe.

Rapean ari zela, Burkina Fasoko Uagadugu kapitalean zegoela zitzaizkion hurbildu bi frantses. Nicolas Guibert eta Sebastien Gouverneur film egileak Tamani dokumentala prestatzen ari ziren. Burkina Fasoko egunerokoa filmatzea zuten ideia. Eta lasterfilmean tarte handi bat rap kantariari ematea erabaki zuten. Filmetik sortu harremanek lehen diskoa grabatzeko aukera eman zioten artistari. Bordelen, beraz. Eta hortik ezagutu zuen Redrum beatmaker-a.

Garai klandestino hura ez du ahantzia artistak, ordea. Esperientzia hura «eskola» bat izan dela dio: «Anitz gauza ikasi ditut, zentzu baikorrean». Kantuen idazteko indar gisa erabiltzen du orain. Zehazki, bere hautu haren esplikatzea zaila zaiola aitortzen du; «kulturala da». Anaia-arrebetan zaharrena da; «zerbait ekarri behar nuen etxera. Ezin nintzen gelditu miserian zegoen etxaldeari so, amari so, deus egin gabe. Eta horregatik partitu nintzen». Zaila zaio esplikatzea, baina, aldi berean, horrek halako zilegitasun bat ematen diola sentitzen du. Bide bera hartu nahi dutenei kritika zuzena egiteko posibilitatea: «Iruditzen zait leku egokian nagoela Afrikan gelditu direnei zinezko errealitatearen berri eman ahal izateko. Amets horrekin segitzen baitute anitzek».

Kantuen bidez, herrian gelditu beharraren garrantziaz nahi ditu ohartarazi: «Gure gurasoak beren lur landuetan laguntzeko garrantziaz. Gure herrian bertan ekoizteko beharraz. Nehork ez du Afrika aldatuko kanpotik. Guri da horren egitea. Gu gara Afrikaren eraikitzaileak. Gu, belaunaldi gaztea. Nahiz eta bidaiatzea ona den, norberari da berearen garatzea. Horrela gara aitzinatuko. Elkartuz. Joateko amets hori bazter batean utz dezagun, eta ohar gaitezen guztia dagoela lekuan bertan».

Diskurtso horrek badu Art Melodyren herri bereko buruzagiThomas Sankarak (1949-1987) erraten zuenaren oihartzuna. Sankaraz galdetzerakoan, hain zuzen, haren ideiekin bat egiten duela baieztatu du artistak. «Aita» bat balitz bezala deskribatzen du: «Zintzotasunaren izpirituaren sortzailea izan da niretzat. Ontsa liteke haren ideia guztiak irakurri eta gauzatzen ahalegintzen segituko bagenu».

Halere, Sankararen laudorioa horretan uzten du artistak, ez duela «sankaramanian» erori nahi. «Lanjerosa iruditzen zait. Anitzek Sankara berenganatzen dute, baina ez dute haren bizia bizi. Sankarak ez zuen banku konturik, eta bere autoa ustela zen. Batzuek alimaleko auto eta etxeak dituzte eta, alta, egunero aipatzen dute Sankara. Horren saihesteko, Sankara aipatzea baino nahiago dut haren ideiak aipatu. Gero, aldiz, egia da gauero oheratzerakoan otoitz bat egiten dudala haren alde. Baina hori nire kontu pertsonala da».

Hezkuntzaren garrantzia ere nabarmendu du artistak. «Ikasi, informatu, jakintzaz jabeturik, eta aski jatekoa izanen dugularik eta osagarria zaintzen ahalko dugularik, Afrika garatuko da». Ideia horiek zabaltzea eta gauzatzea, hori du orain erronka. Eta horregatik kantu gehienak Burkina Fason mintzatzen dituzten more eta diula hizkuntzetan ditu kantatzen: «Etxe ondoan ditudanak uler dezaten zer erraten dudan. Gogo hori daukat». Herrian bizi, beraz, zailtasunak zailtasun. Bizi baino gehiago iraun egiten duela dio, «argi gorri guztiak piztuak dira». Bereziki boterearekin bat egiten ez duten bere gisako artistentzat «zaila baita». Telebistazein prentsa ofizialean lekurik ez dietela ematen dio. Baina bere diskoak entzun, entzuten direla badaki. Auzo pobreenetan gaindi batez ere. Eta kontzertuak ere ematen dituztela. Horrek berak pozten du artista, eta segitzeko gogoa indartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.