garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Bukaera

2016ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Azken hatsa bota baino lehen ezer adieraztea egokituko balitz, zer esango zenuke? Zeintzuk lirateke zure azken hitzak? Galderari zintzoki erantzun nahian harrapatu berri dut neure burua, ziurrenik, gaiaren gaineko artikulu batekin tupust egin nuelako duela gutxi, eta sarrerako paragrafotik behera zetorren mamirik irakurri nahi izan ez nuen arren —presoen exekuzio aurreko uneaz ziharduen eta hozkia eman zidan—, dantzan bainerabilkien, gelditu gabe.

Hitzak hitz, senak esaten dit damua dela nagusituko litzatekeen sentipena, eta errukiz zipriztindutako amorruak ere aski gainetik joko lukeela ataka horretan. Batik bat, bizitzan bete ez diren helburuengatik, izan nahi baina izatera heldu ez izanagatik. Gaur eta hemen, eta ariketa gisan hausnartuta, iruditzen zait gehienon pentsamendu nagusia aski urrun geldituko litzatekeela errealki hiltzera kondenatutako preso horien gogotik, berorien azken esaldiak oro har maitasuna eta esker ona nabarmentzera datozela egia baldin bada behintzat.

Ilunkeria honetan luzatu gabe, uste dut horixe bera dela tormenturik latzena, eta ez heriotza bera, gorputza naturalki akitu aurretik joan behar duenarentzat: bukaerako minutuak aldez aurretik imajinatu eta halabeharrez positibatu beharra, datorrenaren beldurrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.