Herri kirolak. Apustuak

«Sei enbor ebaki zituen eserita; ikaragarria izan zen»

Aizkora munduko apustuen informazioa bilduz, 'Aizkora. Apustuak eta txapelketak 1949-2009' liburua kaleratu zuen Antton Espelosin sunbildarrak orain bost urte. Polipaso, Latasa eta Luxiaren balentriak goratu ditu bereziki.

unai zubeldia
2014ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Euskaraz ez zegoen deus ere idatzita aizkorako apustuen inguruan, eta herri kirolen zale amorratua izaki, informazio hori bildu beharra zegoela iruditu zitzaidan». Behar horri tiraka osatu zuen Antton Espelosinek (Sunbilla, Nafarroa, 1960) Aizkora. Apustuak eta txapelketak 1949-2009 liburua —Basoko Aizkolaria Ramon Latasari buruzko biografia liburua kaleratu zuen aurretik—. «Artxiboetan begira hasi, aizkolariekin hitz egin, argazkiak bildu... 700 orrialdetik gora dauzka liburuak, eta denetik dago barruan». Zirika jokoaren mila istorio txiki.

«Apustu bereziak aipatzen hasita, Latasa eta Juan Jose Narbaiza Luxia-rena aipatu beharko litzateke, 1959ko apirilaren 26an jokatutakoa. 110 ontzako bi enbor eta 14 kana-erdiko ebaki zituzten, 500.000 pezeta jokatuta, eta 17.890 ikusle elkartu ziren Donostiako zezen plazan. «Ikaragarria izan zen». Latasa nagusitu zen, bi orduko langatik jaitsita. Bitxikerien zakua astintzen hasita, Miguel Irazusta Polipaso-ren balentria ere goratu du Espelosinek. Santiago Zubillaga auzotarraren aurka jokatu zuen apustua, Hernanin, eserita. «Aizkolari handia zen Polipaso, eta 54 ontzako sei enbor ebaki zituen altxatu gabe».

Maila handieneko apustua beste bat izan zen, ordea: «1986ko apirilaren 6an Miel Mindegiak Anjel Arrospide eta Joxemari Mendizabalen aurka jokatu zuena». 40 kana-erdiko ebaki zituen Mindegiak, eta 41 bikoteak. «72 minutu eta hamar segundoan amaitu zituen lanak Mindegiak. Izugarria da hori». 1983ko urtarrilaren 23an, berriz, inoizko apusturik luzeena jokatu zuten Mindegiak eta Mendizabalek. «Lau ordu eta hamabi minutu behar izan zituen Mendizabalek 52 kana-erdiko eta kanako sei enbor mozteko. Horrelakorik ez da izango berriz». Eta nekez helduko dio inork Latasaren 1959ko lanari. «5,15 metroko enborra ebaki zuen hiru ordu eta hamazazpi minutuan».

Gazteak desafioan ikusi nahi

Aizkorak piztu du, historikoki, grina handia. «Baina Olasagastik eta Donato Larretxeak, adibidez, sekulako apustu mistoa jokatu zuten 1985eko apirilaren 27an; 125 kiloko harri kubikoari 50 altxaldi eman zizkioten, hamasei oinbiko ebaki zituzten gero, eta sei kilometro korrika azkenik. Sekulako apustua da hori, hiru prestakuntza behar direlako aldi berean».

Herri kirolak aurrera egingo badu, apustuak «beharrezkoak» direla defendatu du nafarrak. Eta berak eskatu bezala iritsi da Ander Erasunen hordagoa. «Gure inguruan betidanik ikusi nahi izan dugu Oihan Larretxea eta Erasunen arteko desafioa, baina inoiz ez da mamitu». Inoiz baino gertuago dago orain. Izan ere, Erasunek erronka bota zion igandean Ruben Saralegi, Daniel Vicente, Larretxea edo Felix Etxeberriari, edonori. Etziko dago jarrita hitzordua, Kantabrikon. Polipaso, Latasa eta Luxiaren garaitik urrun, baina apustu giroak bizi-bizirik jarraitzen duen seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.