Desagertuak bilatzeko akordioa, «bakerako beste urrats bat» Kolonbian

Biktimak bilatu, kokatu, identifikatu eta entregatzea adostu dute FARCek eta gobernuak.Unitate berezi bat ere sortuko dute bakea sinatu ostean

Orion operazioaren biktimen ekitaldi bat, Medellinen. LUIS EDUARDO NORIEGA / EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko urriaren 20a
00:00
Entzun
«Berehala» hasiko dira neurriak hartzen Kolonbiako Gobernua eta FARC-EP gerrilla 50 urteko gatazkan desagertutako milaka pertsona bilatu, kokatu, identifikatu eta modu duin batean entregatzeko behar den «konfiantza giroa» errazteko. Igande goizaldean jakinarazi zuten bi aldeek «desagertutzat jotako pertsonen senideen mina arindu eta haien eskubideak betearazten laguntzeko» akordioa egin zutela Kolonbiako Gobernuaren eta FARC gerrillaren ordezkariek Habanako bake elkarrizketetan.

Bi puntu hitzartu dituzte Juan Manuel Santosen gobernuak eta FARCek Habanan: lehenbailehen gatazka armatuaren biktima desagertuak bilatu, kokatu, identifikatu eta senideei entregatzea ahalbidetuko lukeen konfiantza giroa sortzeko neurri humanitarioak gauzatzea bi aldeek; eta, behin betiko bake akordioa sinatzen dutenerako, desagertuen bilaketa hori indartuko duen goi mailako unitate berezi bat eratzea, biktimek egia ezagutu eta erreparazioa jasotzeko daukaten eskubidea bete ahal izateko.

Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeari eskatu diote desagertuak bilatu eta identifikatzeko plan humanitario bereziak diseinatu eta indarrean sartzeko laguntza —bart gauean azaltzekoa zuen Gurutze Gorriak Kolonbian duen ordezkari Christoph Harnischek zer nolako esku hartzea izango duten—, eta Kolonbiako Gobernuak eta FARCek konpromisoa hartu dute desagertuei buruz daukaten informazioa Gurutze Gorriari helarazteko eta plan humanitarioak gauzatzeko beren esku dagoena egiteko.

Habanan negoziatzen ari diren bi aldeek eta biktimen elkarteek emandako informazioarekin, lan plangintza bat zehaztuko dute Habanako bake elkarrizketen mahaian, Gurutze Gorriak eta Auzi Medikuntza eta Zientzia Forentseen Institutu Nazionalak giza laguntzarako plan horiek diseinatu eta indarrean jar ditzaten.

Desagertuak bilatu eta identifikatzeko zeregin horretan, erakunde publikoen gaitasuna indartu eta biktimen parte hartzea bultzatzeko, lau hilabeteko epean aholkularitza plan bat gauzatzeko eskatu diote Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Batzordeari Kolonbiako Gobernuak eta FARC gerrillak. Biktimen eta giza eskubideen aldeko elkarteen eta adituen parte hartzea ere sustatuko dute plan hori osatzeko orduan.

Gatazkaren amaierarekin, bi aldeek behin betiko akordio bat sinatu ostean, Kolonbiako Gobernuak Pertsona Desagertuak Bilatzeko Unitatea eratzea ere hitzartu dute Habanan. Goi mailako unitate berezi horrek izaera salbuespenekoa eta trantsitorioa izango du, eta, behar besteko independentziaz gain, antolaketa eta finantzaketa autonomia ere beharko du, bere jarduna denboran luzatu ahal izateko. Egia, Justizia, Erreparazioa eta Errepikapen Ezerako Sistema Integralaren parte izango da unitate hori.

Pertsona Desagertuak Bilatzeko Unitateak eta haren inguruan gauzatzen diren auzi eta prozedurek izaera estrajudiziala izango dute, eta hor biltzen den informazioa ezingo da baliatu zigor ardurak egotzi eta epaiketetan froga gisa erabiltzeko, txosten teknikoak eta gorpuei lotutako elementu materialak ez badira.

Unitateko funtzionarioak, halaber, auzi judizialetan deklaratzetik eta salaketa obligaziotik salbuetsita egongo dira, eta Bakerako Jurisdikzio Bereziak edo Egia Argitzeko, Elkarbizitzarako eta Errepikapen Ezerako Batzordeak hala eskatuz gero, txosten teknikoen egileek horiek edukiak berretsi eta azaldu beharko dituzte.

Santosek esan du «bakerako beste urrats bat» dela desagertuak bilatzeko akordioa: «Biktimei egia, justizia eta erreparazioa bermatuko die». Humberto de la Calle negoziatzaile buruak, berriz, desagertuak bilatzeko unitatearen izaera estrajudiziala defenditu du: «Horrek ahalbidetuko du informazioa partekatzeko behar den giroa sortzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.