Olaizola II.a: «Aukeratu ditugun lau pilotak dira biziegiak»

Goizuetakoa buruz buruko proba gogorrik egin gabe ekingo dio etzi Urrutikoetxearen aurkako finalerdiari

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Aimar Olaizolak askotan esan du ez zaiola gustatzen gaur egun EPELeko txapelketetan erabiltzen diren pilotak. Ez dator bat enpresen eta intendenteek egiten duten galbahearekin, eta atzo, beste behin, ondo azaldu zuen bere iritzia larunbatean Mikel Urrurikoetxearen aurka jokatuko duen buruz buruko finalerdirako pilota aukeraketan: «Aukeratu ditugun lau pilotak biziegiak dira buruz buruko jokatzeko».

Iazko buruz buruko txapeldunak ez zen haserre tonuan kexatu, bere hitzek etsipen antza handiagoa zuten. «Sakearekin min asko egitea bilatzen dugu denok, eta saskian halako pilotak baldin badaude, aukeratu egiten ditugu». Urrutikoetxeak ere «pixka bat biziak» direla onartu zuen, baina jokatzeko egokiak direla gehituz. Pilotekin jarraituz, Olaizolak ez zuen iruzkin handiegirik egin nahi izan lehen finalerdian Martinez de Irujok ibili zuen pilota biziari buruz. «Beste enpresan erabiltzen duten pilota motakoa da. Nik aspalditik esan du pilota baxuagoak behar direla». Olaizolak 104,9 eta 105 gramoko pilotak hautatu zituen, Urrutikoetxeak, aldiz, 104,5 eta 104,6 gramokoak.

Olaizolaren sasoia beste zalantzetako bat ez. Barriolaren aurka ez zuen maila onik eman, eta gero astebeteko atzerapena eskatu. Aurrelariak, baina, ezin izan du proba gogorrik egin. «Eskua zaindu egin dut, askorik behartu gabe. Egia esan ez dakit eskua nola dagoen, partida bera izango da proba hori eta ondo erantzutea espero dut». Txakalaldiari, aldiz, garrantzia kendu zion, eta bi urte baino gehiago sasoi onean egin ondoren halako boladak izatea normala dela onartu zuen.

Aurkaria hitz egitean, Olaizolak ez zuen ustekabekotzat jo Urrutikoetxea finalerdietan egotea. «Askotan entrenatu dut berarekin eta goian egon zitekeela banekien». Aurrelari gazteak, bere aldetik, loreak itzuli zizkion Olaizolari. «Niretzat oso berezia da finalerdi batean hainbeste miresten duda pilotari baten aurka aritzea». Finalerdirako sarrera salmenta errito onean doa, eta segur asko beteko ez den arren harmailak itxura polita izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.