Hilaren 20an Miribilla beteta, sakabanaketaren amaiera hastera deitu dute

Sarek dio, indarrak batuta, garai berri bateko «historiaren lehen eguna» izango dela.Plataformak badauka ekitaldia egiteko udalaren baimena

Sareko kideak, atzo, Bilboko Miribillako pabiloiaren atarian. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko irailaren 7a
00:00
Entzun
«Irailaren 20a historiaren lehen eguna izango da». Hala iragarri du euskal presoen eskubideen aldeko Sare plataformak bi aste barrurako antolatu duen ekitaldiaren izaera. «Historia erabakigarri bat egun seinalatu batetik abiatzen da, eta gure ibilbidean horixe dugu eguna: hilak 20 dituenean», adierazi dute Jule Goikoetxeak eta Agus Gorbeak Bilboko Miribilla auzoan, Bilbo Arena pabiloiaren atarian. Larunbatarekin egingo dute ekitaldia Miribillako pabiloian, 18:00etan hasita, eta, «eguna historikoa» izan dadin, aretoa lepo betetzera deitu dute.

Presoen sakabanaketa amaitzeko bidea egitea du helburu ekitaldiak. Hori lortzea posible dela uste du Sarek, eta elkarlana aldarrikatu du; «oinarri komuna». Hain zuzen, askotariko pertsonak elkar hartuta, elkarri «posible» dela sinetsaraziko diotelakoan da herritar sarea, eta uste du horixe izango dela helburua lortzeko era.

Badaki ez dela izango «batere erraza». «Baina horrek ez du esan nahi egingo ez dugunik. 25 urtez euskal preso politikoei eta haien inguru hurbilari ezarri dieten salbuespen neurri horrek bere egunak zenbatuta izango ditu, baldin eta, norbanakotik abiatuta, helburu berari gure ekarpena gehitzen badiogu».

Espainiako zein Frantziako gobernuen «kontrako jokabidea» kontuan hartuta, euskal gizartea aktibatu behar dela dio, horrela soilik heldu ahalko zaiola«sakabanaketa amaitzeko erronkari».

Eta ziur dago guztien artean «sakabanaketaren harresia eroraraziko» dutela. «Uda amaitu aurretik, udaberri oparoago bat eduki dezagun; giza eskubideen errespetuz, konponbide baterako zutoina hazteko, bake agertoki bat loratzeko».

Sarek azaldu du Bilboko Udalak aretoa uzteko baimena eman duela, Carlos Urkijo Espaniako Gobernuak EAEn duen ordezkariak debekatzeko eskatu arren.«Giza eskubideen aldeko ekitaldia da, eta Urkijo ere, giza eskubideen alde badago, gonbidatuta dago», esan du Goikoetxeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.