garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Datorrena

2016ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Science aldizkari prestigiotsuak, ikerketa munduko 2015eko uztak utzi duen guztiari neurria hartu eta gero, Crispr teknikari eman dio urteko deskubrimenduaren saria. Terapia genetikorako lanabesa da funtsean, herentzian hartzen diren gaitzak ekiditeko eta familian hedatzeko joera duten zenbait minbizi mota geldiarazteko baliagarri izan litekeena. Imajina dezagun zirujauaren eskalpeloa, edo bisturia, edo tankerako zerbait, zorrotza eta prezisio handikoa, baina txitxiak ebaki beharrean eri dagoenaren DNA sekuentziaren bat operatuko lukeena. Helize itxurako molekula hartu, beraz, editatu, toki jakin batean labana sartu, behar ez dena moztu eta horren ordez beste zati bat itsatsi. Sinpleki.

Asmazioa bera —bi emakumeri zor zaiena, bide batez esanda— ez da justuki aurtengoa, bai ordea, laborategietaraino urratu duen bidea, irabazitako ospea eta jarraian lehertu duen eztabaida etikoa, giza enbrioietan testatu baitute txinatarrek (ofizialki, arrakastarik erdietsi gabe).

Irudigintzara Photoshop heldu zenekoa etorri zait akordura. Gaur egun nekez egingo lioke uko inork, nahiz eta jakin, programa horrek manipulatutako maniki faltsutuak direla gure portaera, gure ametsak, gure helburuak markatzen dituztenak.

Atzerabiderik ez du, honezkero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.