Katalunia. Erreferendumaren ondorena

Cuixart eta Sanchez espetxeratzeko agindu du Auzitegi Nazionalak

Iragan irailaren 20an Guardia Zibilaren aurkako «setio bat» hauspotzea egotzi die epaileak Omnium eta ANCko buruei. Kautelazko neurriak jarrita, baina aske utzi du Josep Lluis Trapero mossoen burua

Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez Espainiako Audientzia Nazionalera iristen, atzo goizean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Igor Susaeta - Mikel P. Ansa
2017ko urriaren 17a
00:00
Entzun

Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea eta Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentea espetxeratzeko agindu zuen, atzo gauean, Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Fidantzarik gabeko behin-behineko kartzelatzea ezarri diete. Irailaren 20an, Bartzelonan, Guardia Zibilaren kontrako «setio bat» sustatzea egotzi die. Madrilen giltzaperatu dituzte, bart gauean, Soto del Realeko espetxean Josep Lluis Trapero Mossos d'Esquadren burua eta Teresa Laplana intendentea, aldiz, aske utzi ditu, baina kautelazko neurriak jarrita.

Laurei sedizio delitua leporatzen zieten, eta atzo bigarren aldiz deklaratu zuten Audientzia Nazionalean. Aurrenekoan, joan den urriaren 6an, aske utzi zituzten, baina fiskaltzak beste zitazio bat eskatu zuen. Izan ere, Guardia Zibilak ikerketari txosten bat gehitu zion orduan, lau ikertuei leporatzen zieten delitua indartzeko balioko zuelakoan. Ordura arte, irailaren 20an eta 21ean gertatutakoen harira lau ikertuek izan zuten jarrera zegoen auzitan, baina bi egun horien eta urriaren 1a bitartean izandako jarrera ere aztertzea erabaki zuten orduan.

Dena dela, irailaren 20ko eta 21eko gertakariak hartu ditu kontuan epaileak bere autoan. Horren arabera, Cuixart eta Sanchez dira irailaren 20an Kataluniako Ekonomia Kontseilaritzaren aurrean egindako protesten erantzuleak. Bartzelonako 13. Instrukzioko epaileak kontseilaritza hori miatzea agindu zuen egun hartan, eta Guardia Zibila hara heldu zenean milaka lagun bildu ziren eraikinaren kanpoaldean.

Elkarretaratze horiek galdeketaren aldeko hainbat elkartek deitu zituzten, baina autoak dioenez, «nabarmenenak» Omnium eta ANC izan ziren.

Autoaren arabera, bi egun horietako ekintzen «xedea» izan zen justiziako eta segurtasun indarretako kideei legea betetzen «eragoztea», eta epaileak erresoluzioan jaso duenez, ANCko eta Omniumeko buruak izan ziren protestetako solaskideak. «Gutxienez bost aldiz saiatu ziren segurtasun indarrekin negoziatzen, soilik haien helburu politikoetarako komenigarriak ziren aukerak planteatuz. Inoiz ez zituzten onartu arriskuak gutxitze edo eragozte aldera herri segurtasunean espezialistak direnek planteatutako aukerak».

Lamelak nabarmendu duenez, «epailearen aginduak» betetzen ari ziren agenteak «beldurrarazi» zituzten kontzentrazioan. Egozten dio Sanchezi bildutakoak harrotzea, honelakoak esanez: «Inor ez dadila etxera joan; gau luze eta bizia izango da». Biei leporatu die Guardia Zibilaren auto batera igo izana eta erreferendumaren aldeko «etengabeko mobilizazioa» eskatu izana.

Kartzelatuko zituztelakoan, Cuixartek eta Sanchezek bi bideo utzi zituzten grabatuta, eta atzo gauean hedatu zituzten sare sozialetan. «Estatuaren errepresioaren» aurrean, «konfiantza eta lasaitasuna» eskatu ditu Omniumeko buruak. Sanchezek bideoan dio erabakiak ez diela «justiziaren printzipioei erantzuten». Protesta baketsuak egitera dei egin dute bi-biek. Dagoeneko antolatu dituzte protestak, izan ere. Bart gauean kazola jotzeak egin zituzten Kataluniako herri askotan. Gaurko, berriz, Crida per la Democraciak deia egin die herritarrei, 12:00etan lanuzteak egin ditzaten lantokietan, eta 20:00etan elkarretaratzeak egin ditzaten Espainiako Gobernuaren ordezkaritzetan, Bartzelonan, Gironan, Lleidan eta Tarragonan.

«Preso politikoak»

Erreakzio soka luzea, eta gogorra, eragin dute espetxeratzeek, sektore askotatik. Carles Puigdemont presidentearentzat, «ideiak kartzelatu» nahi dituzte erabakiarekin. «Zoritxarrez, preso politikoak dauzkagu berriz». Jordi Turull Generalitateko eledunak «probokaziotzat» jo du, Miquel Iceta PSCko buruak «neurriz kanpokotzat» hartu du, eta Ada Colau Bartzelonako alkateak «astakeria» bat izan dela iritzi dio: «Huts egite handi bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.