garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Hautaproba

2015eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Todai-ri ez zitzaion arnasa eteteko moduko korapilorik egin sabelean, ez zen kakalarriak emanda gaitzitu eta zuen galdera aldrebesaren aurrean ia ezaguera galdu arte madarikatu, unibertsitatera sartzeko azterketa egitea egokitu zitzaionean, Japonian. Beharbada horixe izan zuen arrakastaren gakoa, batez bestekotik gorako puntuazioa lortu izanaren zergatia. Hain zuzen, beldurrik eta estresik eza, bizidunari hain berezkoak zaizkion sentipen aztoratzaile eta sarri askotan traidore horien falta. Todai ez baita zalantzaz jositako gizaki heldugabea, ezta mundua mokadu bakarrean irentsiko lukeen gazte prestuetariko bat ere, adimen artifizialeko programa bat baizik..

Ez dakigu zertan asmatu zuen robotak erdiz erdi, oro har matematiketan nahiz geografia eta historian bikain aritu zela besterik. Ezin jakin, halaber, zer-nolako hauta-probak nagusitzen ote diren Japoniako Selektibitate edo Baxoan. Bereziki memoria neurtzekoak ote diren ala logikari edo senari ematen ote dioten balioa. Lehen ildoa baldin bada nagusi, buruz ikasteak alimaleko garrantzia duela nabarmendu beharko genuke, eta ondorioz, unibertsitatean ikasle robotak edo robot ikasleak hobesten direla. Aldiz, ildo nagusia bigarrena baldin bada, egun gorri dugu humanook. Etorkizun latza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.