Talgorentzat da kontratutzarra

2.600 milioi euroko aurrekontuarekin, abiadura handiko 30 tren egingo ditu Renferentzat. CAFen eskaintza ekonomikoa ere garaitu du, behin haren okerrak zuzenduta. Araban lantegi bat du Talgok

Talgoren abiadura handiko Avril trena oraindik ez dabil inongo trenbidetan, prototipo fasean dago. TALGO.
IruneLasa
2016ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Ustekaberik ez zuen eman atzo Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroak. Talgo konpainiak irabazi du Renferen 2.642ko milioi euroko kontratua, CAF, Alstom eta Siemens atzean utzita. De la Sernak azaldu zuenez, Renferen administrazio kontseiluak goizean egindako bileran baieztatu zuen, espero zen moduan, CAFen eskaintza ekonomikoan oker bat zegoela eta, beraz, Talgok lortu zuela lehiako puntuaziorik onena bai eskaintza teknikoan eta bai ekonomikoan. Joan den asteartean, eskaintzak jakinarazizirenean,CAFena izan zen eskaintza ekonomikorik onena, baina merkeegia zen —beste eskaintzen batezbestekoaren oso azpitik gelditzen zen—, eta susmoak piztu ziren ea kontuetan okerren bat zegoen.

Renferen dministrazio kontseilu horrek, ordea, ez zuen aintzat hartu joan den astean Alstomek Talgoren puntuazioaz azalpen eske bidalitako gutuna. Ikuspegi teknikotik Alstomek, besteak beste, zalantzan jartzen du ea Talgoren Avril trenak erosotasun irizpideak betetzen dituen, bost eserlekuko errenkadak dituelako; hots, hiru eserlekuko lerroak bagoiaren alde batean.

Arlo ekonomikoan ere, Talgok inflazioaren %1eko hazkundea iragarri du mantentze lanetarako, eta, beraz, haren eskaintza %30 merkeagoa da eskaintzak %1,5eko inflazio iragarpenarekin egin dituzten lehiakideenen aldean. Alstomek ez du argitu helegitea jarriko duen. Behin atzo kontratua Talgori emanda, Renfek hamabost egun ditu hala nahi duten lehiakideei informazio osagarria bidaltzeko. Ondoren izango du modua Alstomek helegitea jartzeko.

Iñigo de la Serna ministroaren arabera, Talgoren Avril tren bakoitza 22,5 milioi euro kostatuko da, megakontratua egiteko hasieran ezarritako gehieneko salneurria baino %28 merkeago, betiere hasieran egin behar dituen hamabost trenentzat. De la Sernak esan zuen hurrengo hamabostak eskatuko balitu Renfek lortutako merkatzea %40tik gorakoa izango litzatekeela.

Argi dago Talgok ahalegin berezia egin duela prezioan ere eskaintza onena egin eta kontratua beretzat izango zela ziurtatzeko. CAFen eskaintzak (behin okerrak zuzenduta) %20,7 merkatzen zuen ezarritako gehieneko salneurria, eta Siemensenak %12,5. Alstomek gehieneko prezioaren oso antzekoa eskaini zuen.

«Renferentzako trenik onena da», esan zuen ministroak Talgoren Avril trenari buruz. «Merkatuko trenik merkeena eta modernoena eskuratzeko kontratutik bai Renfek eta bai gobernuak lortuko dute onura». De la Sernaren aburuz, herrialdeko industria sektorearentzat «bultzada» handia izango da neurri honetako eskaria. Zuzenean eta zeharka, trenokin 1.000 lanpostu inguru sortzea espero dute.

Bultzada Talgorentzat

Talgorentzat, behintzat, bai; bultzada ederra izango da kontratu hau, besteak beste, konpainiaren eskari poltsaren %28,5 hartuko duelako. Adjudikazioa «Talgorentzat eta Espainiarentzat albiste ona» dela esan zuen atzo Talgoren presidenteak, Carlos Palacio Oriolek. Neurri handi batean, Talgorentzat hil edo bizikoa zen kontratu hau eskuratzea; are gehiago, kontuan izanik trengilearen eskari poltsa jaitsi egin dela azken bi urtetan 3.900 milioi eurotik 3.500 milioitara. Maiatzaren 7an burtsaratu zen Talgok akziodunei pozen bat emateko garaia ere bazen.

Mekarako abiadura handiko trenak egiten ari da Talgo gaur egun, eta kontratu horrek hartzen du bere eskari poltsaren %40. Baina Saudi Arabian trenbidea egiteko lanek atzerapen handia dute, eta orain gutxi eraikuntzako konpainiek hamalau hilabeteko luzapen bat lortu dute.

Madrilen du lantegi nagusia Talgok, baina Euskal Herrian ere badu fabrika bat Araban, Rivabellosan, eta 500 behargin inguru ditu han. Besteak beste, abiadura handiko trenak ekoizten dituzte Mekarako.

Bestalde, De la Serna ministroa Renferen monopolioa hautsiko duen trenbide garraioaren liberalizazioa 2020ra arte atzeratzearen alde agertu zen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.