Lehen bidaia, Bukarestera

Athleticek Dinamo Bukaresten aurka jokatuko du Europa Ligako lehen kanporaketa aurrekoa

Dinamo Bukaresteko jokalariak, Steauari sartutako gol bat ospatzen, aurreko denboraldian. ROBERT GHEMENT / EFE.
ainara arratibel gascon
2017ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Athleticek Dinamo Bukarest izango du aurkari Europa Ligako multzoko faserako sailkatzeko lehen kanporaketa aurrekoan. Jose Angel Ziganda Kuko-k zuzentzen duen taldeak Bukaresten jokatuko du joaneko partida, hilaren 27an; itzulikoa, berriz, San Mamesen, abuztuaren 3an. Egokitu ahal zitzaizkion taldeen artean gogorrena da. Baina Athletic faborito argia da. Kanporaketa gaindituz gero, beste bat jokatu beharko du, multzoko fasean egoteko.

Errumaniako taldeak gaur hasiko du Liga, Juventus Bukaresten zelaian. Etxeko lehen partida, berriz, astebete barru jokatuko du, Botosoniren aurka. Denboraldi-aurrean zazpi partida jokatu ditu, eta ez da fin ibili. Izan ere, zazpi norgehiagoka horietatik lau galdu egin ditu, eta hiru irabazi. Athleticek baino hiru aste gehiago daramatza lanean, eta lehiatzeko erritmo handiagorekin ailegatuko da kanporaketara, Horixe izan daiteke talde zuri-gorriak Dinamo Bukarest mendean hartzeko izan dezakeen zailtasunik handiena. «Bagenekien ia ziur gu baino lehiaketa erritmo handiagoa izango zuen talde bat egokituko zitzaigula. Itxaropentsu eta baikor gaude, eta ahalik eta ondoena prestatuko dugu kanporaketa», adierazi zuen Zigandak.

Garai batean, harrobiko jokalariekin jokatu ohi zuen, baina hori aldatu egin da. Hamar herrialde diferentetako jokalariak ditu. Sasoi honetarako fitxatu dituenen artean, ondorengoak nabarmendu behar dira: Juan Angel Albin (Veracruz), Diogo Salomao (Mallorca) eta Georgio Ktiskas (Esberj).

Cosmin Contra Alaveseko jokalari ohia da Dinamo Bukaresteko entrenatzailea, eta Adrian Mutu Interreko, Chelseako eta Juventuseko futbolari izandakoa zuzendari nagusia. Contrak onartu zuen talde gaztea dutela, eta Athletic dela faborito. Baina lehiatzeko prest dira. «Gure joko maila erakusten badugu, edozein talderi irabaz diezaiokegu. Kanporaketa gainditzeko, sufritu egin beharko dute».

Dinamo etxean da, batez ere, talde indartsua, hango zaleek presio handia egiten baitute. Jardunaldiro-jardunaldiro betetzen dute Dinamo Stadioul zelaia (15.032 eserleku ditu). Baina zale gehiagorentzako lekua izan dadin, Europako norgehiagokak ez ditu han jokatzen, baizik eta National Arenan. 55.611 zalerentzako lekua dago han. Athleticekojokalari eta zaleei oroitzapen ahaztezin bezain mikatzak ekarriko dizkie zelaia horrek. Izan ere, han galdu zuen Europa Ligako finala Atletico Madrilen aurka: 3-0. Oroitzapen txar hori kendu nahiko dute, beraz, Zigandaren jokalariek.

Aukera, behintzat, badute horretarako. Izan ere, lerroz lerro aztertuta, Athleticek maila hobeagoko jokalariak ditu. Dinamo Bukarest ez da garai bateko taldea. Urteetan Errumaniako talderik indartsuena izan zen, Steaua Bukarestekin batera. Bien arteko derbiak gogorrak dira.

Tituluei erreparatuta, hemezortzi Liga eta hamahiru Kopa ditu irabazita Contraren taldeak. Baina hamar urte daramatza Liga irabazi gabe. Ia urtero jokatu ohi du Europan. Lorpenik handiena 1983an erdietsi zuen. Europako Kopan —egungo Txapeldunen Liga—, finalerdietara ailegatu zen. Baina Liverpoolek kanporatu zuen. Europako Kopa Liverpoolek irabazi zuen urte hartan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.