Albistea entzun

ATHLETIC 2. LEVANTE 1

Aulkian zegoen gakoa

Levante irabazten hasi arren, Mikel Ricok eta Aritz Adurizek irauli dute partida bigarren zatian
Mikel Rico eta Aritz Aduriz, atzo Athleticen bigarren gola ospatzen.
Mikel Rico eta Aritz Aduriz, atzo Athleticen bigarren gola ospatzen. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Lander Iruin -

2013ko azaroak 10

Golak: 0-1: Barralek (33. min.); 1-1: Ricok (71. min.); 2-1: Adurizek (83. min.). Epailea: Fdez Borbalan. Txartel gorria: Athleticeko Adurizi (92. min.). Txartel horia: Athleticeko Laporte, Beñat eta De Marcosi; eta Levanteko P. Lopez, Ivantchitz, H. Rodas, Diop eta Nongi. Bestelakoak: 36.000 ikusle inguru San Mamesen.

Partida maldan gora dagoenean, soluzioak bilatzen ditu entrenatzaile batek. Arazoari irtenbidea emango dion neurriak hartzea izaten da bere erronka. Neurriak hartu eta asmatzea. Horixe gertatu zitzaion atzo Ernesto Valverderi. Athletic 0-1eko markagailuarekin joan zen aldageletara, baina bilbotarrek beste itxura bat eman zuten bigarren zatian. Valverdek Mikel Rico eta Aduriz sartu zituen zelaian, eta taldeak lehen zatian eduki ez zuen freskotasuna berreskuratu zuen. Atzoko garaipenari esker, Athletic bosgarren da sailkapenean, hamahiru jardunaldi jokatu eta gero.

Lehenengo 45 minutuek gorabehera handiak izan zituzten. Athletic indartsu atera zen zelaira; gola nahi zuen lehen minutuetan. Nahiz eta joko aldetik ez zen izan dizdira handirik, Athleticeko jokalariak askotan gerturatu ziren Keylor Navasen areara. Batez ere, ezker hegaletik. Ibai Gomezen erdiraketek arriskuan jarri zuten Levanteren atzeko lerroa. Horrela etorri zen lehen aukera, 3. minutuan, Ibairen jaurtiketa batekin.

Joaquin Caparrosen taldea, ordea, eroso zegoen zelaian. Defentsaren eta Diop eta Simaoren artean apenas zegoen tarterik, eta Athleticek ez zuen zirrikiturik aurkitzen. Baloia alde batera eta bestera mugitzen zuten Beñatek eta Iturraspek, baina sakontasuna falta zuen taldeak. Guillermoren lehen jokaldiak esnatu zituen zaleak. Iturraspek bere lasterketa ikusi eta lehenengoan sartu zion sakonean baloia. Lezamako harribitxiak hamahiru minutu bakarrik behar izan zituen lehen txaloak entzuteko.

Athleticen baliabide nagusia Ibai zen. Izan ere, beste aldean, Juanfranek neurria hartu zion Susaetari; azken horren eta Iraolaren arteko konexioa falta izan zuen taldeak lehen zatian. Levanteren gola Athletic unerik onenean zegoenean etorri zen. Xumetrak primeran hartu zion aurre eskuin hegaletik De Marcosi, eta Barralek bi jaurtiketa behar izan zituen Iraizozi gola sartzeko. 33. minutua zen, eta hortik aurrera Athletic txiki egin zen. Valverdek, ordea, partidaren noranzkoa aldatuko zuen erabakia hartu zuen atsedenaldian.

Aldaketekin, hobeto

Haize freskoa ekarri zuten Mikel Ricok eta Adurizek. Athleticek sakontasuna irabazi zuen erdilariaren zelairatzearekin, eta erraztasun handiagoarekin iritsi zen Keylorren ate ingurura. Ricok berak egin zuen lehen jaurtiketa 48. minutuan area kanpotik.

Nabari zen Athleticen itxura aldaketa, eta hurrengo abisua Adurizek eman zuen buruz, 60.ean. Golaren aurrekaria izan zen. Hamar minutu geroago, Mikel Ricok banakoa sartu baitzuen, baloia zetorkion bezala astinduta. Lehen zatian ez bezala, Athleticek zuloa aurkitu zuen eskuin hegalean. Levante ezinean aritu zen bigarren zati ia osoan zehar, eta azken ordu laurdenean Athleticek estu hartu zuen. Estualdiaren seinale, Ibaik sarturiko gola izan zen. Hori bai, marrazainak legez kanpo utzi zuen jokaldia, bilbotarra jokoz kanpo baitzegoen. Azkenean, Adurizen burukada bikainari esker, puntuak etxean geratu ziren.

San Mamesek porrotik ezagutu gabe jarraitzen du denboraldi honetan, eta atzoko garaipena primeran datorkie jokalarie hurrengo asteko atsedenaldia dela eta. Hurrengo jardunaldian, Athleticek Malagaren aurka jokatuko du etxetik kanpo.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Frantziako eta Irlandako selekzioetako jokalariak, lehian, iaz bi taldeek Parisen jokatutako partidan. ©MOHAMMED BADRA / EFE

Biren arteko lehia

Iñaki Berastegi

Gaur hasiko da Sei Nazioen Torneoa, eta Frantzia eta Irlanda dira hura irabazteko faboritoak. Irailean Frantzian jokatuko den Munduko Txapelketari begira daude selekzioak
 ©Jagoba Manterola-Julio Muñoz / foku-efe

Esku onetan egotearen patxada

Eñaut Agirrebengoa

Berme osoko bi atezain ditu Osasunak: Aitor Fernandez eta Sergio Herrera. Bata finko bihurtu da ligan, eta bestea ikusgarri dabil Kopan. Haien arteko lehia «taldearentzat mesede» dela dio Asier Riesgok

Osasunak arretari eutsi nahi dio, eta Espanyoli etxetik kanpo irabazi

E. Agirrebengoa

Kopaz ahaztu eta ligan bide onera itzultzen saiatuko dira gaur nafarrak. Aimar ez dago jokatzeko moduan, ezta Vidal eta Peña ere
 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Oso garai politean bizi naiz orain; gozatzen ari naiz»

Julen Etxeberria

Hirugarrenez jarraian ordezkatuko du Mariezkurrena, eta hirugarrenez irabazi nahi du Peñarekin. Haren ustez, enpresari erakutsi dio «kontuan hartu» behar dutela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...