Su txikian egindako lana

'Mugaritz BSO' errezeta liburua argitaratu dute Andoni Luis Aduriz sukaldariak eta Felipe Ugarte musikariak elkarlaneanHarkaitz Canoren narrazio batzuk eta sortze prozesuaren 'making off'-a ere baditu

Mugaritz jatetxeko hamabi errezeta bildu dituzte Mugaritz BSO liburuan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
2013ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Errezeta liburu musikatua da Felipe Ugarte musikariak eta Andoni Luis Aduriz sukaldariak egindako Mugaritz BSO liburua. Iazko abenduan bukatu zuten azken bost urteetan euren bizitzen zati handi samar bat hartu duen proiektua. Errezeten artean, Harkaitz Cano idazlearen zenbait narrazio daude, eta prozesuaren making off-a erakusten duen CDa ere badakar. Liburu dendetako apaletan gutxitan aurki daitezkeen moduko errezeta liburua.

Adurizen jatetxe Mugaritzeko hamabi errezeta biltzen ditu Mugaritz BSO liburuak, bi zatitan banatuta. Batetik, Canoren narrazio, poema eta konjuruak daude, eta bestetik, Adurizen errezetak. Bi CD ere baditu: bata musikarena, Juan Hernandezek ekoiztua eta Ugartek zuzendua; bestea, making off -a, Ugartek eta Juantxo Sardonek elkarrekin zuzendua.

Urte asko dira Ugartek eta Adurizek elkar ezagutzen dutela, eta zergatik esaten ez dakien arren, Adurizek susmoa zuen Ugartek noizbait kolaborazioren bat eskatuko ziela. Eta hala izan zen: otordu bat nola prestatzen zuten ikusi nahi zuela esan zion Ugartek sukaldariari, eta hori izan zen, hain justu, proiektu osoaren hasiera. «Sukaldeko lana bukatu genuenean, zerbait egin behar genuela esan zidan, musika CD bat edo; esaten zuen orkestra bat bezala lan egiten genuela, bakoitza berera, baina harmonian», gogoratu du Adurizek.

Uste zutenaz bestera, hura izan zen bidaia luze baten hasiera: menu bat aukeratu eta hura musikatzea, hori baitzen hasierako asmoa. «Baina une horretan konturatu ginen hasiera batean hain ezberdinak diruditen bi munduok batzen dituzten elementuak uste baino gehiago direla, aldentzen dituztenen aldean», azaldu du Adurizek. Elkarlanerako, garrantzitsua zen musikariek jakitea zein zen errezeta horiek egiteko gakoa: «Sortze prozesuaren abiapuntutzat hartu ditugu guk sukaldean aurkitzen ditugun tentsioak: osagai batzuekin lan egiteak tentsio mota bat eragiten digu, eta beste batzuekin lan egiteak, beste bat».

Esperientzia «kitzikagarria»

Musika CD bat zena, baina, disko-liburu bihurtu nahi izan zuten gero, doinu horiek entzuten zituenak ezer ez ulertzeko zuten beldurragatik. «Kantek zerikusi gutxi zuten euren artean, eta entzulea galtzeko arriskua hor zegoen», azaldu du Adurizek. Etiopian eta Perun egon ziren, doinu eta soinuen bila. Gero etorri zen making off -a egitearen ideia, besteak beste, Donostiako Zinemaldia eta Berlinale jaialdietara iritsi dena.

Proiektuan hainbat musikarik parte hartu dute; besteak beste, Carlos Mena, Tanya Tagaq, Alos Quartet eta Waffir Shaikhelek: euren kasa lan egin dute, Ugartek emandako irizpideren bat edo besterekin, baina artistek ere izan dute norbere ideiak plazaratzeko aukerarik. Txundituta dago sukaldaria lortutako emaitzarekin: «Jendea asko inplikatu da proiektuan, eta hori da gakoa».

Literatura eta gastronomia ere eskutik helduta daude lan honetan. Lehenagotik ere hainbat proiektutan ibili izan dira Cano eta Aduriz elkarlanean; aspalditik dute harremana. Hitz onak besterik ez ditu harentzat: «Pasioz bizi du literatura, eta erronkaren bat parean jartzen badiozu, zaila da hark ezetz esatea».

Ez da artearekin zerikusia duen proiektu batean Adurizek parte hartzen duen lehenengo aldia; besteak beste, Kataluniako La Fura dels Baus antzerki taldearekin aritutakoa da. «Noizean behin halakoak egitea gustatzen zait: plateraren ertza gainditzea, neronen eremutik at jardutea», azaldu du Adurizek. Mugaritz BSO -n, adibidez, txalaparta jotzera ausartu da: «Errezeta horiek pentsatzea baino zailagoa izan da!». Proiektuak eragindako buruhauste guztien gainetik, esperientzia «kitzikagarria» izan dela uste du Adurizek.

Ingelesez eta gaztelaniaz argitaratu dute liburua, eta munduko lau salmenta lekutan soilik aurki daiteke oraingoz, jatetxearen webgunean ez ezik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.