Amuarrainez jantzita

Amuarrainen azalarekin poltsak, gerrikoak eta diru zorroak egiten hasi dira Bankan. Arrakasta izaten ari da proiektua, eta Hermes eta Louis Vuitton enpresek interesa agertu dute.

Ihintza Elustondo
2016ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Amuarrainen estiloari begira jarri dira Bankan (Nafarroa Beherea), gizakiari haien moduan janzteko aukera eman nahian. Hala, amuarrainen azalarekin moda egiten hasi dira. Berrikuntza da. «Ez dut uste munduan beste inon egiten denik», azaldu du Peio Goikoetxeak. Amuarrain haztegia du Bankan, eta orain gutxi arte helburu gastronomikoak zituen haren lanak. Baina eremua zabaltzea erabaki du: larrugintzan murgildu zen 2013an, eta arrakasta izaten ari dira Banka markako poltsak, gerrikoak nahiz diru zorroak. Jendeak produktu horiek ikustean «bihozkada» bat izaten duela ohartu da. «Jendea askotan harritu egiten da; nonbait arraroak dira, bakarrak gara».

1965ean zabaldu zuen Bankako amuarrain haztegia Goikoetxearen aitona Jean-Baptistek. Ipar Euskal Herrian tradizio handiko animalia da amuarraina, eta, Banka inguruetako uraren ezaugarriak aprobetxatuz, kalitatezko produktu bat saltzea zen haren helburua. Belaunaldiz belaunaldi igaro da negozioa, Peio Goiekoetxea arduradun bilakatu den arte. Bederatzi urte daramatza enpresan lanean, eta joan den urtean hartu zuen hark haztegiaren ardura. Baina ordurako familiak bazituen ideia berritzaileak buruan bueltaka. «Familian pixka bat pentsatzen ari ginen, ideia asko ditugu buruan, egunero nahi ditugu berritu gure ideiak, eta proiektuetan gara biziki».

Arrain keztatua da enpresaren produkturik ezagunena. Hori ekoizteko, amuarrainari azala kentzen diote, eta ohartu ziren sobera zuten azal guztiarekin zerbait egin behar zela. Gaur egun dena aprobetxatu behar dela uste du Goikoetxeak. Bide batez, zaborra ere gutxitu egiten baita modu horretan. Duela bost urte hasi ziren azalak gordetzen, horrekin larrugintzan aritu ote zitekeen aztertzen zuten bitartean. Ea nonbait zulategirik bazen bila aritu ziren, eta Bretainian aurkitu zuten bat, azkenean. Baina asko kostatu zitzaien lehen pauso hori ematea: «Arlo berria da guretzat, eta horren barnean sartzea oso zaila da. Larrugintzan oso mundu tipia dago».

Zulategian erabakitzen da zein azalek balio duten, eta zeintzuekez. «Lan berezia da: gizon batek paratzen ditu azal preziatuak, eta aukeratu egiten ditu. Sugeen azalak, krokodiloenak...». Prozesu horrek ia bi urte iraun du, baina merezi izan du itxarotea, Goikoetxearen arabera. «Emaitza zinez onak jaso ditugu. Gure azalak oso ederrak dira, kolore oso ederrak dituzte, badira efektu ederrak, eta jendea harritua da, oso kontent». Haren arabera, proiektua muntatzeko oso garrantzitsua zen azalak larrugintzarako baliagarriak ziren edo ez jakitea.

Arrainen zainketa, naturala

Behin azalak hautatuta, enpresaren lana da horrekin zer egin erabakitzea. Hala, produktu sorta bat diseinatu dute. Poltsak, gerrikoak eta diru zorroak ekoitzi dituzte oraingoz, eta lanean ari dira oinetakoak ere egiteko. Gainera, kolore askotako aukera dute: arrosa, gorria, berdea, laranja... «Beti behar da asmatu mundu honetan; behar da eraberritu». Diseinua haiek egiten duten arren, Frantziako eskulangileen enpresa batek egiten du ekoizpen lana.

Azala behar besteko gogorra izan dadin, animalien zainketak ezinbesteko garrantzia du. Aprobetxatzeko moduko azala lortzeko, lauzpabost urteko amuarrainak behar dira, bost kilo ingurukoak. Eta sistema naturalaren erritmoa jarraitzen dute horretarako. «Gure arraina luzera begirakoa da, azala gero gogorra ukaiteko. Ez ditugu erabiltzen sistema artifizialak gehiago hazteko; arrainak denbora behar du hazteko. Ez dugu oxigeno artifiziala erabiltzen, janaria biologikoa da, antibiotikoak-eta ez ditugu erabiltzen...». Kalitatezko azala lortzeko, kalitatezko arraina izatea da gakoa.

Goikoetxearen arabera, ekoizleek, gehienetan, bost kiloko arrain bat urte eta erdi edo bi urtetan lortzen dute. Baina Goikoetxea familia prozesu horien kontra dago. «Aitatxiren ideia zen hastapenean amuarrain oso berezia egitea, kalitatezko arrain bat. Gauza tipiak eginez, gauza onak egiten dira, ene irudiko». Gero eta azkarrago eta gehiago ekoizten den aro honetan, gauza bakoitzari behar den denbora eman behar zaiola uste du. «Mundua mugitzen ari da, behar da hobeki egin lan, kalitatezko gauzak egin, eta ez beti gehiago. Horretarako jarri dugu martxan proiektu hau».

Duela hiru urte hasi ziren produktuak ezagutzera ematen. Oraingoz, Bankan saltzen dituzte, eta baita Internet bidez ere (www.truitedebanka.com). «Oso gustura» daude lortutako emaitzekin. Adin guztietako jendea interesatu da; hori bai, bezero gehienak emakumeak dira.

Oihartzun handia lortu du proiektuak, eta dagoeneko modako marka handiak ere atzetik dituzte Bankan. «Hori ikaragarria da. Duela bi urte Hermes eta Louis Vuitton interesatu ziren ikaragarri, nahi zuten gure azal guztiak erosi, eta zerbait egin horrekin. Guk erran genuen ezetz, behar genuela lehenik landu ongi gure sorta, eta beharbada bi edo hiru urteren buruan...». Oraingoz, ez dute hain urrun joan nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.