Munichen izan zen, 2012ko maiatzean. Europako sei barne ministrok bilera zuten. Eta horren aurretik bildu ziren, aurrenekoz, Frantziako eta Espainiako Barne ministroak. Biak ala biak duela hilabete gutxi izendatu zituzten, eta elkar ezagutzen ez bazuten ere, bileraren ostean, bien arteko bat etortze erabatekoa irudikatu zuten. «Espainiako Gobernuari dagokio, berari bakarrik, egokien deritzon erantzuna ematea ETAren aurkak borrokan. Espainiako Gobernuaren jarrera bera da Frantziako Gobernuarena», adierazi zuen Vallsek.
Bi aste baino ez ziren igaro lehen bilera hura egin zutenetik lehen bilera ofiziala egin zutenera arte, Madrilen. Komunikabideen aurrean azaldu ziren, elkarri konplizitate keinu ugari eginez, belarrira sekretuzko hizketaldiak eginez eta elkarri sorbalda behin eta berriz igurtziz. «Nire lagun berri Jorgek esan duen moduan», esanez erantzun zituen galdera asko Vallsek: «Politikan, Frantziaren jarrera Espainiaren jarrera bera da», berretsi zuen. «Eta, ahal dela, handitu ere egingo dugu elkarlana». Horren erakusle, bileraren aurreko egunean, Frantziako Poliziak Oroitz Gurrutxaga eta Xabier Aranburu atxilotu izana. Barne Ministerioan zela eginiko lehen polizia operazioa izan zen hura.
Ordutik 44 pertsona atxilotu dituzte. Azkena, aurreko asteko ostegunean: Jokin Aranalde Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko mintzaideetako bat, Espainiak igorritako euroagindu bat dela eta. Vallsek lehen ministro kargua hartu zuenetik eginiko lehen polizia operazioa izan da hori. Eta, beti bezala, atxiloketa egiteko unea ez da kasualitatea izan. Egun berean bildu ziren euskal eragileekin Jonathan Powelll eta Martin McGuinness nazioarteko bitartekariak. Hurrengo egunean jakinarazi zuten Valls eta Rajoy lehen aldiz elkartuko zirela.
Sekuentzia batean
Vallsek euskal gatazkarekin egin dituen adierazpen eta agerraldiak oso neurtuak izan dira beti. Fernandez Diazekin bildu izan den bakoitzean, egun batzuk lehenago edo ondoren, atxiloketak egin ditu Frantziako Poliziak. Edo Euskal Herrian pisuzko gertakari politikoak izan diren bakoitzean, azaldu da lehen lerrora.
2012aren amaieran, adibidez, ezohiko protagonismoa hartu zuen Vallsek. Bidasoaren alde batean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta, bestean, lurralde elkargoari buruzko eztabaida pil-pilean eta horren aldeko dinamiken ugaritzea. Tartean, atxiloketak, eta, ohi bezala, bi Barne ministroen arteko bilerak.
Zehazki honela izan zen sekuentzia: Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izan eta astebetera, Izaskun Lesaka eta Joseba Iturbe ETAko ustezko bi buruzagiak atxilotu zituen Frantziako Poliziak. Egun berean, Vallsi eginiko elkarrizketa bat argitaratu zuen El País egunkariak —hurrengo egunean bildu zen Fernandez Diazekin—, eta bi mezu eman zituen. Bata, ohikoa: «Espainiako Gobernuari jarraituko diogu erabakitzen duen guztian». Bigarrena, ezohikoa, eta are gehiago Espainiako egunkari bati eskainitako elkarrizketa batean: «Ez da egongo euskal administrazio egiturarik [Ipar Euskal Herrian], ez dugu eztabaida hori hasi nahi». Hori esan, eta, gainera, ETArekin lotu zuen lurralde elkargoaren eskakizuna. Hortik lau egunera, Frantziako Poliziak Aurore Martin atxilotu zuen, euroagindu eskaera bat zela medio. Martinen kasuak Iparraldean sortu zuen elkartasun mugimendu zabal eta askotarikoak eta hura atxilotzeko modua eta uneak zalaparta handia eragin zuen.
Martinen atxiloketa eta lurralde elkargoari buruz esandakoak hautsak harrotu zituen. Bake prozesuari eginiko eraso gisa ikusi zuten Ipar Euskal Herriko eragileek. Eta Espainiako Gobernuaren interes eta beharrekiko sumisioa leporatu zioten Vallsi.
Horrekin lotu zuten askok, halaber, Vallsek Barne Ministerioa utzi aurretik izandako beste gertakari bat. Laurence Le Vert epaileak deklaratzera deitu zituen Harremanetarako Nazioarteko Taldekoak, Brian Currin bitartekaria tartean, otsailean, Baionako Bake Foroan parte hartu ondotik. Aurreko astean Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan zuten Egiaztatze Batzordeko kideak, ETAren armagabetzearen hasieraren berri emateagatik.
Mitterrand gogoan
Guraso katalanen semea da Valls, Bartzelonan jaioa (1962), eta betidanik Frantzian bizi izan den arren, ez zuen frantziar nazionalitatea eskuratu 80ko hamarkada arte. Ezagutza sakona du Kataluniaz —katalanez ere mintzatzen da— eta Euskal Herriaz.
Frantzian lurralde antolakuntza aldatzeari buruz, zenbait eskualdetan egitearen alde agertubada ere, Ipar Euskal Herriaren kasua salbuespenen artean sartu du beti. Ondo gogoan du Frantziako presidente ohi François Mitterrandek 80ko hamarkadan eginiko promesa, eta nola eta zergatik jan zuen gero, orain berak erabiltzen duen argudio bera erabilita. «Euskal Herriari dagokionez, gauzak pixka bat ezberdinak dira. 80ko hamarkadan euskal departamenduaren aldeko proposamena pausatu zuten. Gai oso delikatua da, eta ETAren arazoa konpontzen ez den bitartean, osoki bakera itzuli arte, ez dut uste eskurik sartu behar denik hor», esan zuen Vallsek 2011n, artean gobernu kargurik ez zuela.
Vallsek dio Euskal Herriko gatazka politikoa Espainiari dagokion «barne arazo bat» dela. Eta horretan bi estatuek beti lagunduko diotela elkarri. Baina Ipar Euskal Herritik Vallsi maiz gogoratu izan diotenez, gauza bat da Espainiari laguntzea eta beste bat Moncloak markatzea agenda, baita Frantziako Estaturena izan beharko lukeen gai batean ere.
Koma bakar bat ere aldatu gabe
Aurreneko bilera ofiziala egin dute Mariano Rajoyk eta Manuel Vallsek.Barne ministro zela Espainiarekin izan zuen harreman ona berretsi du Frantziako lehen ministroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu