Gambiako Gobernuak ukatu egin du estatu-kolpe ahalegin bat gertatu dela

Oposizioaren arabera, militar talde batek presidentearen jauregiari eraso dio, Yahya Jammeh presidentea atzerrian dagoela baliatuta

Gambiako Gobernuak ukatu egin du estatu-kolpe ahalegin bat gertatu dela.
mikel rodriguez
2014ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Egun nahasia izan zuten atzo Gambian. Hango hedabideen eta Frantziako AFP agentziaren arabera, militar talde batek presidentearen jauregiari eraso zion atzo goizaldean estatu kolpe bat emateko. Uneak bereziki hautatutakoa zirudien, Yahya Jammeh presidentea herrialdetik kanpo dagoelako. Oposizioko Freedom Newspaper egunkariaren arabera, goizaldetik erabateko kaosa nagusitu zen Banjul hiriburuan. Arratsaldean, ordea, gobernuko ordezkari batek APA Prentsa Afrikarraren Agentziari adierazi zion egoera normal zegoela, eta estatu-kolpe ahaleginaren kontua zurrumurrua baino ez zela. Dena den, oposizioko hedabideek beren bertsioari eutsi zioten, eta AEBen enbaxadak ere Banjulera ez joateko eskatu zien bere herritarrei.

«Bakea eta lasaitasuna dira nagusi Gambian», adierazi zuen Presidentearen Gaietarako ministro Kalilou Bayok. Gertatutakoaren inguruan argibiderik ez zuen eman, ordea. Freedom Newspaper-en arabera, berriz, presidentearen guardia talde batek zuzendu zuen jauregiaren aurkako erasoa, eta tiroketa batean matxinoen ustezko burua hil zen, Lamin Sanneh. Hala ere, egunkari horren arabera, jauregia kontrolpean hartu zuten matxinoek, eta baita Denton zubian dagoen kuartel militarra eta «bertze segurtasun eraikin batzuk» ere. Denton zubiko kuartelak kokapen estrategikoa du, Banjul herrialdearen barnealdearekin lotzen duen bide nagusian baitago. Freedom Newspaper-ek dio, halaber, matxinoek kontrolpean dauzkatela portuak eta aireportuak. Erresuma Batuko The Guardian egunkariaren arabera, Sheikh Sidya Bayo oposizioko politikariak Senegalgo irrati bati erran dio kolpe saioa Jammeh boteretik kentzeko «matxinada baten hasiera» izan dela. CNTG Gambiako Trantsizio Nazionalerako Kontseiluko presidentea da Bayo —Senegalen sortutako oposizioko erakundea—. Bayok herenegun mezu bat argitaratu zuen Interneten, Gambiako herritarrei Jammeh boteretik ken dezatela eskatzeko.

Jammehen bidaia

Hain zuzen, atzo ez zen argitu Jammeh non zegoen, eta horrek zalantza gehiago sortu zituen. Bayoren arabera, Frantziara joatekoa zen, François Hollanderekin akordioren bat egitera Parisen babesa ziurtatzeko. Bertsio hori nagusitu zen atzo, baina Eliseoak adierazi zuen ez duela horren berririk. Bertze iturri batzuen arabera, Dubaira joan zen Jammeh.

Gambiako oposizioak diktadorea izatea leporatzen dio Jammehi. Herrialdea independente denetik (1965, Erresuma Batutik), soilik bi agintari izan ditu; Jammehek 1994an estatu kolpe bat eman zuen, eta ordutik alderdi anitzeko hauteskunde guztiak irabazi ditu. Azkenekoan (2011), botoen %70 lortu zituen, baina Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Elkarte Ekonomikoak ez zuen onartu emaitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.