garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Dengea

2016ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Dengeak ere badu txertoa. Sanofi-Pasteur laborategi frantsesarena izan da balentria, eta horretan buru-belarri eman dituzten urteak kontuan hartuta, 25 saiakera kliniko, 15 herrialdetako 40.000 bolondres, batek daki zenbat sagu nahiz tximu, espresuki eraikitako fabrika bat eta bertan diharduten 500 langile behar izan omen dituzte guztira, urtean milaka milioi euroko diru-iturria izango denaz jabetzen hasteko. Orain gutxi arte zona urrun bateko gaitz endemikoa zena amesgaizto bihurtu baitzaio munduaren erdiari.

Gaur Mexikok, Brasilek eta Filipinek zabaldu diote atea Dengvaxiari. Bihar beste 20 lurraldetan egingo du bidea, eta aurki bazterrik bazter hedatuko da, enpresa fabrikatzaileak baliatzen dituen argudioak ez baitira gobernuek arinki hartzen dituztenetakoak. Izan ere, zer da ba, dengea, gogor astintzen duenean. Epidemia? Heriotzaren izua? Oinazea? Suntsiketa? Laborategiak berak ordaindutako unibertsitate ikerketak bestela azaltzen du: ospitaleetan kolapsoa, lantokietan absentismoa, produkzioan etena, turismoaren gainbehera, eta azkenean, alimaleko dirutzaren galera.

Eta zer da, ba, txertoa. Aurrerabidea? Sendagaia? Itxaropena? Ororen gainetik, mundializazioa lagun izan duen garaipen industriala. Txin-txin, txin-txin, diruaren hotsa…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.