Katalunia. Eskozia

Bigarrena prestatzen

Edinburgoko Usher Hall antzokian elkartu dira Eskoziako hainbat eragile politiko eta sozial, independentziari buruzko beste erreferendum bat egiteko aukeraz eztabaidatzeko.

Miren Manias.
Edinburgo
2017ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Ekitaldiaren amaieran agertu zen Eskoziako lehen ministro ohia, Alex Salmond. Publikoa gose zen hari entzuteko. «Ez dela bigarren erreferenduma egiteko garaia? Bizitza osoa eman dezakezu hori esaten. Bigarrena eraikitzen hasi behar dugu, 2014ko erreferenduma amaitu genuen leku beretik», azpimarratu zuen Eskoziaren independentziari buruzko konbentzioan, Edinburgon. Salmondek Kataluniari babesa erakutsi zion eta Europaren isiltasuna salatu zuen. Anna Arque aktibista Kataluniatik bertatik etorri zen Edinburgoko konbentziora. Herrialdeak bizi duen errepresio egoeraz harago, mezu positiboa zabaldu nahi izan zuen Arquek. «Gure eskubideak ezin dira urratu, eta errepublika gisa aitortu beharko gaituzte. Nire presidentea Carles Puigdemont da».

Goizean goizetik jende ugari gerturatu zen Edinburgoko Usher Hall antzokira, eztabaidatzeko Eskoziaren independentziari buruzko bigarren erreferendum batean nola bultzatu gizarteko talde ezberdinen parte hartzea, nola garatu independentzia egiteko arrazoi indartsuak, eta, azkenik, nola eraiki kanpainaren oinarri sendo eta parte hartzaile bat. Egun osoko programa bi zatitan banatu zuten. Lehenengo saioan, goizean, galderak plazaratu ziren nagusiki. Eskoziako bigarren independentzia erreferenduma egingo balitz, zer-nolako kanpaina beharko litzatekeen egin, alegia. Arratsaldean, aldiz, kanpaina diseinatu eta eraikitzeko aukerez aritu ziren. Han izan ziren, besteak beste, EH Bilduko Igor Zulaika eta Sorturen idazkaritzako kide Pello Otxandiano.

Hizlarien artean, ikuspuntu ezberdinak entzun zitezkeen. Akademikoek, politikariek, telebistako aktoreek eta ezkerreko mugimenduetako hainbat aktibistak hartu zuten parte. Elaine C. Smithek BBC telebistan egiten du lan, eta hark zabaldu zuen konbentzioa. «Eskoziako Alderdi Nazionalak [SNP] ezin du independentzia irabazi hemen gaudenon laguntzarik gabe, ezta guk ere SNPren laguntzarik gabe. Independentzia mugimendua orain dela hamar urte baino askoz ere handiagoa da, eta horretaz baliatu behar dugu», adierazi zuen. Smithen ustez, independentzia positiboa izango da baldin eta orain arte entzunak izan ez direnei laguntzen badie. «Justizian sinisten dugu, berdintasun sozialean; baina horretarako entzun behar zaio Eskoziari, jakiteko nola nahi duen eraiki bere etorkizuna».

Heriot-Watt Unibertsitateko ikertzailea da Iain Black. «Brexit-aren ondoren, eskoziarrak itota daude hainbeste informazio artean. Nahastuta eta nekatuta. Egindako ikerketa baten arabera, brexit-ak gauzak asko aztoratu ditu. Jendeak gauza asko bazituen buruan, orain are gehiago ditu. Neurri handi batean, gure hutsegitea ere bada. 2014ko erreferendumean parte hartzea masiboa izan zen, herritar ugari mugiarazi zituen, baina ezezko emaitzak jendea desmotibatu zuen». Frustrazio eta zailtasun handiko gertakaria izan zen. Beraz, 2014ko zama oraindik presente dago Eskoziako gizartean. «Beharbada, informazioa modu eraginkorragoan helarazi izan bagenu, parte hartzaileek beste zerbait bozkatuko zuketen», esan zuen Blackek.

Ikerketan parte hartu dutenek, anonimotasuna gordetzeko, ez zituzten abizenak esan aurkezpen grafikoan. Jane izenez identifikatu zen emakumea da horietako bat: «Jendearen iritzia egun batetik bestera alda daiteke. Brexit-ak oso ondorio larriak ekar ditzake eskoziarren poltsikoetara, eta horretaz ohartzean errealitate osoak eman dezake 180 graduko bira. Informazioa ondo nola kudeatu identifikatzea izan daiteke giltzarrietako bat. Horretarako ikerketa gehiago behar da», adierazi zuen. «Herritarrak zaintzen dituen gizartea» lortzeko bidean, arazo handiena NHS osasun zerbitzu publikoan dago. Gaur egun, sektorea krisi sakonean dago Erresuma Batuan, herritarrak kexu dira, eta finantzaketa handiagoa eskatzen dute. Baita eskoziarrek ere. Esparru horretan erabaki propioak hartzeko eskumena badu ere, Eskoziak menpekotasun handia du Londresekiko. Finean, hark jartzen du dirua.

Jendearengana iristea

Robin McAlpine Common Weal ideien laborategiko zuzendaria izan zen hurrengo hizlaria. «Aurreko erreferendumak aukera eman digu geure buruari galdetzeko zeintzuk diren 2014an egindako okerrak», esan zuen. «Erresuma Batuan geratzeko propaganda inoiz baino handiagoa da orain. Estatistika ugari agertu dira hedabideetan brexit-aren harira. Beraz, jendeak beldurra du. Normala da. Zer egin behar dugu? Estatistikak alde batera utzi, eta erakutsi hautesleei zer egiteko gai garen. Hain zuzen, demostratu aukera badugula mila gauza egiteko». McAlpineren arabera, ekintzak eta plan berriak behar ditu Eskoziak. «Belaunaldi berriei gizarte hobea bermatuko diena». Ez ditu «arrosa kolorez» ikusten datozen bi urteak, baina gizartearekin aldebiko elkarrizketa hasteko ordua dela azpimarratu zuen.

Datozen bi urteetako lana, beraz, gizarteko sektore guztietako jendearengana iristea izango da. Erlijio, kultura eta azal kolore guztiak ordezkatuta egon daitezen. Marsha Scott Eskoziako Emakumeen Laguntza taldeko arduraduna da. «Emakumeak ez badaude ikusgaiindependentziaren aldeko kanpainan, atzean zein aurrean, arriskua dago pentsatzeko ez ditugula baiezkoaren aldeko mugimenduan behar». Liam Stevensonek, berriz, Time for Inclusive Education hezkuntza inklusiboa bultzatzeko erakundean egiten du lan. Haren hitzaldia langile klaseko jendearengana iristeko proposamenean oinarritu zen. Pobrezian daudenak gutxien entzun izan diren gizarte kolektibo handiena da Eskozian. Stevensonen arabera, bigarren erreferenduma egiten bada, kanpainaren diskurtsoan egon beharko dute. Beharrezkoa izango da elkarrizketa kolektibo eta agente guztien artean egitea. «Aurpegi eta mezu berriak behar ditugu; gutxien erakusten diren kolektibo horienak ere bai».

Ekonomia ereduaz

Beste eztabaidagai garrantzitsuenetako bat da etorkizuneko ekonomia eredua. «Barne produktu gordinean oinarritzen den ekonomia ez da iraunkorra, ez du gizarte osoaren ongizatea bultzatzen», azpimarratu zuen Katherine Trebeck Erresuma Batuko Oxfam erakundeko ikertzaileak. Hala, komunitatea aberastu eta bestelako hazkundea ekarriko duen «ekonomia ekologikoa» proposatu zuen Trebeckek. «Ez dugu behar etekin ekonomikoa ipartzat duen hazkundea, baizik eta pertsonak babesten dituena». Ingurumenarekiko begirunea duena, alegia. Adibide horien artean, Arrasateko kooperatiba eredua aipatu zuen. Esparru geografiko bereko erakunde eta negozio txikien indarra batu, indar handiagoa bihurtzeko. Moneta propioa sortzeko eztabaida ere izan zen konbentzioan.

«Zer berreskuratuko genuke, beraz, independentzia lortuta?», galdetu zion publikoari Common Weal erakundeko ikerketa zuzendari Craig Davidek. Audientziaren artean, berriz, BBC telebista publikoa, gastu militarraren gaineko erabakia, arma nuklearren politika, herrialdearen zor publiko maila kontrolatzea eta halako gaiak entzun ziren besteak beste, ozen eta gogotsu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.