Ola zaharrak, bizigai berri

Olhaberri meatzaritzaren interpretazio zentroa eta ostatua ireki berri dituzte Bankan.Kobre eta burdin olen historia gogoratzeaz gain, herriari bizitza emateko modu bat da proiektua

Erortzear dauden burdinolen historia berreskuratu dute Bankan. BERRIA.
maddi ane txoperena iribarren
Banka
2014ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Laborari eta abeltzainak direla nagusi: hori etor dakioke bisitariari burura Aldudeko ibarrera hurbilduta (Nafarroa Beherea). Sasi artean ezkutaturiko pareta hondakinek, ordea, bertzelakorik salatzen dute. Izan ere, Banka herria industria gune garrantzitsua izan zen garai batean, baita inguruko zenbait herri eta eskualde ere. Olhaberri meatzaritzaren interpretazio zentro eta ostatuak, meategi eta ola zaharren historia ahanzturatik atera, eta bisitarien eskura jarri du. Uztailean zabaldu zuten. Iragana berpizteaz gain, herriari bizitza emanen dion leku bat eraiki nahi izan dute, eta, horretarako, ostatua jarri dute interpretazio zentroaren bazterrean.

Erraz berregin daiteke Banka eta inguruko herrietako meatzaritzaren historia, Olhaberri interpretazio zentroan txukun jarritako panel, argazki, mapa, objektu eta maketa bidez.

Tolosatik (Okzitania) etorritako bikote batek bisita egin berri du, eta gustura atera dira. «Teknologia berriak erabili dituzte, ikus-entzunezkoak adibidez, eta oso ongi azaldua dago historia», adierazi du Marie Cambonek. Euskal Herria ezagutzen ari da bikotea, eta «nahi gabe» aurkitu dute lekua, baina ez dira damutu hurbildu izanaz: «Meazuloak ikusteko gogoa piztu zaigu, baina ez dut uste ahal izanen dugunik».

Erakusketa hiru zatitan banatuta dago: kobrearen ustiapena, burdinolaren aroa eta, azkenik, gaur egungo ikerketei buruzko atala.

Kobrearen haritik tiraka, milaka urte egin daiteke gibelera, antzinarokoak baitira kobre meategien lehendabiziko arrastoak, zehazki K. a. 2500. urtekoak. Baina K. a. II. mendetik K. o. III. mendera emendatu zen bereziki kobrearen ekoizpena. Izan ere, erromatarrek, lurrak konkistatuta, horietatik ahalik eta etekin gehien atera nahi izan zuten, eta, hala, Pirinioen mendebalde osoan ikus daitezke eraikitako meategien aztarnak: Aezkoa, Erro, Baztan (Nafarroa Garaia) eta Aldudeko ibarrean (Nafarroa Beherea), hala nola.

Garai hartako lekuko gisa, hainbat lan tresna aurkitu dituzte ikerlariek, eta horiek ere ikusgai daude Olhaberrin: mineralak zatitzeko erabiltzen zituzten ingude eta zizelak, eta meazuloak argitzeko baliatutako olio kandela eta horien euskarriak, esaterako. Kobrea ateratzeko, meazuloak aireztatzeko eta ura kanporatzeko teknikak ere azalduta daude. Ura kanporatzeko, adibidez, 170 metroko lurpeko galeria bat zegoen, eta ura grabitateari esker jausten zen.

Erromatarren ustiapenaren ondoren, kobre meategiak itxi, eta hamabortz mende igaro ziren berriz zabaldu zituzten arte. Suitzako Laurent Beuguiere de la Tour negoziolariak izan zuen kobre meategiak berriz ustiatzeko ideia, eta 1730ean hasi zen horretarako lanean. Hala, bi kobreola eraikiarazi, eta Astoezkoria erromatar meazuloa berrireki zuen, bertzeak bertze.

1745. eta 1760. urteen bitartean, laurehun langile izatera iritsi ziren Bankako meategiak eta olak: meatzari gehienak ingurukoak ziren; kargudunak, berriz, germaniarrak. Hiru Errege, Santa Maria eta Berg-op-Zoom mea zainetatik ateratzen zuten kobrea, eta oletan eraldatzen (lehen bi oletakoa, eskualdean, eta hirugarrenekoa, berriz, kanpoan, zilarra zuelako).

Garai emankor haren ondotik, aldiz, kobreolak gain behera etorri ziren, eta 1793an bertan behera utzi zituzten, Konbentzio gerran ola nagusia suntsitu baitzuten.

XIX. mendean, kobrearekin saiatu arren, arrakasta handiagoa izan zuen burdinak. Izan ere, eraitsitako kobreolaren gainean burdinola eraiki zuten 1822. urtean, eta Bankako labe garaia piztuta egon zen mendearen erditsura arte. Interpretazio zentroan dagoen maketa batek zehazki erakusten du Errobiren bi aldeetan kokaturiko lantegiaren ibilmoldea. Oihanen ugaritasunak azaltzen du, bestalde, olak elikatzeko zuten erraztasuna.

Herritarren topaleku

Espeleologo, historialari eta arkeologoak XX.mendearen bukaeran hasi ziren artxibo eta arrasto arkeologikoak aztertzen. Horiei esker osatu dute Olhaberri eraikinaren behealdean dagoen interpretazio zentroa. Informazioaz gain, aisialdirako aukera ere ematen du guneak, alta. Izan ere, ostatuak osatzen du eraikinaren goiko aldea, eta bertan jateko eta edateko aukera dago. Herria bizitzeko helburuarekin ireki dute taberna, bi urte baitziren Bankako ostatua itxi zutela. Lucie Le Chantoux zerbitzariak azaldu duenez, «ekainean ireki genuen, eta herriko jendea biziki kontent da: elkar topatzeko gune bat da ostatua. Turistak ere etortzen dira; oraingoz, biziki ongi doa».

Ostatutik abiatzen den bideari jarraiki, meatzeei lotutako herriko txokoak ere ezagut daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.