Itsasoko oroimenekin dantzan

Dantzaz konpainiak 'Itsaslaboa: txoriak, zoroen itsasoa' ikuskizuna estreinatuko du Lekeitioko hondartzan, uztailaren 11n eta 12an.Mikel Laboaren omenez sortu dute dantza emanaldia

Dantzaz konpainiako dantzariak, atzo, Donostiako Kontxako hondartzan, Itsaslaboa: txoriak, zoroen itsasoa ikuskizunaren aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2014ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Lekeitioko (Bizkaia) itsasoa eta portua bereziak izan ziren Mikel Laboarentzat (Donostia, 1934-2008). 3 urte zituela, hango baserri batera joan ziren hura eta haren familia, 1936ko gerratik ihesi. Oroitzapen ikaragarriak eta ederrak nahastu ziren Laboarengan garai haietan; gerraren oihartzunekin batera, Lekeitioko portuan entzundako hizkerak, soinuak eta zurrumurruak iltzatu zitzaizkion oroimenean. Soinu horiek izan ziren, hain zuzen ere, Laboak sortutako Lekeitioen jatorria—doinu eta soinu ugarirekin sortutako piezak—. Lekeitiorekin harreman estua izan zuen abeslariak, eta orain, hil zela bost urte bete direnean, harreman hori omenduko du herriak. Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdiak Dantzaz konpainiaren Itsaslaboa: txoriak, zoroen itsasoa ikuskizuna ekoiztu du, jaialdiaren 25. urteurrena ospatzeko; Laboaren kanta ezagunenak oinarri hartuta, dantza garaikidea eta hondartzak eskaintzen duen agertoki naturala bilduko ditu emanaldiak. Uztailaren 11n eta 12an estreinatuko dute, Isuntza hondartzan.

Emanaldia egiteko, Dantzaz konpainiak bigarren aldiz jo du hondartzara; Naufragoak- Sarritsasoa ikuskizuna (2011) aurten ere egin du, bai Lekeition eta bai Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat hondartzatan ere. Koreografiaren sortzaile Josu Mujikaren esanetan, hondartzan dantzatzeak ateak irekitzen dizkio emanaldiari: «Hondartza agertoki zabala da, eta hondarra berezia da toki bakoitzean; baina oztopoak jarri baino gehiago, gauza berriak eraikitzeko aukera eman digu». Hala, Laboa ardatz hartzen duen emanaldiak elementu berriak eraikiko ditu, musikaren hariari jarraituz. Mujikarentzat zailena abestiak aukeratzea izan da: «Hainbeste dira Laboak sortutako kantak, eta hain aberatsak denak, ez dela batere erraza izan guztien artean gutxi batzuk hautatzea. Ikuskizunari izena jartzean, nire anaiarekin oroitu naiz; Laboarekin harreman estua izan genuen, baina ez musikari moduan, mediku moduan baizik; zioenez, zoroen buruan beste mundu bat aurkitu daiteke, eta guk ere bestelako emanaldi bat egin nahi izan dugu, omenaldi xumetik haratago doana».

Omenaldia baino zerbait gehiago egiteko ahaleginean, koreografoa elkarlanean aritu da Iñaki Salvadorrekin, Laboaren lagun min musikariarekin. Aukeratutako abestien artean lotura egiteaz arduratu da Salvador, eta ikuskizunaren «errespetua» eta «zerbait berria sortzeko ahalmena» eskertu ditu. «Laboa galdu genuenetik bost urte igaro dira, eta denbora honetan etengabe egin dizkiote omenaldiak, eman zaizkio sariak eta beste. Alde batetik, oso pozgarria da ikustea haren lanak oraindik jendearen onespena duela, baina, bestetik, nekea nabari dut, artistikoki eta pertsonalki, doluarekin amaitzeko beharra sentitzen baitut. Dolu epea natural itxi behar dugu, eta horretarako bide egokiena gauza berriak egitea da. Alde horretatik, Dantzaz konpainiak eta Josu Mujikak sortu duten ikuskizuna dolua ixteko modu ederra da; Laboak zioen moduan, 'Nahi baduzu nik maitatzea, Ama, eten dezagun gogoaren zilbor hestea'. Mujikak horixe lortu du emanaldi honekin; Laboaren lana errespetatuz, gauza berri bat sortzea».

Laboari omenaldia egitearekin batera, kale-antzerki jaialdiaren arrakasta borobilduko du estreinaldiak, Lekeitioko alkate Maitane Larrauriren esanetan: «Lekeitio kulturaren kaia izatea nahi dugu, kultura porturatu eta itsasoratzeko gai garelako. Alde horretatik, kale antzerkiaren jaialdiak garapen handia izan du, eta, guretzat, artistak emandakoa umil bueltatzeko modua da 25. urteurrena Laboaren irudiarekin ospatzea».

Lekeitio, antzerkiaren portu

Jaialdiaren zuzendari Imanol Agirreren arabera, nazioarteko antzerki topagune indartsu bilakatu da. «Jaialdia sortu aurretik, kale antzerkia hirugarren mailako ikuskizun mota bat zen; baina 25 urtean leku duina egin diogu, eta gaur egun euskal antzerkiaren eta nazioartekoaren topagune bilakatu da». Urtero emanaldi ugari aurkeztearekin batera, hainbat koprodukzio egiten dituzte; aurten, Dantzaz konpainiaren emanaldiarekin batera, beste bi produkzio estreinatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.