155. artikuluaren ondorioak ametitu, eta aska dezatela eskatu du Junquerasek ere

Espainiako Fiskaltza Nagusia ez dago prest prozesuaren aurkako kausa judizial guztien kontrola Auzitegi Gorenaren esku uzteko

Igor Susaeta.
2017ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Generalitateko kontseilariak ez daude ados Espainiako Estatuak Katalunian konstituzioaren 155. artikulua aplikatzearekin, baina ametitu dute ezarrita dagoela, horrek abenduaren 21eko bozak ekarriko dituela, eta, hortaz, aska ditzatela eskatu diote Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileari. Hori eskatu zioten Jordi Turull eta Josep Rull kontseilariek herenegun, eta Oriol Junqueras presidenteordeak eta beste bost kontseilariek gauza bera egin zuten atzo. Azaroaren 2an kartzelatu zituen Lamelak, matxinada, sedizioa eta diru publikoaren erabilera okerra egotzita. Apelazio helegitean argudiatu dute, besteak beste, Kataluniako Gobernuak ez duela inolako ekinbiderik gauzatu estatuak 155.a onartu zuenetik.

Bitartean, prozesuaren aurkako kausa judizialak bateratzeko pausoa eman zuen Auzitegi Gorenak lehengo astean. Dena den, zenbait komunikabidek iturri judizialak aipatuz atzo kaleratutakoaren arabera, Espainiako Fiskaltza Nagusiak hori saihestu nahi du, oraingoz behintzat.

Oraingoz espetxean jarraitzen dutenak presidenteordea eta Raul Romeva, Dolors Bassa, Carles Mundo, Turull, Rull, Meritxell Borras eta Joaquin Forn kontseilariak dira. Aurkeztu zituzten erreforma helegiteak haien askatasuna aldarrikatuz, baina Lamelak atzera bota zituen duela bi aste. Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANC Biltzar Nazional Katalaneko eta Omnium Culturaleko presidenteen abokatuek bi helegiteak aurkeztu dituzte, baina, Lamelak biak baliogabetu dituenez, espetxean segitzen dute.

Efe berri agentziak zabaldu zuen, atzo, Junquerasen abokatuak Lamelari helarazitakoa. Horretan dio, besteak beste, ez dagoela «balizko jokalekurik» zeinean «ikerketapean daudenek errepika ditzaketen ekintzak». Lamelak ez ditu onartu Sanchezen eta Cuixarten helegiteak, argudiatuz ihes egin dezaketela. Horri dagokionez, Junquerasen defentsak dio joan den azaroaren 2an deklaratzera jo zutela, «nahiz eta atxilotuak eta kartzelatuak izateko arrisku handia eduki».

Diru publikoaren erabilera okerraren delituari erreparatuta, defentsak dio ez dagoela jasoa «inolako gasturik, ustez erreferenduma garatzeko apartatutako dirutik». Matxinadarik ez zen egon, abokatuaren iritziz, biolentziarik ez zelako egon, eta fiskaltzak kereilan aipatutako ekintzak ez doazelako «Katalunian azken urteotan gertatutakoaren interpretazio bakanetik harago». Nabarmendu du, gainera, egozten zaizkien delituak ez daudela Auzitegi Nazionalaren eskumenen artean.

Delitu berak egotzi zizkieten Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kideei, eta Gorenak du kausaren kontrola. Oraingoz aske daude. Forudunak direlako epaitu zituen epaitegi horrek; Junqueras-eta, ordea, ez dira forudunak, ordurako jada, teknikoki behintzat, kontseilari ohi zirelako. Bozen ondoren parlamentari bihurtuz gero —denak dira hautagai—, forudun lirateke. Fiskaltzaren esanetan, orduan epaitu ahal izango lituzke Gorenak.

Kontseilari batzuk preso daude, eta besteak, Bruselan. Horien familiek kontu korronte bat ireki dute diru ekarpenak biltzeko. Bidaia gastuak ordaintzeko litzateke diru hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.