Munduko milioika autoen ihes-tutuak albora utzita, eskala handiko poluzioa esan, eta industria astuna etortzen da gogora errazen, labe garaiak eta fabrikak, tximiniak eta hustubideak. Inor gutxik lotuko lioke zinema estu eta larri gauzkan atakari, eta nekez jarriko genuke jomugan, kasura, Hollywoodeko produkzioa, gure asperdura apaltzea bezalako misio zerutiarra erori zaionez. Alabaina, Kaliforniako bigarren sektore kutsatzaileena da hura, petrolio negozioaren hurrengoa.
Argindarra barra-barra behar izatea, estudioetatik kanpo errodatzen dutenean natura hondatzea, berehala pikutara botako diren dekoratuak egur-burdinez eraikitzea eta antzeko okerrak leporatu beharko litzaizkieke urtean sortzen dituzten 6.200 filmetatik gehienei. Eta adibide zehatzagoa nahi izanez gero, horra 007 agenteak azken filmean ondu duen marka: helikopteroak, hegazkinak, 30 milioi euroko balioa luketen auto mordoa —tartean, jakina, espresuki fabrikatutako zazpi Aston Martin— txikituta, txatar bihurtuta; halaber, 8.418 litro keroseno eta 33 kilo lehergailu su emanda, zinemaren historiak ezagutu duen leherketarik handiena eragiteko, edo bestela esanda, zazpi segundo eskaseko emozio faltsua.
Bada, beraz, gure amets fabrikei ere ekolo-labela eskatzen hasteko garaia.
BIRA
Kutsadura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu