Trumpek adierazi du transexualak armadan egotea debekatuko duela

Twitterren bidez jakinarazi du erabakia AEBetako presidenteak. «Medikuntza gastuak» aipatu ditu erabakia justifikatzeko argudiotzat

2017ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Donald Trump AEBetako presidenteak atzo jakinarazi zuen ez dituela pertsona transexualak armadan «onartuko». Twitterreko kontuan idatzitako bi txioren bidez eman zuen aditzera: «Nire jeneralekin eta armadako adituekin hitz egin eta gero, jakinarazten dut AEBetako Gobernuak ez diela pertsona transexualei baimenik emango armadako funtzioak betetzeko. Gure indar armatuek garaipen erabakigarrian eta berezibikoan jarri behar dute arreta, eta ezin dira pertsona horiek sortuko dituzten medikuntza gastuekin eta asaldurarekin oztopatu».

Pertsona transexualak armadan onartzeko erabakia Barack Obama presidente ohiaren agindupean hartu zuten. 2016ko ekainean, Ashton Carter Defentsa idazkariak jakinarazi zuen indar armatuek transexualei «ateak irekitzen» zizkietela, eta errekrutatzen hasteko epea 2017ko uztailaren 1ean hasiko zela. Gobernu berriak, ordea, epea sei hilabeterako luzatu zuen, 2018ko urtarrilaren 1era arte. Hilabete honetan, AEBetako Ordezkarien Ganberan Defentsa Departamentuari transexualentzako medikuntza gastuak finantzatzea debekatzen zion lege proposamen bat bozkatu zuten, baina bost botoren aldeagatik ez zen onartu. Trump, presidentetzarako hauteskunde kanpainan, LGTBI koletkiboaren lagun agertu zen, baina, Etxe Zurira heldu bezain laster, Obamak martxan jarritako hainbat neurri bertan behera utzi zituen, adibidez, eskola publikoetan transexualei berek erabakitako komunak erabiltzea uzten ziena.

Senatuan babesik ez

Bestalde, Obamacare osasun erreforma bertan behera uzteko bozketa egin zen atzo, senatuan. Errepublikanoak, ordea, ez ziren gai izan asteetan prestatu duten proiektua onartzeko. Proposamenak aldeko 43 boto izan zituen, eta 57 kontrako. Trumpen alderdikideak ez dira ados jartzen guztiek ezeztatu nahi duten legeari alternatiba bat ematerako orduan. Trumpek bere alderdikoei eskatu zien «herritarrei egindako promesa» betetzeko, hain zuzen, Obamacare delakoa ezeztatzeko, baina bi senatari errepublikanok demokratekin batera eman zuten botoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.