Ekaitz Garate. Bartzelonako Euskal Etxeko kultura dinamizatzailea

«Euskal zinema Kataluniako kulturarekin barreiatuko dugu»

Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2015eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
2006an iritsi zen Bartzelonako Euskal Etxera Ekaitz Garate (Ordizia, 1977) eta urtebete geroago parte hartu zuen, lehen aldiz, euskal zinemaren erakusketa antolatzen. Orain, bertako kultura dinamizatzailea da, eta aurtengo jaialdia modu berezian biziko duela aitortu digu.

Hamargarren aldirako egitarau borobila prestatu duzue.

Inertziak ekarri gaitu hamargarren urteurrena modu borobilean antolatzera, egia esan. Lehen aldiz, bi sailetan banatu dugu Sail Ofizialeko egitaraua, fikzioa eta dokumentala, eta sail bakoitzean seina film izango dira ikusgai Bartzelonako Girona zinemetan.

Sail Ofizialaz aparte, hala ere, hainbat egitasmo izango dira.

Lehen bi asteetan, Sail Ofizialeko filmak nagusituko dira gehienbat. Bestalde, Bartzelonako Malda zinemarekin lortu dugun akordioari esker, otsailaren 20an zinema maratoia eta 21ean familientzako proposamena antolatu ditugu. Egitasmo horietatik kanpo gelditzen diren filmak ikusteko, azkenik, AlterZinemaldia izeneko egitasmoa izango da Euskal Etxean.

Familientzako proposamena aipatzen duzula, azken EH Sona jaialdian ere egin zenuten antzeko proposamen bat.

Euskal Etxean antolatzen ditugun egitasmo guztiak amaitzean, balorazio orokorra egiten dugu, eta, azkenaldian, familia eta haurrentzako eskaintza kulturalaren barruan hutsune handia zegoela ikusi dugu. EH Sonan, Txo egitasmoaren bitartez, haur eta familientzako hitzorduak antolatu genituen eta, oso arrakastatsua izan zenez, hemen ere egin nahi izan dugu. Aurrerantzean, Euskal Etxearen ohiko programazioan familientzako egitasmoak sartzen jarraitzea da gure erronka.

Iaz, finantzaketa kolektiboarenkanpainiari esker lortu zenuten Zinemaldia Bartzelonako aretoetara iristea. Aurtengo ordainsariak lortzeko zein izan da gakoa?

Aurtengo urratsa egin ahal izateko, elkarkidetza akordioak egitea iruditu zitzaigun baliabiderik egokiena. Orain arte izan ditugun diru laguntzei eutsi eta hobetzeak, eta Azkue Fundazioarekin lortu dugun elkarlanak ahalbidetu dute, lehen aldiz, diru saria izatea.

Epaimahaian zinemagile eta zinema zuzendari katalanen alde apustu egin duzue aurten ere. Zaila izan al da euren parte hartzea lortzea?

Hasieratik harritu gintuen Kataluniako jendeak duen aldez aurretiko jarrera onak, harrera bikaina izaten baitugu. Aurtengo epaimahaiarekin, gainera, oso pozik gaude, euskal publikoarentzat agian ezagunegiak ez diren arren, profesionalki ibilbide oso txukuna baitute, eta horrek Zinemaldia.cat indartzen du.

Zerk bereizgarritzen du aurtengo aldia?

Zinemazale guztientzat Bartzelonan inoiz egon ez den zinema jaialdi kutsua izango da aurten. Otsailean, euskal zinema Kataluniako kulturarekin barreiatuko dugu Bartzelonan, eta xarma berezia izango du.

Amaitzeko, nola baloratuko zenuke Zinemaldiaren bilakaera?

Euskal Etxera iritsi, eta 2007an parte hartu nuen lehen aldiz zinema erakustaldia antolatzen. Garai hartan argi genuen poliki-poliki haztea izango zela erronka nagusia, baina ez genuen sekula pentsatuko iritsi garen tokira helduko ginenik. Oso pozik gaude, modu koherentean urruti iritsi gaitezkeela ikusi baitugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.