Zeharkaldia letren basoan

Gutun Zuria literatur jaialdiak natura izango du ardatz aurten, Bilbon, apirilaren 23tik 29ra

Gutun Zuria jaialdiaren antolatzaileak, atzo, Bilboko Azkuna zentroan egindako aurkezpen ekitaldian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Literatura guztia kenduz gero, liburutegi bat ez da, funtsean, beste baso mota bat besterik. Horregatik, natura hartu dute gaitzat aurtengo Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdian. 11. edizioa du aurtengoa, eta galdera bat izango du lelotzat: «Naturara itzultzea Utopia literarioa ote?». Iaz bete ziren bi mende Henry David Thoreau zientzialari, idazle eta naturazale ezaguna jaio zela, eta antolatzaileek urteurren horren aitzakian ardaztu dute programa. «Beste bizitza mota bati buruz gogoeta egiteko gonbidapena izango da jaialdia», laburbildu du Maria Luisa Blancok, jaialdiaren zuzendariak. Eta idazle zerrenda luze bat jarriko dute zeregin horretan, apirilaren 23tik 29rako astean. Besteak beste, Manuel Rivas, Maja Lunde, Lars Mytting, Bernardo Atxaga, Hasier Larretxea eta Cesar Aira idazleak daude gonbidatuen artean.

Thoreauk 1854an argitaratu zuen Walden liburua, eta oraindik ere mugarria da. «Hippyen Biblia izan zen», egin du broma Blancok lehenik, baina harribitxi bat dela ere onartu du. Milaka irakurle erakartzen ditu oraindik testuan defendatzen den naturarekin bat eginda bizitzeko aldarriak. Eta, horregatik, oihartzun bizia dute liburuko lehen esaldiek ere: «Ondoren datozen orriak idatzi nituenean, edo haien parte handi bat idatzi nuenean behintzat, bakarrik bizi nintzen, basoan, bizilagunik gertuenarengandik milia batera, nik neuk eraikitako etxe batean, Walden aintziraren ertzean, Concorden, Massachusetts, eta neure eskuz egindako lanarekin soilik egiten nuen bizimodua. Bi urte eta bi hilabete egin nituen han. Orain, maizter nabil berriz ere bizitza zibilizatuan».

Eta, egilearen jaiotzaren bigarren mendeurrena iaz izan zen arren, esan liteke Thoreauk deskribatutako aintzira horren inguruan osatu dutela aurtengo Gutun Zuriaren programa.

Hamargarren edizioaren ostean, jaialdia «berriz pentsatzeko beharra» ikusi zuten antolatzaileek. Pozik ziren jasotako emaitzekin, eta pozik, batez ere, etorritako jendearekin ere, baina adarrak zabalago hedatu beharrean deskribatu du, halere, Lourdes Fernandezek, Azkuna Zentroko zuzendariak. Eta horregatik naturaren gaia, azaldu duenez, horrek aukera eman baitie, idazleez gain, zientzialariak eta pentsalariak ere gonbidatzeko. Eta, hain zuzen ere, horregatik gonbidatu dituzte Eudald Carbonell eta Stefano Mancuso. Carbonell Atapuercako indusketa gunea topatu zuen zientzialarietako bat da; Marcuso landareen neurobiologian aditua da.Eta apirilaren 24an biak arituko dira hizketan Manuel Rivas idazle galiziarrarekin, zeinak ibilbide literario eta ekologista ezaguna duen.

Jon Maia bertsolari eta gidoigilearen Ele ikuskizunak Lauaxetaren eta Lorcaren figurak uztartzen ditu, eta horrek abiatuko du jaialdia apirilaren 23an; gainerakoan, jaialdian solasaldiak izango dira nagusi .

Esaterako, Maja Lunde eta Lars Mytting idazle norvegiarrak elkarrekin arituko dira 25ean. Bernardo Atxaga eta Hasier Larretxea batera arituko dira 26an, eta Karmele Jaiok gidatuko du saioa. Ixiar Rozas idazlea eta Maider Lopez artista 27an elkartuko dituzte. Terry Tempest Williams idazle eta aktibistak 28an izango du txanda, eta, egun berean, mendiaz eta literaturaz arituko dira lehenago Aingeru Epaltza eta Juanra Madariaga idazle eta mendizaleak.

Literatur altxorrak

Azkenik, Cesar Aira idazle argentinarrak itxiko du egitaraua 29an, eta jaialdiaren zuzendariak idazle horren kalitatea nabarmendu du: «Halako jendea zuzenean ikusi ahal izatea da halako literatur jaialdiek duten altxorra».

Literatur ekitaldiez eta idazleen arteko solasaldiez gainera, egitarau paralelo sorta bat ere antolatu dute Azkuna Zentroan, jaialdiak iraun bitarterako. Erakusketak izango dira , zinema zikloak, dantza ikuskizunak, tailerrak, eta baita Spoken Word izeneko literatura diziplinari eskainitako egun bat ere. Apirilaren 27an izango da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.