Ezarian. BERRIAk 10 urte. Altsasu. Gari

«Euskarazko hedabideak ez ditugu normal ikusten»

2013ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Duela gutxi aurkeztu du Iñaki Garitaonaindia Gari-k (Legazpi, Gipuzkoa, 1963) bere bakarkako seigarren diskoa. Ez da Amaiera (Elkar) du izena, eta diskoan bide berriak uztartu ditu Garik. BERRIAk ere horrela egin behar duela uste du musikariak, «ausardiaz eta aurrera jarraituz». Euskarazko hedabidearentzat garai zailak direla ez du dudarik, baina proiektuak etorkizuna duela dio. Larunbatean Altsasun (Nafarroa) BERRIAren aldeko kontzertua eskainiko du. Iortia kultur gunean izanen da, 20:00etan.

Nolakoa izanen da larunbateko kontzertua?

Ez da amaiera diskoaren itzuliaren barruan joko dut Altsasun. Beraz, garrantzi handia izanen du disko berriak, baina nire ibilbidean egindako beste abesti batzuk kantatuko ditut. Bisualki kontzertu oso indartsua eta oso desberdina izango da. Pantaila batzuk egongo dira agertokian, eta kanta bakoitzak bere irudiak izango ditu. Irudien bitartez kantak loratuko dira. Aitor Oñederrak ikusgarrirako berariaz egin ditu irudiak. Uste dut kontzertua berezia izango dela, eta zoragarria litzateke aretoko eserlekuak beteta ikustea.

BERRIAren alde emanen duzu kontzertua. Zer-nolako harremana duzu egunkariarekin?

Gaur egun hedabideekin harreman estua izatea ez da batere erraza. Musikan eta zineman, adibidez, gauza bera gertatu da. Harremanak zeharo aldatu dira, eta guztiok dakigun bezala Internet gailentzen ari da. Horregatik, nik orain sarean irakurtzen dut BERRIA. Egunerokoan horrela da, eskuragarriagoa delako. Dena den, zortea dut; Bilbon bizi naiz, eta nire auzoko hainbat tabernatandute egunkaria. Hortaz, egunero joaten ez naizen arren, joaten naizenean beti begirada bat botatzen diot egunkariari.

Eta zer da gehien irakurtzen duzuna?

Batez ere Iritziko zutabeak irakurtzen ditut. Hori da gehien gustatzen zaidana.

Hamar urte bete ditu BERRIAk. Zer-nolako balorazioa egiten duzu?

Behar dugu gure herrian horrelako hedabide bat. Behar dugu horrelako proiektu batean sakondu, baita indartu ere. Ez dira garai errazak, gauzak aldatzen ari dira egun batetik bestera, eta epe luzera gauzak aztertzea ez dakit balio duen, ezta epe laburrera ere. Gaur egun guztiok gaude nahiko galduta, eta nik BERRIA testuinguru horretan kokatuko nuke. Indarrak berpiztu behar ditugu. Ausardiaz jokatu. Etorkizuna izango duela uste dut, baina egun egunkariak laguntzaren premia du. Nondik jaso laguntza hori? Nola berpiztu babes horiek? Borroka horretan kokatzen dut BERRIA. Zerbait egin behar da, baina nola egin, nola asmatu... Hor dago koska.

Uste duzu BERRIAk ekarpen handia egin diola euskal musikari?

Bai, dudarik gabe. Noski. Asko lagundu du. Eta funtsezkoa da Euskal Herrian BERRIA bezalako komunikabide bat, besteak beste, gure hizkuntza babesten duelako. Ez dezagun ahaztu Euskal Herrian ez garela egoera normal batean bizi, eta hori ez dut esaten egungo egoera politikoarengatik. Izan ere, gaur egun gure herrian oraindik ez dira normal-normal ikusten euskarazko hedabideak. Lan handia egin behar dugu horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.