Komedia gizatiar baten kreditua

Tanttaka konpainiak 'Kreditua' komedia estreinatuko du bihar, Donostiako Antzoki Zaharrean.Joseba Apaolaza eta Zuhaitz Gurrutxaga dira obrako bi antzezleak

Joseba Apaolaza eta Zuhaitz Gurrutxaga, Kreditua obraren entsegu batean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
2015eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Jordi Galceran antzerki idazle kataluniarrak badaki gaurkotasun biziko gaietatik abiatuta antzezlan umorezko zorrotzak sortzen. Gronholm metodoa-n, lau hautagaik enpresa multinazional bateko goi kargu bat eskuratzeko pasatu beharreko froga surrealisten hariari heldu zion. Txalo antzerki konpainiak taularatu zuen euskaraz, 2008an, eta antzezlan hartan zen Joseba Apaolaza aktorea. Bihar, Tanttaka antzerki konpainiak Galceranen Kreditua obra estreinatuko du Donostiako Antzoki Zaharrean —20:00etan—, eta lan horretan antzezle ariko da berriro ere Apaolaza. Banku sukurtsal bateko zuzendariaren rola jokatuko du, eta kreditu bat eskatuko dion bezeroa izango du parean, Zuhaitz Gurrutxagak gorpuztua. Kreditua ukatu egingo dio zuzendariak bezeroari, eta hortik abiatuko da istorioa, komediari leku eginez. Biharko estreinaldiaz gain, ostiralez, larunbatez eta igandez ere egingo dute antzezlana, leku eta ordu berean.

Aitziber Garmendiak euskaratu du Galceranen testua, eta Fernando Bernues arduratu da obra zuzentzeaz. Hark zuzendu zuen urte hasieran obraren galizierazko bertsioa ere. «Obra bera gaztelaniaz eta katalanez estreinatu aurretik eskuratu genituen bai euskarazko eta bai galizierazko eskubideak; arrakasta izan aurretik, hortaz. Urtarrilean estreinatu genuen galizieraz. Produkzioa berbera izan da, Tanttaka eta Eme2 hango konpainiaren eskutik, eta neronek zuzendu nuen. Maiatzera arte izan zen biran, eta oso ondo funtzionatu zuen». Bartzelonan eta Madrilen hiru urteko ibilia izan du dagoeneko antzezlanak.

«Komedia distiratsua»

«Arrakasta handiko obra» da Kreditua, Fernando Bernues zuzendariaren hitzetan: «Komedia distiratsua da, elkarrizketa oso arin eta burutsuak dituena». Katalanezko eta gaztelaniazko muntaketekin zerikusirik ez izan arren, antzezlanak grazia bera dauka, zuzendariaren iritzian, «oinarri nagusia testuan eta pertsonaien osaketa eta lanketan baitago; eszenografiak eta produkzioak eragin txikia dute oholtzaren gainean gertatzen den horretan». Gaur-gaurko gai bat jorratzen du lanak, eta «jende askori hurbilekoa zaion errealitate sozial batean du oinarria», baina funtzioa «ez da komedia sozial bat», Bernuesek dioenez. «Komedia maila handikoa da, sakona, eta errealitate jakin batean txertatua, baina ez du errealitate hori askorik sakontzen. Ezezagun diren bi pertsonaren arteko tirabirak hartzen du pisu handiena. Suspensea, biraketak, gertutasuna, gizatasuna... Horiek guztiek egiten dute komedia gizatiar».

Printzipioz batere zerikusirik ez duten bi pertsona horiek euren bizitzan dituzten hutsune eta abarretan topo eginez joango dira, «egoera surrealista eta oso gizatiarren bidez». Pertsonaien lanketari garrantzia handia eman dio zuzendariak. Aurreko astera arte, Urnietako Sarobe antzokian egon ziren pertsonaien lanketa hezurmamitzen, ñabardurak zehazten, eta gustura dago aktoreek orain artean egindako lanketarekin.

Joseba Apaolaza eskarmentu handiko aktorea da, gaur egun ibilbide oparoenetakoa duen euskal aktorea. Haren babesean lan egin du Zuhaitz Gurrutxaga hasi berriak, eta txoratuta dauzka lankidea eta zuzendaria. «Telebistatik ezagutzen nuen Zuhaitz. Proba bat egiteko deitu nion, pertsonaiaren tipologia primeran betetzen zuelako. Eta kimika sortu zen bi aktoreen artean hasieratik. Pertsonaia konplexua antzezten du, ez baitakizu kontatzen duen hori egia den edo ez, muga-mugako kontuak baitira. Anbiguotasun handiko pertsonaia jokatzen du. Zuhaitz ez da taula gainean asko aritua, eta oraindik ez du teknika handirik , baina berezko dohain eta inteligentzia bat dauka aktore lanerako. Bi aste eskasean asko ikasi du, eta bizitza osoan antzerkian lanean aritua dela dirudi. Joseba ere [Apaolaza] harrituta dauka».

Adiskidetasun harremana

Fernando Bernues eta Jordi Galceranen arteko harremana ez da atzo goizekoa. Bernuesek zuzendu zuen hark idatzitako Dakota lanaren euskarazko bertsioa ere, 1998an. «Idazten dituen lanak bidaltzen dizkit usu, eta konfiantza dugu adierazteko zer gustatzen zaigun eta zer ez. Esaterako, niri ez zitzaidan askorik gustatu Burundanga komedia, eta, arrakasta handia izan zuen arren, ez genuen egin. Baina honako hau hasieratik interesatu zitzaigun». Irakurri orduko, Anton Txekhoven ipuin bat etorri zitzaion akordura Bernuesi. «Ipuin horretan, emakume bat bere senarrak lan egiten zuen bankuko zuzendariarengana joaten da. Senarra lanetik bidali zuten... Emakumea banku sukurtsalean sartu eta urakan erauntsi bihurtzen da... Irakurri nuenean asko gustatu zitzaidan, Txekhov onenaren usaina hartu bainion».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.