Urruneko konponbideak

Ohorezko Mailako lau euskal taldeek entrenatzaile atzerritarrak izango dituzte sasoi honetan.Liga gaur hasiko da, bi derbirekin: Getxo-Ampo Ordizia eta Hernani-Gernika

Hernanik eta Getxok iragan sasoian Faduran jokatu zuten derbiko une bat. GETXO RUGBY.
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Errugbiko Ohorezko Maila asteburu honetan hasiko da, eta, iragan sasoian bezala, lau euskal talde ariko dira gorengo ligan. Denboraldi honetan, baina, Ordiziak, Getxok eta Gernikak entrenatzailea aldatu dute, eta atzerrira jo dute artzain bila. Hernanin, berriz, Patrick Polidorik jarraituko du, bosgarren urtez. Urteak daramatza Euskal Herrian, baina jaiotzez frantziarra da. Beraz, lau taldeek atzerriko teknikariak izango dituzte, baita mugez haratagoko jokalari berri asko. Talde batzuetan aldaketa sakonak egon dira.

Kasu batzuetan, Getxon esaterako, aldaketak nahiko berandu iritsi dira; beraz, denbora beharko da teknikari berrien eskua nabaritzeko, baina liga hasiera gainean dute. Izan ere, lau taldeek gaur jokatuko dituzte lehen jardunaldiko partidak, bina derbitan. Getxok Ordizia hartuko du, Faduran (17:00), eta Hernanik, berriz, Gernika, Landaren, ordu berean.

GERNIKA

Mercanti itzuli da

11. denboraldia du Ohorezko Mailan, eta iragan sasoian 6. postuan bukatu zuen. Emaitza ona izan zen, baina kostako da errepikatzea, jokalari on asko galdu baititu. Mailari eusteko ez sufritzearekin, pozik. Bruno Mercanti argentinarra, Benetton Treviso Italiako taldea utzi, eta Gernikara itzuli da Oskar Astarloa ordezkatzeko —Durangoko taldea entrenatuko du—. Entrenatzaile eta jokalari jardunak tartekatuko ditu orain, baina min hartuta dago. Belauneko lotailuak hautsi zituen, eta hilabeteak beharko ditu jokatzeko moduan egoteko.

Denboraldi onak talde indartsuen arreta piztu zuen, eta hainbat jokalarik eskaintzak jaso dituzte: Unai Lasa, esaterako, Maulera joan da; Matias Sanchez harroina, Bathcora; Matthew Foulds hirugarren lerrokoa, El Salvadorrera; Thorsten Wiedemann, Getxora; eta Federico Castiglioni, VRACera. Bizkarrezur osoak utzi du taldea. Horiek ordezkatzeko, Hego Amerikara begiratu du zuzendaritzak: Juan Pablo Pietrelli, Joel Sclavi —1,90 m eta 144 kilo—, Sebastian Joel Bertero eta Dario Canaan argentinarrak eta Anton Petrowitsch txiletarra fitxatu ditu, denak gazteak, eta, agian, eskarmentu gutxikoak. Goyo Zabaloi ere itzuli da taldera.

AMPO ORDIZIA

Iraultza

Iragan sasoia ez zen gozoa izan Altamira aldean. Taldeak zazpigarren postuan bukatu zuen, kanporaketetan sartu gabe. Zuzendaritzak aldaketa sakonak egitea erabaki zuen: entrenatzailea eta atzerritar gehienak. Liga bukatu eta berehala jakin zen Santos Regilek ez zuela jarraituko, eta hura bezala hainbat jokalari ezagun: Corey Simpson, Phil Huxford—Zarautzera—, Vaughan Lomax, Hanno Kitshoff, Matias Tudelaeta Danny Kroll.

Ordiziak Wade Kelly australiarra hautatu du iraultza gidatzeko. Entrenatzaileak bi urterako kontratua sinatu du, eta jokalari profesional multzo berria izango du bere aginduetara: Junior Taavili hirugarren lerroko australiarra, Louwrens Strydom harroin eta Shane Spring hirugarren lerroko hegoafrikarrak, Been O' Donnel gibeleko australiarra eta Agustin Ortiz harroin argentinarra. Iragan sasoikoa hobetzea da helburua, postua zein irudia.

GETXO

Gidari zeelandaberritarra

Getxo bederatzigarren izan zen iragan sasoian, eta sufritu egin zuen mailari eusteko. Sasoi honetan helburua arnasa lasaiago egitea izango da, eta, horretarako, Zeelanda Berritik ekarri dute entrenatzailea. Brents Simmons da teknikari berria, eta Bryce Bevinen ordezkatu du. Brevinek urtarrilean hartu zuen kargua. Simmonsek hilabete bakarrik darama karguan. Harekin batera, hiru jokalari argentinar iritsi dira: Nico Costa irekitzailea, Patricio Todeschini hirugarren lerrokoa eta Santago Troncoso harroina. Thorsten Wiedemann irekitzaile alemaniarrak ere Getxon jokatuko du. Horiez gain, beste atzerritarretako hiruk kontratua berritu dute: Brad Linklater, Leandro Wozniacek eta Antony Marotok.

Asko etorri, eta asko joan, sei guztira, tartean Jon Zabala Fadurako harrobiko 19 urteko harribitxia. Sasoi honetan Baionan ariko da, bigarren taldearekin. Iñigo Calvok erretiroa hartu du, eta Dani Gutierrezek, Liam Widomek eta Elih Bailiek taldea utzi dute. Goyo Zabaloi, aurretik esan bezala, Gernikara itzuli da.

HERNANI

50. urteurrena ospatzera

Hernani errugbi taldeak 50. urteurrena du aurten, eta lehen taldea Ohorezko Mailan duela ospatuko du. Iragan sasoian gorriak ikusita salbatu zen, azken jardunaldian —10. izan zen—, eta sasoi honetan helburu bera du. Horretarako apustua betikoa da: etxeko jokalariak eta Landaren indartsu izatea. Entrenatzailea aldatu ez duen euskal talde bakarra da, eta Polidorik jarraituko du.

Taldean aldaketa gutxi egon dira,eta iragan sasoian igo ziren jokalari gazte guztiek eskarmentu eta indar handiagoa dute. Tony Jones galestarra taldera itzuli da, eta Jokin Esnal eta Beñat Zinkunegik ere berritasunak dira. Hainbat jubenil ere ariko dira lehen taldearekin. Mikel Orbegozok, Ivan Zapiainek eta Manex Casadok, aldiz, taldea utzi dute, eta Mikel Otxotorena urte osorako min hartuta dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.