garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Etena

2015eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Bakanen artean bakana omen da Miguel Parrondo galiziarraren zoria. Abiadura handiegiaren erruz, autoaren kontrola galdu eta erreformatorio baten pareta jo omen zuen 1987an, 32 urte zituela. Harekin zihoazen bi lagunetako bat zerraldo gelditu zen bertan. Bera, berriz, konortea galduta, koma egoeran. Denbora luzea eman zuen ospitaleko oheari lotuta, linbo zentzugabe horretan, harik eta hamabost urteren ostean —jada hirugarren milurteko honetan—, milioi bat lagunetik bati egokitutako loteria nola, bat-batean esnatu eta berriro mundura itzuli zen arte.

Ospitalea utzi zuenean, kondena latza bete duen presoa zirudien, harri eta zur, bizimoduaren transformazio alimalekoak kikilduta: dibisa aldaketa, autoaren nagusitzea, urbanizazio berriak nonahi, jendearen presak, telekomunikazioen inbasioa, informatikaren iraultza, geopolitikaren dantza… Denei ere eroak eman ziela uste izan zuen. Baina ohitu egin zen. Apurka-apurka, egokitu, gizartera birmoldatu. Beharko.

Gaur, bigarrenez jaio zenetik hamarkada joan denean, inor gutxik antzemango lioke desfasea. Ezaugarri batek salatzen du, ordea, haren bizitzari gertatutako etena: bere aurpegi leunak, hamabost urte horietan egin zitzakeen irribarre, algara nahiz keinuek utziko zizkioketen zimurren faltak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.