Soinua eta Poloniako orkestra

Musika garaikidean soinu handiarekin buru-belarri dabil aspaldi Iñaki Alberdi birtuosoa (Irun, Gipuzkoa, 1973). Poloniako Elblageko Ganbera Orkestrarekin arituko da gaur, Honsarribiko Itsas Etxean.
Garaiko konpositoreekin aritu izan da lanean Alberdi, besteak beste, Sofia Gubaidulinarekin, KarlHeinz Stockhausenekin eta Joan Guinjoanekin. Liverpoolgo (Ingalaterra) Orkestra Filarmonikoarekin eta Errusiako Kultura Ministerioko Orkestrarekin jo du, baita Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin ere.
Argi adierazi du Alberdik akordeoiaren etorkizuna musika garaikidean dagoela. Aldi berean, musika tresna hori etorkizuneko egitarauan sartuko dela ziurtatzeko, «konpositore handien obren bidez» egin beharko dela esan du.
Elblag Poloniako kostaldeko hiri txiki bat da, eta hango ganbera orkestrak musikari gazteen aldeko apustua egin du. Gdansk hiriko musika eskolako diplomatu saridunek osatzen dute orkestra. Grazyna Bacewicz konpositore poloniarraren kontzertu batekin hasiko dute gaurko emanaldia. Ondoren, Astor Piazolla argentinarraren Cuatro estaciones porteñas lanari ekingo diote. Amaitzeko, Txaikovskiren Serenata joko dute.
KONTZERTUA
Noiz. Gaur, 20:00etan.
Non. Hondarribiko Itsas Etxean (Gipuzkoa).
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.