garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Ogroa

2016ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Ilunpeko munstroa iratzarri egin da. Lozorrotik atera da bat-batean, eta goseak amorratuta, aurrean jartzen zaion guztia jaten hasi da, atzaparka, irentsi eta irentsi, bazka amaigabean, aspaldiko partez. Inork behar bezala ikusteko aukerarik izan ez duen arren, eta beraz, aho-atzaparrak nolakoak dituen esaterik ez badago ere, munstroa alimalekoa dela ziur da honez gero. Ezerk ezin baitio ihes egin. Eskura jarriz gero, akabo, bere korroskada ugarien indarrak salatzen duenez. Txundituta dauzka bazterrak, seko izututa, hari planto egingo dionik ez baita artean sortu...

Ipuin klasikoren bat kontatzen ari naizelakoan? Bai eta zera ere. Tentsioa areagotzeko ebaki/itsatsi formula ezaguna baliatu dudala aitortu arren, puntako astrofisikariak dira hitzon jabeak, eta deskubritu berri duten fenomeno harrigarriaz ari dira: gure galaxiaren muinean dagoen zulo beltzak —munstroak— inguruko materia oro xurgatzeari ekin dio, X izpien flashek —alegia, korroskadek— adierazten dutenez. Ez dakite zergatik. Ezta noiz aseko den ere. Edo noraino helduko den, ustekabean hasi dela besterik.

Bizitza kasualitate hutsa dela frogatzeaz gainera, gure adimenaren neurria ilustratu digute konturatu gabe: hiru urteko haur ikaratiak gara unibertsoko misterioen aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.