Tabuaren azalerak agertokian

Astelehenean hasi eta ostegunera bitarte hartuko du Donostiak 24. dFeria jaialdia. Lau egunean 33 konpainiaren dantza eta antzerki emanaldiak izango dira

La casa de la llave antzezlaneko lan taldea, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Tabuak taularatuko ditu aurtengo dFeria Arte Eszenikoen jaialdiak, sortzaile bakoitzak bere tabua, bakoitzak bere erara. Astelehenean hasiko da jaialdia, Donostian, eta, martxoaren 8ra bitarte, antzerkia, dantza eta beste diziplinetako 33 konpainiaigaroko dira hiriko bederatzi agertokitatik. Bi zutaberen gainean eraiki dute 24. dFeriaren programazio eszenikoa, Norka Chiapuso jaialdiko zuzendariaren arabera: «Merkatua izatea edo sorraraztea», batetik, eta «hiritarrentzako jaialdi bat izatea», bestetik. Hala, euskal konpainiak gaztelaniaren bidetik babesten dituztela azaldu du. Chiapuso: «dFeriak euskal antzerkia babesten duela esaten dugunean, kontuan izanda 170 programatzaile datozela Espainiatik, emanaldiak gaztelaniaz jartzen ditugu, Soriara, Burgosera eta leku guztietara joan ahal izateko. dFerian euskaraz egiten ditugun emanaldiak hiritarrei begira izaten dira, batik bat, eta ez merkatura begira. Logikoa den bezala, euskal merkatuak ezagutzen ditu euskarazko ekoizpenak. Jaialdi honetan, euskal konpainiak gaztelaniaz jarrita babesten ditugu, bide berriak ireki ahal izateko. Euskaraz jarriko bagenitu, mesede txikia egingo genieke».

Atzo aurkeztu zituzten aurtengo dFerian izango diren zazpi euskal konpainien lanak. Hauek dira:

THEATRE DES CHIMERES

'Dos hermanas'

Noiz. Martxoak 5 (19:00)

Non. Antzoki Zaharrean

Theatre des Chimeres Miarritzeko (Lapurdi) konpainiak Fabio Rubiano kolonbiarraren obra bat taularatuko du. Frantsesez estreinatu ostean, Kolonbian egin zuten aurrenekoz gaztelaniaz, jatorrizko bertsioaren «oparotasunean», eta bertsio hori emango dute Donostian. Bi ahizpen arteko harremana eta bietako baten senarraren heriotza ardatz hartuta, hor isildutakoak azaleratuko ditu antzezlanak. Ahizpetako batek mendekua hartzeko posible diren modu guztiak irudikatuko ditu, eta irudikatzen dena errealitatea bezain erreala dela iradokiko du obrak. Jean-Marie Brouxaret konpainiaren fundatzaile eta obraren zuzendariaren hitzetan, «tragedia dirudien komedia bat da; tragedia batetik jaiotako komedia». Alderantzizko kronologia baten bidez osatuko dute kontakizuna, harremanaren lehen unera iritsi arte. Pertsonaia ikusezin asko izanik ere, bi emakume baino ez dira izango oholtzan; ahizpa biak.

LASALA

'Microclimate'

Noiz. Martxoak 5

Non. Gazteszenan

Lasala konpainiak laugarren urtez jarraian hartuko du partedFerian dantza garaikideko pieza berri batekin, eta konpainia sakontzen dabilen lengoaia koreografikoa erakutsiko dute. Denera, zazpi dantzari eta lau figuranteren artean osatuko dute emanaldia. Izenak jasotzen duen eran, eta Judith Argomaniz koreografo eta zuzendariak azaldu duenez, gizaki bakoitza errealitate komun batean bizi dela erakutsi nahi du obrak: «Mundu zoro eta azkar honetan bakoitzak bere errealitatea eta hor bere mikroklima duela». Publikoa konpainiaren «mikroklimaren» parte izango da, eta horrek egingo du «berezi» emanaldia, koreografoaren arabera. Obrak atzean duen lan guztia azpimarratu du hark, eta «kontenplazioaren plazerari eta emozioaren oihartzunari» dei egin die.

TANTTAKA

'La casa de la llave'

Noiz. Martxoak 5 (20:30)

Non. Viktoria Eugenia antzokian

Indarkeria matxistak eraginda, abegi etxeetan eta larrialdi etxeetan bizi diren emakumeen egunerokoa azaleratuko du Tanttaka konpainiak. Mada Aldarete poeta espainiarraren La casa de la llave (Giltzadun etxea) liburutik sortu du antzezlana Fernando Bernues zuzendariak. Haren hitzetan, «etxe horietara lekualdatzearen alde fisikoaz nola bitalaz» dihardu obrak, emakume horiekin lan egiten duten hiru gizarte hezitzaileren ikuspegitik begiratuta. Ainhoa Aierbe, Mireia Gabilondo eta Vito Rogado aktoreek interpretatzen dituzte hiru hezitzaileak, eta, bakoitzak bere erara, laguntza ematearen mugak agertuko dituzte. Zuzeneko musika eskainiko du Ainara Legardonek, «taldeko beste pertsonaia bat» bihurtuta.

COMPAGNIE ILLICITE

'Terra'

Noiz. Martxoak 5 (17:30)

Non. Viktoria Eugenia Clubean

Baionako Compagnie Illicite dantza konpainiak estreinako aldiz erakutsiko du pieza bat aurtengo dFeria jaialdian. Fabio Lopezek sortu zuen konpainia, eta bera daobra honen zuzendari artistikoa; portugaldarra da sortzez, eta «jatorrira itzultzeko modu bat» izan du Terra. Bi maitaleren arteko dueto bat da, eta «iragandako denbora baten nostalgiatik jainkotasunerako bidea» egingo dute, hogei minutuko dantzaldian. Lopezek berak eta Aureline Guillotek dantzatuko dute, eta «ahalik eta gutxienarekin ahalik eta gehien» transmititzea dute erronka. Musikan, Gustav Mahlerren musika klasikoa, Amalia Rodriguesen fado portugaldarra, Madredeus taldearen fado modernoa eta Amon Tobin DJren musika uztartuko ditu saioak.

HIKA TEATROA

'Txarriboda'/' el bodorrio'

Noiz. Martxoak 5 (20:00) /

Martxoak 6 (11:30)

Non. Intxaurrondon

Txarriboda urtarrilean estreinatu zuen Hika Teatroa konpainiak, eta, El bodorrio, jatorrizko obraren «bertsioa» estreinatuko dute oraingoan, dFerian. E uskal kantutegiko abestiak ditu jatorrizko antzezlanak, eta haien «egokitzapenak» sartu dituzte gaztelaniazkoan. Ezkontzaren parodia egitearekin batera, beste hainbat gai ere inguratzen ditu istorioak, bietan: lan prekaritatea, genero identitatea, maitasunaren idealizazioa... «Modu basatian» egin nahi izan du ezkontzaren kritika Agurtzane Intxaurraga zuzendariak, eta kabareta eta umorea baliatu ditu horretarako. Sei aktorek igoko dira oholtzara, eta hala laburtu du obraren mamia Sandra Fernandez aktoreetako batek: «Txerrien metafora ona da ikusteko nola askotan jan eta jan egiten dugun, biziraun, lokatza eztarriraino iritsita ere».

VAIVEN PRODUCCIONES

'Sherezade y las capas de

cebolla'

Noiz. Martxoak 6 (19:00)

Non. Antzoki Zaharrean

Hainbatetan tabu eramangaitzenak bihurtzen diren galderez, giza kondizioaren gatazka eternalez ariko da agertokian Vaiven Produccioneseko aktore taldea. Tragikomedia poetiko, sozial eta surrealista bat da Sherezade y las capas de cebolla, eta eragin zuzen bat izan bilatzen du publikoarengan: gaurko garaiaren larritasunaz eta halako sistema baten aurrean giza espezieak duen arriskuaz gogoeta eragitea. Jose Carlos Garciak zuzendaritzapean ariko dira Miren Tirapu, Xabi Donosti eta Iraia Elias aktoreak. .

DANTZAZ

'Growing young'

Noiz. Martxoak 8 (13.00)

Non. Egian

Dantzaz konpainiak nazioarteko lau koreograforen pieza labur banarekin osatu du lan berria: Kamerungo Wubkje Kuindersma, Israelgo Itzik Galili, Australiako Janis Claxton eta Italiako Daniele Ninarelloren koreografia banarekin. Denbora iragatean edozer alda badezake ere, jatorriko identitateak finko mantentzen direla esatera dator emanaldia. Orobat, konpainia beraren «esentziari» omenaldia egin nahi dion emanaldia da, azken urteetan asko hazi arren, jatorriari eusteko gai izana aitortzeko modu bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.