garbine ubeda goikoetxea
BIRA

FIFA

2015eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Etika Batzordeko errietak eta zigorrak ez baitira egunero ere hartzen, aztoramendu apur bat imajinatuko geniokeen Nazioarteko Futbol Federazioko presidente ohiari, Joseph Blatter jaunari, jendaurrera agertuta. Guztiz estrategikoa eta bere defentsaren aldekoa izango balitz ere, apaltasun keinuren bat espero zitekeen bere azalpenetan, makurtze minimo bat, bere ibilera balantzatsuarekin eta eskuin masailean daraman tiritarekin bat letorkeen jarrera errukarriagoa, min hartu izanaren seinalea.

Bai eta zera ere. Halakoaren ordez, futbol munduari sobera ezaguna zaion aldartea azaldu zuen astelehenean, bere betiko piura, Neron enperadorearena —edo Pedro Gómez de la Serna PPko diputatu berrautatu ustelarena—, harrokeriaz eta borroka odoltsurako kemenaz gainezka: utikan 1,8 milioi euroren gaineko azalpenak, eta utikan kontu eskeak; madarikatuak zortzi urteko debekua ezarri nahi didaten morroiak eta nire jarduna ezbaian jartzera ausartzen diren malapartatuak; eta baboak haiei txaloka altxatu diren inozente kuadrillak.

Larrazken hondarreko hego haizea bezala dabil FIFAko presidente ohia, Joseph Blatter jauna, harroputz eta antinatural, komeni zaion tokian sutea pizteko pronto. Hartutako dirutzak itzuli ez eta lan ederrak emango ditu oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.