Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Isilpean agertu da Degenkolb

Giant-Shimanoko esprinterrak irabazi du Vueltako laugarren etapa, gainerakoen lana bukatuta

Isilpean agertu da Degenkolb.
2014ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Zaratarik egin gabe, tropela azken momentuan atzean utzita irabazi zuen atzo John Degenkolbek (Giant) Espainiako Vueltako laugarren etapa. Sky, Tinkoff, Katuxa eta Orica saiatu ziren lasterketa lotuta eramaten, baina Giant-Shimanoko txirrindulariak potentzia erakustaldia eman zuen azken unean, taldeak ordura arte etapa irabazteko aparteko ahaleginik egin ez bazuen ere.

Hasi eta gutxira sortu zen ihesaldia, eta Javier Aramendia (Caja Rural), Gert Joeaar (Cofidis), Sebastien Turgot (Ag2r) eta Jimmy Engoulventek (Europcar) lau minuturen aldea ere atera zioten tropelari. Baina bistan zen ez zela ihesaldian sartzeko egunik aproposena, tropelak ez baitzien uzten lau minutu horietatik pasatzen. Lau txirrindulariek 105 kilometro egin zituzten ihesaldian. San Jeronimo hirugarren mailako mendatea igotzen ari zirela harrapatu zituen tropelak.

Amets Txurrukak (Caja Rural) hartu zien orduan erreleboa. Bizkaitarra, Engoulventekin batera, tropelaren oreka hausten saiatu zen aldapa gora. Mendateko puntuak hartu zituen bizkaitarrak, beste egun batez Lluis Mas taldekideari mendiko maillota mantentzen lagunduz. Mendatea igo eta jaitsi; horretarako astia izan zuten ihesaldian sartutako bi txirrindulariek tropelak harrapatu aurretik. Atzean lanerako zeuden, eta, Catorce Porciento bigarren mailako mendatera iritsitakoan, mugimenduak egon ziren. Alejandro Valverdek (Movistar) erasoa jo zuen mendatean gora, Romain Sicard (Europcar), Adam Yates (Orica) eta Winner Anacona (Lampre) lagun. Eraso gogorra izan zitekeela zirudien hasieran, baina, gailurrera iritsita, ihesaldiak soilik hogei segundoren tartea zuen tropelarekin. Bederatzi kilometroren faltan egin zuten bat.

Esprint itxura du gaurkoak

Gutxi izan ziren espezialistak izan ez eta Catorce Porciento azken mendatean gora aurrekoen erritmoari eutsi ziotenak; tartean, Degenkolb bera. Inguruan txirrindulari azkarrik gabe, alemaniarrak aise irabazi zuen esprinta, indar erakustaldia emanez.

Prieto de Cordoba eta Ronda lotuko ditu gaurko etapak, 180 kilometrokoak. Hirugarren mailako mendate bakarrarekin, ondo bidean esprinta izango da etapa amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.