Eskupilota elkarteak eta federazioak aro berri bat hasi dute

Bi elkarteek akordio bat sinatu dute, egutegiak errespetatu eta pilota ikastoletan sustatu ahal izateko

Lilou Etxeberria eta Jean Baptiste Ezkurra, akordioa sinatzen. GAIZKA IROZ.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Eskupilota berezko pilotarien elkarteak—trinket profesional zirkuitua antolatzen duen erakundea— eta Frantziako Pilota Federazioak (FFPB) elkarlan akordio bat sinatu dute. Bi dira ardatzak: batak bestearen lehiaketa egutegiak errespetatzea eta eskoletan pilota sustatzea ahalbidetuko duen baimena bultzatzea. Badirudi bi erakundeen arteko azken urteetako harreman txarra iraganeko kontua dela.

Jean Baptiste Ezkurra Eskupilotako buruak eta Lilou Etxeberria FFPBko presidente berriak herenegun sinatu zuten akordioa. Igandeko binakako trinket finalerako pilota hautaketan egin zuten, Moderneko kantxan bertan, eta aurretik hedabideei ezer esan gabe. Orrialde askoko agiri bat sinatu zuten, eta hedabideen esku jarri ez, baina euren hitzetan laburbildu zuten. Adostu duten lehen puntua lehiaketa egutegia izan da, eta, hemendik aurrera, bi erakundeek elkar errespetatuko dute. Federazioak ez du partidarik antolatuko eskupilotaren zirkuituek irauten duten bitartean, eta enpresak, berriz, txapelketa ofizialak errespetatuko ditu.

Bigarren puntua eskupilotaren aspaldiko nahi bat da: ikastetxeetan pilota entrenatzaileak jarri ahal izatea. Elkarteak aspaldi egina zuen proiektuaren diseinua, baina Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez du begi onez ikusten egitasmo pribatuak ikastetxeetan barneratzea. Horretarako, Eskupilota elkarteak pilota federazioaren babesa behar zuen, eta orain arte ukatu egin izan diote. Federazioko zuzendaritza berriak, baina, begi onez ikusi du eskaera, eta haren eskutik entrenatzaileak sartu ahal izango dira. Eskupilotaren asmoa laurekin hastea da, bat lurralde elkargo bakoitzeko.

Akordioez gain, elkarlana da bi erakundeek bidali nahi duten mezua. Jean François Pascassio Frantziako federazioko presidente ohiaren eta berezkoen arteko harremana ez zen ona izan. Maiz egin zuten talka. Etxeberria, berriz, erakunde pribatuekin elkarlanean aritzearen aldekoa da. 2012ko abenduan iritsi zen kargura, bozen %67rekin, eta, aurretik, Miarritzeko BACeko buru izan zen. Hor antolatzen da, besteak beste, Urrezko Xistera, zesta-punta jokalari profesionalekin, eta gertuagotik ezagutzen ditu pilotaren egitura profesionalak.

Sarrerak, Internet bidez

Binakako trinket finalerako sarrerak Internet bidez erosteko gune bat jarri du Frantziako federazioak. Haren webgunean (www.ffpb.net) dago txarteldegi birtualera sartu ahal izateko esteka. Bi preziotako sarrerak eros daitezke: 25 eurokoa, eskuineko harmailetan, eta hamar eurokoa, ezkerrekoetan, taularen gainean, eta errebotean—trinketak beirazko paretak ditu—. Igandean jokatuko da finala, Baionako Moderne trinketan (11:30) Waltary-Arizmendiren eta Larretxea-X.Lanberten artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.