LABek estatalizazioaren aurkako lana «indartu» nahi du aurrera begira

Lanuzteak eta elkarretaratzeak egin ditu sindikatuak hiriburuetan eta eskualde gehienetan. LHK-k negoziazioa «piztu» dela azpimarratu du

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ivan Santamaria.
2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Bi orduko lanuztera eta mobilizatzera deitua zuen LABek atzo, estatalizazioak negoziazio kolektiboan duen eragina salatzeko. Sindikatuaren ustez, lan baldintzen «prekarizazioa» dakar Euskal Herritik kanpo sinatzen diren hitzarmenen edukiak zabaltzeak, eta, aldi berean, «ukatu» egiten zaie euskal langileei erabakitzeko eskubidea.

Hego Euskal Herriko hiriburu, herri eta industrialde gehienetan elkarretaratzeak eta auto-karabanak antolatu zituen LABek. Guztira, 135 deialdi egin zituen, goizaren joanean. Garbiñe Aranburu sindikatuko idazkari nagusia Oiartzun (Gipuzkoa) kanpoaldeko bilkuran hartu zuen parte.

«Estatalizazioa bere bidea egiten ari da; hedatzen ari da olio orbanaren modura; langileen herenak daude estatalizaziopean, eta erdiak arriskuan daude», ohartarazi zuen Aranburuk. Sindikatuaren jarduna ere bide horretan jartzeko borondatea aurreratu zuen, halaber, eta nabarmendu zuen negoziazio kolektiborako euskal esparrua blindatzea «lehentasuna» izan dela beti haientzat.

Mugarritzat jo zuen idazkari nagusiak atzoko mobilizazio eguna, eta aurreratu zuen estatalizazioaren kontrako borroka «indartzea» bultzatuko dutela sektore eta enpresetan. Negoziazio kolektiboak duen blokeo egoera gainditzeko, «borroka» agindu zuen, era berean.

Aldaketa sozialaren aldeko beste mugimendu batzuek —pentsiodunak eta emakumeak, zehazki— eredu ekonomiko bidegabeari «ezetz» esaten diote, Aranbururen ustez, eta inboluzioaren aurrean lan mundutik «erantzun sozial zabalerako» eztabaida sustatuko dutela adierazi zuen. Lanuztearen aurkezpenean ez bezala, atzokoan ez zen greba propio aipatu. Galiziako CIG sindikatuak greba orokorrera deitua du heldu den ekainaren 19rako.

Negoziazioa, «piztuta»

Estatuan sinatutako lan itunen hedapenak indarra hartu izan du azkenaldian. Otsailera arte, esaterako, askoz gehiago ziren aurten sinatutako itunetan Euskal Herritik at adostutako baldintzen eragina zeukaten langileak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Haatik, egoera aldatu da martxoan eta apirilean, eta bertan egindako negoziazioa «piztu» dela uste du LHK Lan Harremanen Kontseiluak.

Aspaldiko partez, sektoreko bost hitzarmen berri erroldatu dira. Eraikinen garbiketa Araban eta Bizkaian, eta eraikuntzakoa Bizkaian. Horiekin 25.000 langile ingururen baldintzak eta soldatak eguneratu dira, eta Euskal Herrian negoziatutako itunen pisua handitu da, nabarmen. Orotara, 28.000 langile baino gehiagok eguneratu dute euren lan egoera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan negoziatutako hitzarmenen bidez.

Datu ofizialen esperoan, joera hori indartu da maiatzean. Beste 22.000 langilerentzako sektore itunak sinatu dira. Araban, gizarte ekintzakoa. Bizkaian, metal merkataritzakoa, altzari merkataritzakoa eta gasolindegietakoa. Gipuzkoan, hoteletan, ehungintza merkataritzan, eraikuntzan eta gizarte ekintzan.

Apirila bitarte, EAEn eragina duten 106 itun berri sinatu edo eguneratu dira, eta 60.611 langileren baldintzak ezarri dituzte. Itunen %32k eta eragindako langileen ia %40k estatuko hitzarmenen araberako baldintzak dituzte, aurten sinatu direnak aintzat hartuta. EAEn sinatu diren itunek, batez beste, soldata %2,27 igoko dute. Estatukoetan, %1,81 da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.