Ihes egiteko toki segururik gabe

Milaka palestinarrek etxea utzi behar izan dute Israelgo armadaren ultimatuma jaso ondoren, baina ez daukate nora joan.UNRWAren eskolek ez dute herritar gehiago jasotzeko baliabiderik

Emad eta Ghassim Elwan Israelgo tanke batek hil zituen umeen bizilagunak, hiletan, atzo, Gaza hirian. MOHAMMED SABER / EFE.
Ane irazabal
Gaza
2014ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Safahek duela lau egun jaso zuen Israelgo armadaren lehen abisua: «Bihar eguerdirako etxetik alde egin; bestela, zuen bizitza arriskuan jarriko duzue». Zerutik jausitako eskutitza irakurri ostean, Safahek familia guztia esnatu zuen eta, gaueko ordu txikietan, Beit Hanoun eremuko Attatra auzotik ihes egin zuten. «Bi orduz ibili ginen UNRWA palestinar iheslarientzako agentziaren eskolarik hurbilenera iritsi arte. Israelgo abiazioa ingurua bonbardatzen ari zen, eta taxi gidariek ez zuten gure bila etorri nahi», azaldu du Safahek.

Baina oharpena ez zen bete, eta, bi egunez ikasgela batean lo egin ondoren, Safaheren familiak etxera itzultzea erabaki zuen. «Nazio Batuen eskolek ez dute baliabiderik. Ura eta ogia bakarrik banatzen dute», azaldu du Safahek. Etxera itzuli bezain laster, ordea, telefono dei bat jaso zuten. Bigarren abisua: «Eremu honetako biztanle guztiek beren etxeak utzi behar dituzte. Ez diegu zibilei eraso nahi». Eta orain zer? Galdetu zien Safahek bere alabei. Berriz ere motxilak prestatu eta UNRWAren eskola berera itzuli ziren.

Orduz geroztik, etxera noiz itzuliko den zain dago Safah. «Gure eraikinari ez diote oraindik eraso, baina oso arriskutsua da bueltatzea. Ez dakit zer-nolako egoera aurkituko dugun berriz itzultzen garenean», dio beldurrez.

Safahek bezala, Gazako ipar-ekialdeko ehunka familiak bizipen bera izan dute azken egunetan. Etxetik aterpera, aterpetik etxera eta berriz ere ihesaldia. 60.000 pertsonak baino gehiagok beren herritik Gazako erdigunera hanka egin dute aterpe bila. Baina Israelgo armadak guztira100.000 herritarri bota die ihes egiteko abisua. Barne desplazatuen egoera larrialdi egoera bilakatzen ari da; izan ere, NBEren eskolek ez dute 40.000 pertsona baino gehiago jasotzeko ahalmenik.

Zenbatekoa da gerra psikologikoaren eragina? Gazatar askoren iritziz, palestinarren beldurrarekin jolasean ari da Israel. «Larrialdi egoera bat eragin nahi dute Hamasi presio egiteko», azaldu du Sobhi Soboh izeneko ikasle batek. Denak ez dira mehatxu hutsalak, ordea. Israelgo bonbardaketek 1.300 eraikin baino gehiago suntsitu dituzte jada, gehienak herritarren etxe arruntak. «Gure auzoan, eguneko etxe bat bonbardatzen dute, baina nola jakin dezakegu hurrengoa ez dela gurea izango?», dio Sobohek.

Tankeak etxeen aurrean

Beldurra oso azkar zabaldu da Gaza iparraldeko herritarren artean. «Hasieran ez genituen Israelen abisuak sinetsi, baina lurreko ofentsibak dena aldatu du. Gauetan gure etxearen aurrean jartzen dira tankeak, eta kanoikadek eraikina astintzen dute», azaldu du Axraf izeneko Beit Hanoungo nekazari batek. Haren familiak ere alde egitea erabaki du. «Nigatik balitz, ez nuke etxetik alde egingo, baina lau seme-alaba ditut, eta bonben hotsak entzuten dituzten bakoitzean gaixotu egiten dira. Ezin dugu haien bizitza arriskuan jarri».

Israelgo armadaren ultimatumak Gaza erdialdera zabaldu dira azken orduetan, batez ere, Zaytoun eremura. Horko ehunka biztanlek etxetik alde egiteko abisua jaso dute. Bonbardaketek Gaza erdigunea joko duten beldurra zabaldu da. «Gaza erdialdea bonbardatzen badute, ihesaldia masiboa bilakatuko da», nabarmendu du Adnan Abu Hasnak, UNRWAko prentsa arduradunak. Hala, hirigunean kokatuta dauden hainbat telebista kate eta ekoiztetxe tokiz aldatu dira, eta portuaren inguruan ezarri dituzte behin-behineko bulegoak.

Edonola ere, Gazan ez dago toki segururik. «Zer egin jakin ezinik gabiltza: etxean geratuz gero, arriskuan gaude; ihes egiten badugu, ordea, nork hartuko gaitu?», azaldu du Beit Hanoundik alde ez egitea erabaki duen Maher Attar izeneko abokatuak: «Gaza kartzela bat da; ez dago ihes egiterik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.