Koska gorenera igo nahi dute

Gaurtik igandera jokatuko dute Goma Gaineko Sokatirako Munduko Txapelketa, Xuzhoun, Txinan. Euskal Herriko sei talde ariko dira, baita selekzioa ere, Basque Country gisa

Munduko Txapelketa jokatuko den pabiloia, Xuzhoun. Ikurrina ageri da beste nazioetako banderekin batera. LUR GIL.
Lur Gil.
Xuzhou
2018ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Sokatira mundu luze-zabalean hedatuta dago. Horren erakusgarri argia da Xuzhoun, Txinan, jokatuko dela Goma Gaineko Munduko Txapelketa, gaurtik igandera bitartean. Lehen aldia da goma gaineko txapelketa Asian egiten dela. Ez da edonola aukeratutako kokalekua. Sokatirak indar handia du Txinan, batez ere goma gainekoak. Bertako eta Taiwango sokatiralariek irabazi dituzte domina gehien azken txapelketa garrantzitsuetan.

Euskal Herriko sokatiralariek badute haien mailaren berri. Haiekin lehiatutakoak dira. Horretan ariko dira berriz ere gaurtik aurrera. 2014an Basque Country izenarekin ofizialtasuna lortu zuenetik, selekzioak ez du urrezko dominarik irabazi goma gainean —lur gainean bai—. Hala ere, itxaropentsu dira euskal tiralariak. Dominen lehian egoteko esperantza dute. Are gehiago, sinetsita daude emakumezkoen mailan podiumeko koska gorenera igo daitezkeela.

Txapelketako sistema ez da aldatu: taldeen arteko lehia izango da gaur eta bihar, eta selekzioen artekoa larunbatean eta igandean. Euskal Herriko sei talde ariko dira aurrenekoan: Badaiotz (Gasteiz), Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia), Gaztedi (Laukiz, Bizkaia), Ibarra (Gipuzkoa), Zuraide (Lapurdi) eta Berriozar (Nafarroa). Emakumezkoetan, gizonezkoetan eta mistoan parte hartuko dute euskal taldeek. Emakumezkoetan, Badaiotz nagusitu da Euskal Herriko Txapelketetan, irabazi egin baititu 500 eta 540 kilokoak. Gizonezkoetan, Beti Gaztek ez du aurkaririk izan, Nafarroako zein Euskal Herriko txapelketa guztiak irabazi baititu. Lesakako taldea (Nafarroa), ordea, ez da Txinan lehiatuko, bertako tiralariek arazoak zituztelako Txinara joateko.

Nazioen artekoari dagokionez, Euskal Herriko selekzioa, Basque Country gisa, bederatzi pisutan lehiatuko da, Europako eta Asiako beste hamalau herrialderekin. Txina, Taiwan, Japonia, Hego Korea, Macao, Malaysia, Mongolia eta Singapur izango dira Asiako ordezkariak; eta Euskal Herria, Alemania, Irlanda, Italia, Letonia, Herbehereak eta Eskozia Europakoak. Ikusteko dago Afrikako selekzioak ariko diren. Hala balitz, Kongoko Errepublika Demokratikoak eta Hegoafrikak ordezkatuko lukete kontinente hori.

Itxaropen handiak

Volendamen (Herbehereak) jokatu zen aurreko Goma Gaineko Munduko Txapelketa, duela bi urte. Uzta ederra lortu zuten euskal tiralariek orduko hartan, hamahiru domina irabazi baitzituzten: taldeka, zilarrezko hiru eta brontzezko bost; eta selekzioka, zilarrezko bat eta brontzezko lau.

Urrezko dominarik ez zuten lortu euskal sokatiralariek. Hala ere, Euskal Herriak gizonezkoen 23 urtez azpikoan lortutako zilarra «miresmen bereziarekin» gogoratu du Jone Zarragak (Erandio, Bizkaia, 1969), Euskal Herriko Sokatira Federazioak duela gutxi arte Nazioarteko Federazioan (TWIF) izandako ordezkariak. «Oso polita izan zen Euskal Herriak zilarra lortu izana, Berriozarko taldeak lortu zuena. Etorkizunerako altxor bat daukagula erakusten digu horrek; tamalez, herrialde askok eta euskal talde askok ez dutena».

Zarragaren lana erabakigarria izan zen 2014an Euskal Herriko selekzioak ofizialtasuna lor zezan. Mugarri horri beste bat gehitzear izan da Zarraga. Izan ere, Euskal Herriko Federazioak azken unera arte izan zuen aukera aurtengo Munduko Txapelketa antolatzeko, baina boto bakar batengatik nagusitu zitzaion bozketan Txina. Zarragak berak aurkeztu zuen hautagaitza, baina Asian txapelketarik jokatu gabe zegoenez, Xuzhouren alde egin zuen Nazioarteko Federazioak. «Asian, goma gaineko sokatiran aritzeko ohitura handia dago, eta Europan, lur gainekoan. Maila handia dute txinatarrek, eta zaila izanen da urrezko dominaren bat lortzea. Baina maila bikaina erakutsi dute aurten euskal taldeek».

Galder Gobantesek (Zeberio, Bizkaia, 1987) hartu berri dio lekukoa Zarragari TWIFen. Xuzhoun dago Gobantes ere, Sokarrirekin ariko baita. Atsekabea sortzen dio hainbat taldek txapelketara joan ahal ez izateak, bereziki aurten gizonezkoetan onenak izan diren Beti Gazteko sokatiralariak: «Esfortzu handia eskatzen du kirolarientzat, zailtasun asko izan dituzte Txinara joateko aukera izateko. Meritu handia dute txapelketan egongo diren sei euskal taldeetako tiralariek, hori garaipen bat da jada. Telebistan agertzen diren kirolak kenduta, gainontzekoetan borrokan ari gara beti, eta are gehiago emakumezkoen kasuan», adierazi du.

Zailtasun ugari izan dituzte, besteak beste, 23 urtez azpiko sokatiralariek, gehienak ikasleak baitira, eta daukaten maila onaren jakitun esfortzu handia egin dute Munduko Txapelketan parte hartzeko.

Ongi dakite Badaiotzeko taldeko emakumezkoek zein den egin beharreko sakrifizioa, urteak daramatzatelako Munduko Txapelketetan parte hartzen. Haiek dira, hain zuzen, urrea lortzeko aukera gehien dutenak. Azken ekitaldietan ez dira inoiz esku hutsik itzuli. «Ondo prestatuta goaz. Ahal izan dugun guztia eman dugu, eta ahalegin handia eskatu digu. Urrea irabaztea oso pozgarria litzateke, baina Euskal Herrian erakutsitako maila eta entrenamenduetan egindako lanaren fruituak jasotzera goaz. Lan ona egin dugun sentsazioarekin etorri nahi dugu etxera», azaldu du Eva Gonzalezek (Gasteiz, 1974), Badaiotz taldeko tiralariak.

Gonzalezentzat ekitaldi berezia izanen da, gainera. Izan ere, lehiara itzuli da, 2009an hiru haur izan ondoren. «Irrikan nago berriro lehiatzeko». Etxeko taldeak nabarmendu ditu aurkari indartsuen artean. «Txinak eta Taiwanek maila handia dute, eta txapelketa han izanda, prestaketa oso ona egin izanen dute. Dena den, Euskal Herria herrialde indartsua da emakumezkoen sokatiran, eta munduko txapelketa guztietan erakutsi dugu. Dominen lehian ibiliko garela pentsatzen dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.